Osasuna
EA Sports Liga
EITB Media
Gorritxoek 1-1 berdindu dute Kanaria Handiko taldearen aurka jokatutako EA Sports Ligako 26. jardunaldiko norgehiagoka. Unai Garciak sartu du Osasunaren gola, eta Kirianek egin du Las Palmasena.
Las Palmas-Osasuna partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE
Osasunak berdindu egin du Las Palmasen aurka, 1-1, igande honetan, otsailaren 25ean, Kanaria Handian jokatutako EA Sports Ligako 26. jardunaldiko partida. Hala, bada, gorritxoek hiru neurketa jarraian daramatzate galdu gabe.
Las Palmasek eduki du gola sartzeko lehen abagunea, baina Marc Cardonak ez du asmatu gorritxoen ate aurrean. Gero, zazpigarren minutuan, talde kanariarrak penaltia eskatu du, ustez Herrera atezainak Marvini area barruan egindako falta batengatik; epaileak VAR sistema kontsultatu du, eta ez dela penaltirik egon erabaki du.
Osasunaren erantzuna 18. minutuan heldu da: Raul Garcia de Harok, ordea, ezin izan du Aresoren pase ona errematatu. Ordutik aurrera bi taldeetako batek ere ez du gol aukerarik sortu, eta neurketa golik gabe berdinduta heldu da atsedenaldira (0-0).
Aldageletatik pasatzea ondo etorri zaio Osasunari, bigarren zatiari bikain ekin baitio. Gorritxoek gola sartu dute 48. minutuan: Unai Garciak jarri du 0-1ekoa markagailuan, Mojicak erdiratutako baloia boleaz jo eta Valles atezaina gaindituta.
Pozak, ordea, ez dio asko iraun Osasunari, gola sartu eta hiru minutu beranduago Kirianek banakoa egin baitu (1-1): Las Palmaseko kapitainak boleaz egindako errematea ezin izan du gelditu Herrerak.
Jagoba Arrasatek zuzendutako taldeak ondo erantzun dio jasotako golari, eta Unai Garciak gertu izan du bigarren gola 61. minutuan, baina haren bolea kanpora joan da oraingoan.
Zoramenaren ondoren iritsi da barealdia. Unai Garciaren abagunearen ostean bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukera argirik eduki, eta norgehiagoka berdinduta amaitu da (1-1).
Fitxa teknikoa:
1. Las Palmas: Alvaro Valles; Alex Suarez (Benito, 89. min), Saul Coco, Mika Marmol, Sergi Cardona; Javi Muñoz, Kirian, Loiodice (Campaña, 77. min); Marvin Park (Julian Araujo, 77. min), Marc Cardona (Sandro, 65. min) eta Moleiro (Munir, 65. min).
1. Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Arguibide, 74. min), Unai Garcia, Catena, Herrando, Mojica; Aimar, Moncayola (Iker Muñoz, 63. min), Moi Gomez (Ibañez, 74. min); Raul Garcia (Ruben Garcia, 63. min) eta Budimir (Kike Barja, 91. min).
Golak: 0-1, 48. min: Unai García. 1-1, 51. min: Kirian.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horiak etera dizkie Alex Suarez (49. min) eta Saul Coco (93. min) Las Palmaeko jokalariei, baita Moncayola (45. min) Osasunako futbolariari ere.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa