18:09

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak irabazi egin dio Cadizi (2-0), eta bigarren garaipena jarraian bereganatu du

EITB Media

Gorritxoek Andaluziako taldea menderatu dute 2-0eko emaitzarekin, Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partidan. Budimirrek sartu ditu neurketako bi golak.

  • Osasuna - Cadiz

    Osasunako jokalariak, Budimirrek Cadizi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak 2-0 irabazi dio Cadizi, larunbat honetan, otsailaren 17an, Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partida, eta gorritxoek bigarren garaipena jarraian bereganatu dute. Horrenbestez, Jagoba Arrasatek zuzendutako taldeak 32 puntu ditu jada, eta 11. postuan dago, jaitsiera postuetatik urrun.

Hasieran, erritmo bizia izan du norgehiagokak, eta lehen abisua Cadizek eman du Faliren errematearekin (Sergio Herrera atezainak gelditu du). Ondoren, 12. minutuan, Orozek izan du Osasunarentzat gola sartzeko aukera, baina area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan da.

Gero, moteldu egin da erritmoa. Bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea; hala ere, Andaluziako taldeak izan du atsedenaldira heldu aurreko gol aukera onena; Chris Ramosek, ordea, barkatu egin du aurkariaren ate aurrean, jaurtiketa kaskarra eginda. Gainera, lehen zatiko azken jokaldian, Cadizek berriz barkatu du, Merek area txikitik egindako errematearen ostean baloia langa gainetik kanpora joan baita.

Bigarren zatiaren hastapenean, bi taldeetako bat ere ez da gai izan neurketa kontrolpean edukitzeko. Lehen 15 minutuetan, ez da gol aukerarik egon, baina Osasunak gola sartu du aurkariaren ate inguruan izan duen lehen abagunean; 63. minutuan, Budimirrek 1-0ekoa jarri du markagailuan, Ruben Garciaren erdiraketa errematatu eta Ledesma atezaina gaindituta.

Gola sartuta, kontrolpean izan du neurketa Osasunak. Gorritxoei kostatu egin zaie abaguneak sortzea, baina are gehiago aurkariari. Cadiz ezinean ibili da, eta 91. minutuan, etxeko taldeak lehia erabakita utzi du; Budimir izan da golegilea (2-0). Osasunako aurrelaria bakarrik geratu da Ledesma atezainaren aurrean, Aresoren pasea jasota, eta ez du barkatu.

Amaieran, gorritxoek poltsikoratu dituzte hiru puntuak (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Herrera; Peña (Areso, 60. min), David Garcia, Herrando, Mojica (Juan Cruz, 67. min); Moncayola, Iker Muñoz (Pablo Ibañez, 60. min), Aimar (Torro, 78. min); Ruben Garcia (Barja, 78. min), Budimir, Moi Gomez.

0 – Cadiz: Ledesma, Zaldua (Alejo, 46. min), Chust, Mere (Guardiola, 76. min), Pires; Fali; Navarro (Machis, 73. min), Alcaraz, Escalante (Samassekou, 65. min), Ramos (Maxi Gomez, 65. min); Juanmi.

Golak: Budimir, 1-0 (63. min). Budimir, 2-0 (91. min).

Epailea: Francisco Jose Hernandez Maeso. Txartel horia atera die Mojica, Oroz eta Pablo Ibañez Osasunako jokalariei, baita Zaldua eta Pires Cadiz taldeko futbolariei ere.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena