16:08

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak galdu egin du Gironaren aurka (2-4), Sadarren

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek porrota jasan dute Kataluniako taldearen kontra, 2-4ko emaitzarekin, EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partida. Osasunak buelta eman dio aurkariaren lehen golari, baina Gironak hiru gol sartu ditu bigarren zatiko azken txanpan.

  • Osasuna - Girona

    Lucas Torroren (Osasuna) eta Yangel Herreraren (Girona) arteko lehia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak galdu egin du Gironaren aurka (2-4) larunbat honetan, azaroaren 4an, Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partida. Horrenbestez, talde gorritxoak bigarren neurketa jarraian galdu du Ligan.

Gironak hobeto ekin dio neurketari, eta lehen abisua eman du zortzigarren minutuan, baina Yangel Herreraren jaurtiketa kanpora joan da. Gero, 16. minutuan, Kataluniako taldeak gola sartu du; Ivan Martinek jarri du 0-1ekoa markagailuan, Dovbyken pasea jaso ostean, Sergio Herrera atezaina gaindituta.

Ondoren, Osasuna erasokorrago jokatzen hasi da. Hala, 25. minutuan, gorritxoek markagailua parekatu dute: Gazzaniga atezainak Moi Gomezen jaurtiketa desbideratu du, baloia arean solte geratu da, eta Budimirrek ez du barkatu aurkariaren ate aurrean (1-1).

Lehen zatiaren azken txanpan, Osasunak abagune argia izan du, baina Ruben Peñaren errematea kanpora joan da, langa gainetik.

Atsedenaldiaren ostean, Jagoba Arrasatek zuzendutako mutilek bikain ekin diote bigarren zatiari. Gorritxoak erasokor zelairatu dira, eta 55. minutuan saria jaso dute, Budimirren beste gol bati esker (2-1); 30 pase izan dituen jokaldiari amaiera ezin hobea eman dio aurrelari bosniarrak.

Bigarren golak lasaitasuna eman dio Osasunari. Nafarroako taldeak norgehiagoka kontrolpean zuela zirudienean, Dovbykek binakoa markagailuratu du (2-2) 71. minutuan: ukrainarrak Miguel Gutierrezen erdiraketa errematatuta zulatu du gorritxoek babestutako atea.

Binakoa egin eta gero, nagusi izan da Girona. Hala, 80. minutuan, Tsygankovek abantaila eman dio talde bisitariari, 2-3koa sartuta. Dovbykek arean jarri du baloia, eta haren herrikideak ez du barkatu Sergio Herreraren aurrean.

Azken minutuetan, erasora jo du Osasunak berdinketaren bila, baina kostatu egin zaio gol aukera garbiak sortzea. 90. minutuan, Gironak erabakita utzi du partida, Aleix Garciak boleaz sartutako golarekin (2-4).

Azkenean, Osasuna galtzaile atera da etxean, 2-4ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Herrera, Areso, Catena, David García, Mojica; Torró (Moncayola, 89. min); Chimy Avila (Ruben Garcia, 76. min), Aimar (Raul, 83. min), Moi Gomez (Pablo Ibañez, 76. min), Peña (Barja, 83. min); Budimir.

4 – Girona: Gazzaniga: Arnau, Eric, Blind, Miguel; Couto (Tsygankov), Herrera, Aleix Garcia, Ivan Martin (Portu, 85. min), Savio: Dovbyk (Stuani, 85. min).

Golak: Iván Martín 0-1 (16. min), Budimir 1-1 (25. min), Budimir 2-1 (55. min), Dovbyk 2-2 (71. min), Tsygankov 2-3 (80. min), Aleix Garcia 2-4 (90. min).

Epailea: Munuera Montero. Txartel horia atera die Chimy Avila, Catena, Budimir eta Torro Osasunako jokalariei, baita Eric, Arnau, Stuani eta Tsygankov Girona taldeko jokalariei ere.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena