Osasuna
Erantzuna
EITB Media
UEFAko Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek egindako txostenaren berri izan ostean, Osasunak komunikatua atera zuen, eta idatzian "Espainiako Futbol Federazioaren isiltasuna" salatu zuen. Ondorioz, Federazioak erantzun egin dio Nafarroako klubari.
Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioako presidentea. Argazkia: EITB Media
Espainiako Futbol Federazioak infamiatzat eta oso larritzat jo du Osasunak ekainaren 23an argitaratutako komunikatuan adierazitakoa, Federazioa "inplikatu" nahi baitu Nafarroako kluba Konferentzia Ligatik kanpo uzteko UEFAko Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileen gomendioan. UEFAko ikuskatzaileen ustez, Osasunak ez luke 2023-2024 Konferentzia Liga jokatu behar, 2013an Ligako partida batzuetan iruzur egiteagatik.
"Infamia, errespetu falta eta ekintza oso larria da Osasunak Espainiako Futbol Federazioa afera honetan inplikatu nahi izatea. Gainera, bitxia da salaketen jatorria saihestu nahi izatea, beti ere modu zolian", adierazi du Espainiako Futbol Federazioak ekainaren 24an argitaratutako komunikatuan. Aldi berean, Federazioak gaineratu du, "oso larria" dela Osasunak talde gorritxoko zaleei sinestarazi nahi izatea Espainiako Futbol Federazioak ez duela euren kluba babestu".
Bestalde, Espainiako futboleko erakunde nagusiak azpimarratu du Osasunak Federazioa soilik akusatu duela, beste erakunde eta ordezkari batzuk baztertuta; hau da, Osasuna auzian klubari aholkuak eman eta laguntza eskaini zioten erakundeak eta ordezkariak ez ditu aipatu Osasunak komunikatuan, nahiz eta haiek klubari adierazi zioten inoiz ez zutela zigorrik jasoko.
Amaitzeko, hauxe gehitu du Espainiako Futbol Federazioak: "Federazioak auzi honetan guztian inoiz ez duela parte hartu, eta beti kluba errugabea dela defendatu duela esatea nahita saihestu du Osasunak. Horrez gain, Espainiako Futbol Federazioak ez du beste erakunde batzuek jarraitutako salaketen estrategia jarraitu, baina huraxe ere ez du Osasunak. Hala ere, Federazioan ohituta gaude halako egoeretara".
Osasuna Konferentzia Ligatik at uzteko gomendioa
UEFAk Osasunako zuzendaritzari jakinarazi zion ekainaren 23an bere ikuskatzaileek talde nafarra 2023-2024 Konferentzia Ligatik kanporatzea gomendatu dutela, 2013an partidetan iruzur egiteagatik.
Osasunak UEFAn argudiatu du kluba bera akusazio partikular gisa aurkeztu zela partiden iruzurra leporatuta, eta Apelazio Batzordean erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du, behin betiko erabakia hartu baino lehen.
Nafarroako taldeak adierazi du ez datorrela bat UEFAren irizpidearekin, eta, beraz, helegitea aurkeztuko du Apelazio Batzordean, eta iragarri du legalki borrokatuko dela, "azken ondorioetaraino, bere eskubideak defendatzeko", "zelaian modu justuan irabazi den Europako lehiaketetan parte hartzeko eskubidea" ukatzen ari zaiola iritzita.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa