23:59

Osasuna

KOPAKO FINALA

Osasuna Koparik gabe geratu da Real Madrilen aurkako finala galdu ondoren (2-1)

I. G. | EITB MEDIA

Gorritxoek Rodrygoren gol bat jaso dute partida hasi eta berehala, eta Torroren golarekin markagailua berdindu arren, brasildarra izan da berriz ere borreroa, azken 2-1ekoa sartu baitu.

  • Jon Moncayola, finala amaituta.

    Jon Moncayola, finala amaituta. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak galdu egin du larunbat honetan, maiatzaren 6an, Cartujan Real Madrilen aurka jokatu duen Errege Kopako finala. Gorritxoek Rodrygoren gol bat jaso dute partida hasi eta berehala, eta Torroren golarekin markagailua berdindu arren, brasildarra izan da berriz ere borreroa, azken 2-1ekoa sartu baitu.

Osasuna bere lehen Errege Koparen bila atera da. Horretarako, Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea Herrera, Ruben Peña, David Garcia, Aridane, Juan Cruz, Lucas Torro, Moncayola, Moi Gomez, Abde, Aimar Oroz eta Budimirrekin zelairatu da.

Bestalde, Carlo Ancelottik Courtois, Carvajal, Militao, Alaba, Kross, Camavinga, Valverde, Tchouameni, Vinicius, Rodrygo eta Benzema hasieratik jartzea erabaki du.

Partida ahalik eta modurik txarrenean hasi da gorritxoentzat. 2. minutuan, Real Madrilek zuzendutako jokaldi bat Viniciusen oinetara iritsi da ezker hegalean, eta brasildarrak jokaldi ikusgarria egin du, zenbait defentsarengandik ihes egin eta Rodrygori golaren pasea emateko. Honen jaurtiketak Juan Cruzen oinekin talka egin du, baina baloia sarera heldu da (1-0).

Hegaletatik erasora erreakzionatu du Osasunak, eta eskuinaldetik iritsi dira nafarren lehen erremateak, Budimirren eskutik. Bere burukadek ez dute nahikoa indar hartu eta Courtoisek ez du gelditzeko zailtasunik izan.

Torrok ere aukera izan du falta batean. Oraingoan buruz egindako errematea indartsua izan da, baina ez du asmatu hiru zutoinen artean eta kanpora joan da.

Real Madrilek hegaletan min egiten jarraitu du, batez ere ezkerretik, Viniciusen abiadura aprobetxatuz. Brasildarrak, baloia hartzen zuen bakoitzean, estu jartzen zituen atzelari gorritxoak.

Partidak beste norabide bat hartu du eta Osasuna nagusitzen hasi da. 22. minutuan, Budimirrek berriro izan du aukera buruz. Oraingoan ondo zuzendu du, baina kanpora ihes egin dio, eskuadratik oso gertu.

Jarraian, Real Madrilek Vinicius erabili du berriro gol aukera argia sortzeko. Brasildarrak bere herrikideari eman dio baloia, hark Benzemari hilda utz ziezaion area barruan. Barrura zihoala zirudienean, Herrerak esku salbatzaile bat atera du jaurtiketa gelditzeko.

Osasunak kontraeraso on batekin erantzun du, Abdek Militaoren despistea aprobetxatu ondoren baloia lapurtu eta Courtoisen aurrean bakarrik jartzeko. Atezaina gainditu du, baina baloia oso ahul joan da, Carvajali gola eragozteko denbora emateko adina.

Madrildarrek bigarren gola sartzeko aukera izan dute Alabaren oinetatik. Atzelariak zuzenean jaurti du falta bat potentzia ikusgarriarekin, Herrerarentzat ezinezkoa, baina, gorritxoen zorionerako, langarekin topatu da.

Partida oso zakar jarri da eta faltak protagonismoa hartzen hasi dira bi aldeetatik, lehen txartelak eragin dituen joko gogorrarekin.

Arrasateren taldea intentsitate berarekin zelairatu da bigarren zatian, aurkariari baloia lapurtu eta kontraerasora ateratzeko presioa eginez. Eragina izan du, baina Real Madril ondo defendatu da bere arean.

Vinicius eta Rodrygoren abiadurak nafarren etsairik txarrena izaten jarraitu du, eta horietatik lehena izan da madrildarren bigarren zatiko lehen jaurtiketa egin duena. Jaurtiketa gora joan da askogatik.

58. minutuan iritsi da Osasunak hainbeste bilatu duen saria. Lehenik eta behin, eskuinetik erdiratu dute, errematatzailerik aurkitu gabe; Abdek jaso du berriz erdiratzeko, baina baloiak defentsa batekin egin du talka. Eta hor baliatu da Lucas Torro aldaratzeaz baloia ateko ezkerraldera jaurtiketa baxu batekin bidaltzeko, geldiezina Courtoisentzat, neurketa berdintzeko eta Osasunako zaleak pizteko (1-1).

Golak indarrez eta ilusioz bete ditu nafarrak, eta atzera egin beharrean bigarrenaren bila abiatu dira.

Baina zori txarra areagotu egin zaie, eta aurkaria jarri da berriro aurretik. Viniciusek penalti puntuan jarri du baloia eta Osasunako defentsa ez da fin ibili hura kanporatzerakoan. Baloia Krossek jaso du, bere jaurtiketa Aridanek blokeatu du, eta aldaratzea Rodrygok jaso du, Herreraren aurrean bakarrik, gola nahi bezala sartzeko (2-1).

Osasunak ez du amore eman eta aurkariari presioa egiteko ideia berarekin jarraitu du. Arrasatek Ruben Garcia, Kike Barja eta Chimy Avila sartu ditu zelaira, erasoan freskotasuna izateko asmoz.

Partidaren erritmo frenetikoak eragina izan du jokalariengan eta nekea nabaria izan da. Aukerak sortu dituzte bi aldeetatik, baina azken metroetan asmatzea falta zen.

Minutuak aurrera zihoazen, eta Kike Garcia eta Pablo Ibañez Torroren eta Moi Gomezen ordez zelairatu dira. Hala ere, Real Madrilek izan du abantaila handitzeko aukera.

Nafarrek azken aukera bat izan dute luzapenean, baina markagailua ez da mugitu eta Osasuna hainbeste desiratutako Koparik gabe geratu da.

Fitxa teknikoa

2 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Alaba, Camavinga; Tchouameni (Rüdiger, 69. min), Kroos (Modric, 82. min), Fede Valverde; Rodrygo (Asensio, 89. min), Vinícius Junior eta Benzema.

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Ruben Peña (Ruben Garcia, 75. min), Torro (Kike Garcia, 86. min), Aimar Oroz, Moi Gomez (Pablo Ibañez, 86. min), Abde (Kike Barja, 75. min); eta Budimir (Chimy Avila, 69. min).

Golak: 1-0, 2. min: Rodrygo. 1-1, 58. min: Torro. 2-1, 70. min: Rodrygo.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Osasunako Moncayola, David Garcia, Kike Barja eta Ibañez eta Real Madrilgo Militao, Vinícius, Camavinga, Valverde eta Courtois jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena