23:12

Osasuna

Santander Liga

Osasunak denboraldian lehen aldiz berdindu du Sadarren, Celtaren aurka (0-0)

EITB MEDIA

Nafarroako taldea lehiakor ibili da, arerioa haren zelaian sartu du eta partida ona egin du. 24 partida jokatuta, Arrasateren gizonak zortzigarren postuan daude, 34 puntu lortuta, eta seigarren postua hiru puntura dute.

  • Abdek, irudian Carles Perezekin lehian bera, arriskua sortu du zenbait jokalditan. Argazkia: EFE.

    Abdek, irudian Carles Perezekin lehian bera, arriskua sortu du zenbait jokalditan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak 0-0 amaitu du Celtaren aurkako partida Sadarren astelehen gauean, Santander Ligako 24. jardunaldiko azken neurketan. Talde gorritxoa lehiakor ibili da, sendo, Celta haren zelaian sartu du eta partida ona egitea lortu du; hori bai, ezin izan du gol aukera ugari sortu Ivan Villarren ate inguruan. Denboraldiko lehen berdinketa da Osasunarentzat etxeko talde gisa, baina puntuak balio du Jagoba Arrasateren gizonak sailkapeneko zortzigarren postuan egon daitezen, 34 puntu lortuta; Vila-real seigarren dago, hau da, Europarako txartela ematen duen azken tokian, iruindarrek baino hiru puntu gehiago bilduta.

Osasuna-Celta partidako laburpena

Nafarrek ezin izan diote jarraipenik eman azken astean izandako bolada ederrari; izan ere, aurreko jardunaldian, otsailaren 26an, 2-3 nagusitu ziren Sanchez-Pizjuan zelaian, Sevillaren aurka, eta gerora, Kopako finalerdietako joanekoan, 1-0 hartu zuten mendean Athletic, Sadarren. Nolanahi ere, Osasunak beste behin erakutsi du sasoi onean iritsi dela denboraldiko tarte erabakigarrira. Ezin da esan Celtaren kontrako berdinketak ez duenik islatzen berdegunean ikusitakoa, kontuan izanik neurketa itxia izan dela minutu gehienetan, baina gorritxoek aurkakoak baino meritu gehiago egin dituzte sari handiagoa lortzeko.

Neurketako gol aukerarik argiena 88. minutuan izan du Pablo Ibañezek; burukada polita egin du, area barruan, baloia ondo gurutzatuz, baina Ivan Villarrek bere taldeari puntu bat eman dio, geldiketa bikaina eginez. Bigarren zatiko 28. minutuan, bestalde, Abdek baloia sareetara bidali du; ezker hegaletik erdiratu du Abdek, barrurantz, eta erdiraketa zuzenean joan da ate barrura, baina Chimy Avilak ez dio utzi Celtako atezainari jaurtiketa behar bezala ikusten, baloiaren bidean jarri baita, nahiz eta ez ukitu. Abdek jaurtiketa egin duenean Chimy jokoz kanpo zegoenez, epaileak baliogabetu egin du gola.

Osasunak kontrolatu du lehen zatia, maila ona emanda, eta Celta baino gehiago izan da; hori bai, gorritxoek ezin izan dute arrisku handirik sortu Ivan Villarren area barruan. Gol aukera argienak hasieran izan dira: zortzigarren minutuan, Ante Budimirrek, pase sakona jasota, ezkerrez jaurti du, eta Celtako atezainak geldiketa ona egin behar izan du; ia jarraian, Aimar Orozek buruz jo du atetik gertu, trebetasunez, aurrean geratu zaion baloia baliatuz, baina Villar ondo ibili da eta jokalari gaztearen errematea harrapatu du.

Atsedenaldira arte, Arrasateren gizonek zelai erdia kontrolatu dute, baloia azkar mugitzen saiatu dira, eta Celta atzean sartzea lortu dute. Galiziako taldea ia ez da agertu Osasunaren zelaian. Osasuna ez da oso erraz iritsi arerioaren areara, baina bazirudien nafarrek kontrolpean zutela partida.

Eztabaidarako geratu da 20. minutuan izandako jokaldia. Orduan, Unai Nuñez eta Chimy Avila arean zeudela, aurrea hartu nahirik, Celtako atzelariak besoaz ukitu omen du aurrelari gorritxoa; Sanchez Martinez epaileak, baina, ez du ezer adierazi.

Bigarren zatiko lehen minutuetan, berdintasuna izan da nagusi Sadarren; 60. minututik aurrera, berriz, partida aldatu egin da, pixka bat bada ere. Celtak abagune ona izan du aurreneko gola sartzeko, baina Gabri Veigak ezin izan du hori aprobetxatu; Carlos Carvalhalen taldea, entrenatzaile portugaldarrak sartutako aldaketa batzuei esker, erosoago aritu da, eta ematen zuen Osasunaren mailan jar zitekeela, neurketako azken txanpan. Gorritxoek, baina, ez dute amore eman, berriro ere hartu dute baloia, eta erasoaren bila ibili dira.

Horrela heldu da Pablo Ibañezen burukada argia. Iruindarra Osasunari hiru puntuak ematetik oso gertu egon da. Ivan Villarrek, ordea, gola saihestu du. Horrela, denboraldi honetako lehen berdinketa izan da Sadarren.

Hurrengo asteburuan, larunbatean, Osasunak Mestallan jokatuko du, Valentziaren aurka; Valentzia oso estu dabil, jaitsierako postuetan, eta gorritxoek gogor borrokatu beharko dute egun horretan, 21:00etan, garaipena lortu nahi badute.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Aitor Fernandez; Moncayola, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro; Chimy Avila (Kike Garcia, 76. min), Aimar (Darko, 85. min), Moi Gomez, Abde (Kike Barja, 76. min); eta Budimir (Pablo Ibañez, 67. min).

0 - Celta: Ivan Villar; Mallo, Nuñez, Aidoo; Galan; Carles Perez (Oscar, 78. min), Beltran, Veiga (Solari, 78. min), De la Torre (Cervi, 56. min); Aspas (Swedberg, 92. min) eta Larsen (Seferovic, 56. min).

Epailea: Sanchez Martinez, Cabañero Martinez eta Lopez Mir lagun zituela. Epaile murtziarrak txartel horia atera die De la Torre eta Mallo Celtako jokalariei. 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 11:50 - 12:15 ''HELMUGA'' saioa
    22 Zuzenean 12:20 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena