Osasuna
1-3
A. B. E. | EITB Media
Talde gorritxoak porrota jaso du (1-3) Sadarren jokatu duen Santander Ligako 6. jardunaldiko partidan. Osasuna galtzen hasi da, neurketa berdintzea lortu du, baina azken txanpan bi gol sartuta Betisek lortu du garipena.
Albisteak (3)
Osasunak porrota jaso du Betisen aurka (1-2) Sadarren ostegun honetan jokatu duen Santander Ligako seigarren jardunaldiko norgehiagokan. Orain, talde gorritxoa sailkapeneko 10. postuan dago, 8 punturekin.
Betis izan da baloiaren jabe lehen minutuetan, baina Osasunak eman du lehen abisua Moncayolaren jaurtiketa batekin. Ondoren, bi taldeei asko kostatu zaie abaguneak sortzea. Norgehiagokako lehen gola 21. minutuan iritsi da, eta Betisek sartu du; Ruibalek hegaletik erdiratu du, eta Kike Hermosok Herrera atezaina gainditu du (0-1), erremate bikaina eginez.
Gola jaso ostean, talde gorritxoak berdinketaren bila jo du, nahiz eta asko kostatu zaion abagune argiak sortzea. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, 39. minutuan, Kike Garciak banakoa (1-1) jarri du markagailuan; Canalesek baloia galdu du hegalean, Kike Garciak pasea eman dio Roberto Torresi, honek baloia berriz Kike Garciari, eta Osasunako aurrelariak Bravo atezaina gainditu du.
Bigarren zatiko lehen abagunea ere Osasunak izan du, baina Nacho Vidalen jaurtiketa Guardadok desbideratu du. Neurketako 53. minutuan bigarren gola sartzeko aukera bikaina izan du talde gorritxoak, baina Kike Garciaren errematea gora joan da, Ruben Garciaren erdiraketa onaren ostean. Hiru minutu geroago, Brasanacen errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Betisen erantzuna 57. minutuan iritsi da, baina Herrera atezainak saihestu du gola, Fekirren jaurtiketa desbideratuta. Osasunako atezainak beste geldiketa on bat egin du 62. minutuan, Guido Rodriguezen erremateari erantzun bikaina emanda. Osasunak abagune paregabea izan du 69. minutuan: Kike Garcia area barruan sartu da, eta aurrelari gorritxoak kanpora bidali du jaurtiketa.
Norgehiagokak erritmo bizia izan du, bi taldeek erasokor jokatu dute, baina bazirudien inor ez zela gola sartzeko gai izango. Partidako 80. minutuan, ordea, Betisek gola sartu du; Montoyak hegaletik erdiratu, eta Juanmik Herrera atezaina gainditu du erremate ona eginez (1-2). Hasieran, epaileak baliorik gabe utzi du Betisen gola, baina VAR sistema kontsultatu ostean, balekoa izan dela erabaki du.
Berdinketa bilatzen ahalegindu da Osasuna azken txanpan, baina Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak ez du abagune argirik izan. Gainera, Betisek garaipena biribildu du 93. minutuan Willian Josek sartu duen golarekin (1-3). Amaieran, porrota Osasunarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Manu Sánchez: Torró (Barbero, 85 min); Roberto Torres (Rober Ibáñez, 85 min), Moncayola (Oier, 77 min), Darko, Rubén García (Ontiveros, 73 min); eta Kike García (Chimy Ávila, 77 min).
3 - Betis: Bravo; Montoya, Kike Hermoso, Edgar, Álex Moreno; Guido, Guardado; Aitor Ruibal (Juanmi, 74 min), Fekir (Carvalho, 90 min), Canales (Joaquín, 87 min); eta Borja Iglesias (Willian José, 74 min).
Golak: 0-1, 21. min: Kike Hermoso. 1-1, 39. min: Kike Garcia. 1-2, 80. min: Juanmi. 1-3, 93. min: Willian Jose.
Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak atera dizkie David Garcia eta Darko Osasunako jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa