Osasuna
3-2
A. B. E. | EITB Media
Talde gorritxoak 3-2ko emaitzarekin irabazi dio Andaluziako taldeari Sadarren jokatu duen Ligako 36. jardunaldiko partida. Lau neurketa jarraian zeramatzan garaipena lortu gabe.
Albisteak (3)
Osasunak garaipena lortu du Cadizen aurka (3-2) astearte honetan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde gorritxoak amaiera eman dio bolada txarrari, lau partida jarraian baitzeramatzan garaipenik lortu gabe.
Hobeto ekin dio neurketari Cadizek eta oso abagune argia izan du hamargarren minutuan, baina Juan Perez atezainak gola eragotzi du 'Choco' Lozanoren erremateari erantzun bikaina emanda. Osasuna ezinean ibili da, nahiz eta Cadiz ez den gai izan gol aukera argirik sortzeko. Norgehiagokako 30. minutura arte bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko beste aukerarik sortu, eta Cadizek izan du, baina Saponjicen erremateak ez du aurkariaren atea aurkitu. Nahiko itxura kaskarra eman du Osasunak lehen 35 minutuetan, baina partidan izan duen lehen abagunean gola sartu du; Manu Sanchezek jokaldi bikaina egin du hegaletik, erdiratu, eta Budimirrek errematea sare barrura bidali du (1-0).
Gol bateko abantailarekin iritsi da Osasuna atsedenaldira, baina bigarren zatiaren hasieran (48. minutuan) Cadizek neurketa berdindu du. Epaileak penaltia adierazi du Andaluziako taldearen alde, David Garciak eskuarekin jo baitu baloia area barruan; Saponjicek banakoa jarri du markagailuan (1-1), penalti jaurtiketaren bidez Juan Perez atezaina gaindituta.
Cadizek partida berdindu ostean, parekotasuna izan da nagusi. Pixkanaka, ordea, talde gorritxoa baloiaren jabe egin da, eta aurkariaren ate ingurura arriskua eraman du. Norgehiagokako 75. minutuan, Moncayolak Jonyri eman dio baloia, asturiarrak pase bikaina eman dio Budimirri, eta bosniarrak gola sartu du (2-1).
Azken ordu laurdenean nagusi izan da Nafarroako taldea, eta nagusitasun horren ondorioz hirugarren gola sartu du; epaileak penaltia adierazi du Osasunaren alde Izak Enric Gallegoren errematea eskuarekin moztu duelako area barruan, eta Roberto Torresek ez du barkatu penalti puntutik (3-1).
Osasunak norgehiagoka erabakita utzi duela ematen zuen, baina Cadizek aldeak murriztu ditu 91. minutuan, Pereak sartu duen golari esker (3-2). Dena den, ez da gehiagorako denborarik egon eta hiru puntuak talde gorritxoak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
3 – Osasuna: Juan Perez; Nacho Vidal; Unai Garcia, David Garcia, Manu Sanchez (Juan Cruz, 85. min); Javi Martinez (Moncayola, 64. min), Oier (Torres, 64. min), Lucas Torro, Ruben Garcia (Jony, 71. min); Chimy Avila (Gallego, 64. min), Budimir.
2 – Cadiz: David Gil; Iza, Akapo (Garrido, 20.min), Alcala, Mauro, Espino; Jonnsson, Garrido (Pombo, 77. min), Sobrino (Negredo, 77. min); Choco Lozano, Saponjic (Jairo, 69. min).
Golak: Budimir 1-0 (38. min), Šaponjic 1-1 (50. min), Budimir 2-1 (75. min), Roberto Torres 3-1 (86. min), Perea 3-2 (91.min).
Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak atera dizkie David Garcia eta Nacho Vidal Osasunako jokalariei, baita Espino eta Iza Cadizeko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa