21:21

Osasuna

2-0

Lehen zati kaskar batek Osasunaren porrota eragin du Valentziaren aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak 2-0eko emaitzarekin galdu du Mestallan. Guedesek sartu du partidako lehen gola eta Rodrigok egin du bigarrena.

  • Rodrigo eta Ruben

    Rodrigo Valentziako jokalariak Osasunari gola sartu dion unea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak porrota jaso du Valentziaren aurka (2-0) Mestallan, Ligako 30. jardunaldian. Ondorioz, talde gorritxoak 35 punturekin jarraitzen du sailkapeneko 12. postuan, jaitsierako postuak 9 puntura dituelarik.

Hobeto ekin dio norgehiagokari Valentziak, eta gola sartu du Rodrigok hirugarren minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du, bideo-arbitraje laguntzailea kontsultatu ostean. Ondoren, 12. minutuan, Guedesek 1-0ekoa sartu du, jokaldi ikusgarria egin eta bukaera ezin hobea emanda.

Gola jaso ostean, Osasuna ez da erreakzionatzeko gai izan. Talde gorritxoa ezinean ibili da, eta Valentziak abagune bikaina izan du 21. minutuan, baina Rodrigoren errematea kanpora joan da gutxigatik, Unai Garcia jo ostean. Ondoren, Osasunak hobetu egin du, eta norgehiagoka parekatu egin da. Jagoba Arrasateren taldea ondoen zebilenean, Unai Garciak huts egin du baloia jokatuta ateratzerakoan, Guedesek pase bikaina eman, eta Rodrigok ez du barkatu (2-0) Ruben atezainaren aurrean.

Neurketako 41. minutuan izan du bere lehen abagunea Osasunak, jokaldi nahasi baten ostean gutxigatik kanpora joan den Brasanacen erremate baten bidez. Lehen zatiko luzapenean, Nacho Vidalek buruz egin du errematea area barruan, baina ez du gola sartzen asmatu. Atsedenaldira iritsi aurretik, Cillessen atezainak eragotzi du gorritxoen gola, Adrianen jaurtiketa desbideratuta.

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak hiru aldaketa egin ditu bigarren zatiari ekiteko: Ruben Garcia, Roberto Torres eta Enric Gallego zelairatu ditu, Cardonaren, Raul Navasen eta Iñigo Perezen ordez. Aldaketen eraginez, erasokorrago jokatu du talde gorritxoak, eta lehen abisua eman du 53. minutuan, Cillessenek aldendu duen Roberto Torresen jaurtiketarekin; aldaratzea Adrianek jaso du, eta aurrelariak langara bidali du errematea. Nafarroako taldea baloiaren jabe egin da bigarren zatiaren hasieran, eta Roberto Torresek saiakera egin du area kanpotik, baina Cillessen atezainak gelditu du jaurtiketa, 61. minutuan.

Nagusi izan da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea atsedenaldiaren ostean zelairatu denean, eta abagune argiena 71. minutuan izan du, oso gutxigatik kanpora joan den Roberto Torresen erremate baten bitartez, baina kanpora joan da, zutoina urratuta. Ekinean ibili da Osasuna, eta beste aukera bat sortu du 81. minutuan; Ruben Garciak hegaletik erdiratu du, Arnaizek baloia jaso du area barruan, baina ezin izan du errematea egin Cillessen atezainak zuloak ondo estali baitizkio. Azen minutuetan, Valentziak hirugarren gola sartzeko abagune argia izan du, baina Ruben atezainak desbideratu egin du Cherysheven errematea. Azkenean, Osasunaren porrota.

Fitxa teknikoa:

2 - Valentzia: Cillessen, Florenzi, Gabriel Paulista, Guillamon, Costa; Kondogbia (Wass, 57. min), Parejo, Carlos Soler; Guedes (Cheryshev, 67. min); Rodrigo (Esquerdo, 89. min) eta Maxi Gomez (Ferran, 67. min)

0. Osasuna: Ruben Martinez, Nacho Vidal, Unai, Navas (Roberto Torres, 46. min), D. Garcia, Estupiñan, Brasanac (Fran Merida, 69. min), Oier, Iñigo Perez (Ruben Garcia, 46. min), Cardona (Enric Gallego, 46. min) eta Adrian (Arnaiz, 80. min).

Golak: 1-0, 12. min: Guedes. 2-0, 35. min: Rodrigo.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horia atera die Guedesi (Valentzia) eta Estupiñan eta Ruben Garciari (Osasuna).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena