22:48

Osasuna

3-1

Valentzia garaituta, Osasunak 30 partida jarraian daramatza Sadarren galdu gabe

Erredakzioa

Talde gorritxoak 3-1eko emaitzarekin lortu du garaipena. Valentzia aurreratu da, Rodrigoren golarekin, baina Osasunak emaitza irauli du, Oierren, Ruben Garciaren eta Estupiñanen golekin.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak garaipena lortu du Valentziaren aurka (3-1) Santander Ligako 10. jardunaldiko partidan, eta 30 neurketa jarraian daramatza Sadarren porrotik jaso gabe. Ondorioz, klubaren historiako marka onena berdintzea lortu du.

Erritmo biziarekin eta erasokor ekin dio neurketari Osasunak, eta bigarren minutuan izan du lehen abagunea; Nacho Vidalen erdiraketa Garayk desbideratu du, eta ia bere atean sartu du. Talde gorritxoa jo eta su ibili da erasoan, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Valentziaren erantzuna 12. minutuan etorri da, Ruben atezainak gelditu duen Cherysheven jaurtiketa baten bitartez. Pixkanaka, Valentziak aurrera egin du, eta 14. minutuan gola sartu du talde bisitariak: Gameirok korrikaldi bikaina egin du, izkin egin dio Raul Navasi area barruan, Osasunako jokalaria lurrean utzita, eta, pase bikaina jaso ondoren, Rodrigok 0-1ekoa sartu du.

Gola hartu ostean, 19. minutuan, Osasunak norgehiagoka berdintzeko aukera paregabea izan du, baina Ruben Garciak kanpora bota du atepean egin duen errematea. Neurketako 29. minutuan, Valentzia jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Rodrigori txartel gorria atera baitio epaileak Estupiñani ukondokada emateagatik. Valentziako jokalariaren oparia baliatu du Osasunak partida berdintzeko, Oierrek 35. minutuan sartutako golari esker (1-1). Ruben Garciak erdiraketa ona egin, eta Oierrek buruz errematatu du sare barrura. Atsedenaldira iritsi aurretik, bigarren gola egiteko abagunea izan dute gorritxoek; Jaume Domenech atezainak, ordea, eragotzi egin du, Nacho Vidalen jaurtiketa geldituta.

Bigarren zatiari bikain ekin dio Osasunak, baloia jokoan jarri eta hiru minutura gola sartu baitu Ruben Garciaren bitartez (2-1). Roberto Torresek kornerra atera, eta Ruben Garciak sare barrura bidali du errematea.

Aurrea hartu ondoren, Nafarroako taldeak jaun eta jabe izaten jarraitu du, nahiz eta kosta egin zaion abagune argiak sortzea. Neurketako 62. minutuan izan du hirugarren gola sartzeko aukera argia Osasunak, baina Jaume Domenech atezainak erantzun ona eman dio Chimy Avilaren jaurtiketari. Valentziak 70. minutuan erantzun du gola sartuta, baina epaileak baliorik gabe utzi du Gameiro jokoz kanpo zegoelako. Ondoren, 79. minutuan, Nacho Vidalen jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik. Hala ere, minutu bat geroago, Estupiñanek 3-1ekoa sartu du, partida erabakita utzi duena. Ekuadorko jokalariak baloia area barruan jaso, eta jaurtiketa bikaina eginda sareratu du. Partida honetan jokoan zeuden hiru puntuak, beraz, Osasunak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

3 – Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, Aridane, Raul Navas, Estupiñan; Roberto Torres (Lillo, 77. min), Oier, Darko, Ruben Garcia; Adrian (Cardona, 55. min), Chimy Avila (Iñigo Perez, 84. min).

1 – Valentzia: Jaume Domenech; Correia, Garay, Gabriel, Gaya; Soler, Parejo, Kondogbia (Ferran, 69. min), Cheryshev (Maxi Gomez, 65. min); Rodrigo, Gameiro (Coquelin, 85. min).

Golak: 0-1, Rodrigo (14. min); 1-1, Oier (34. min); 2-1, Ruben Garcia (48. min); 3-1, Estupiñan (80. min)

Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horia atera dio Oier Osasunako jokalariari, eta txartel gorria atera dio Rodrigori (29. min) eta horia Cheryshevi.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    27 14:00 - 16:30 TXIRRINDULARITZA | Romandiako Tourra (4. etapa)
    27 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Dario vs Laso

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena