18:32

Munduko Txapelketa

QATAR 2022

Kroaziak hirugarren postua eskuratu du Maroko 2-1 gainditu ostean

A. B. R | EITB MEDIA

Josko Gvardiolek aurreratu du Kroazia markagailuan 7. minutuan, baina, jarraian, Darik partida berdindu du marokoarrentzat. Atsedenaldiaren atarian Orsicek sartu du lehia erabaki duen gola.

  • Kroaziako selekzioa

    Kroaziako selekzioa hirugarren postua ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kroaziak 2 eta 1 irabazi dio Marokori MundukoTxapelketako hirugarren eta laugarren posturako partida, Josko Gvardiol eta Mislav Orsicen golei esker; Marokoko selekzioaren gola, aldiz, Achraf Darik sartu du.

Europarrak intentsitate handiarekin atera dira, aurkariaren zelaian presioa eginez eta aginte-makila hartzeko gogoekin. 7. minutuan, estrategiako jokaldi bikaina egin du Kroaziak, eta Gvardiolek partidako estreinako gola sartu du, burukada bortitzarekin (1-0).

Marokok ez du kolpea nabaritu. Gola jaso eta bi minutura lortu du lehia berdintzea, geldikako jokaldi baten: Majerrek ez du asmatu baloia aldentzen, eta Darik banakoa jarri du markagailuan (1-1), errematea area txikitk eginda.

Norgehiagoka beste fase batean sartu da berdinketarekin. Bi taldeak saiatu dira euren jokoa inposatzen, baina parekotasuna izan da nagusi. 23. minutuan Modricek egin du saiakera area ertzetik; Bonok, ordea, jaurtiketa urrundu du. 28. minutuan, aldiz, marokoarrek izan dute abagunea, baina Hakimiren erdiraketa ezin izan du errematatu En-Nesyrik.

42. minutuan, berriz aurreratu da Kroaziako selekzioa: Orsicek jaurtiketa ederra egin du eskuin oinarekin, eta baloia ate barrura joan da, zutoinean jo eta gero (2-1). Horrela iritsi da lehen zati zirraragarria atsedenaldira.

Bigarren 45 mintuetako lehen abagunea Orsicek izan du, baina oraingo honetan egindako jaurtiketa pozoitsua El-Yamiq defentsak desbideratu du kornerrera. Kroaziarren hasierako bultzaldia baretuta, marokoarrak baloiaren jabetzarekin egin dira; hori bai, ezin izan dituzte aukera argiak sortu.

75. minutuan En-Nesyrik abagune aparta izan du; aurrelariak bigarren zutoinera joan den erdiraketa errematatzea lortu du, baina Livakovic atezainak eragotzi du gola, geldiketa on baten ostean. Lehiako azken jokaldian, Sevilla taldeko aurrelariak izan du berriz abagune argia, nahiz eta burukada gora joan zaion langaren gainetik.

Garaipen honekin eta Errusian txapeldunorde izan ostean, Kroaziako selekzioak inoizko bere bigarren sailkapen onena berdindu du Munduko Txapelketa batean, 1998. urtean ere hirugarren izan baitzen.

Fitxa teknikoa:

2 - Kroazia: Livakovic; Stanisic, Sutalo, Gvardiol, Perisic, Majer (Pasalic, 66.min), Kovacic, Modric, Orsic (Jakic, 95+.min), Kramaric (Vlasic, 61.min) eta Livaja (Petkovic, 66.min).

1 - Maroko: Bono, Achraf Hakimi, Dari (Benoun, 64.min), El Yamiq (Amallah, 66.min), Attiat-Allah, Amrabat, Ziyech, Sabiri (Chair, 46.min), El Khannouss (Ounahi, 56.min), Boufal (Zaroury, 64.min) eta En Nesyri.

Golak: 1-0, 7.min: Gvardiol. 1-1, 9.min: Dari. 2-1, 42.min: Orsic.

Epailea: Abdulrahman Al Jassim (QAT). Txartel horiak atera dizkie  Ounahi (69.min) eta Amallah (84.min) marokoarrei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    27 14:00 - 16:30 TXIRRINDULARITZA | Romandiako Tourra (4. etapa)
    27 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Dario vs Laso

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena