Athletic club
EA SPORTS LIGA
I. G. | EITB MEDIA
Lehoiak nagusi izan dira partida osoan zehar, baina bigarren zatira arte ez dute atea aurkitu Vivian eta Iñaki Williamsen golekin.
Vivian eta Iñaki Williams gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 0-2 irabazi dio Leganesi ostegun honetan Butarquen jokatu den EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida aurreratuan. Lehoiak nagusi izan dira partida osoan zehar, baina bigarren zatira arte ez dute atea aurkitu Vivian eta Iñaki Williamsen golekin.
Euskaldunak nagusi izan dira lehen minutuetatik, euria protagonista izan delarik. Berea zen ekimena, baina eraginkortasuna falta zen azken metroetan. Min egiten saiatu dira Nicoren eta Djaloren abiadura bilatuz eta hegaletatik erdiraketak eginez, arrisku aukera bat edo beste sortuz, baina aurkariaren atezaina probatzera iritsi gabe.
Williams anaietako gazteenak gertu izan du gola, Berenguerren asistentzia errematatzeko zentimetro gutxira geratu baita, baina dena saiakera batean geratu da.
Bestalde, Leganesek kontraerasoak aprobetxatu ditu erasorako, eta jokaldi horietako batean iritsi da bere aukerarik onena. Agirrezabalak bi geldialdi jarraian egin behar izan ditu De la Fuenteren aurkako aurrez aurrekoa eta ondoren Hallerren aldaratzea salbatzeko.
Vesgak errematea lehen zutoinera itsatsita bidali du korner batean, baina bere defendatzaileak baloiak sarean bukatzea saihestu du.
Nahiz eta zelaian agindu, Athleticen ate aurreko lehen jaurtiketa ez da iritsi 40. minutura arte; orduan, baloi-lapurreta batek Djaloren jaurtiketarekin amaitu du, leunegia min egiteko.
Bigarren zatia hastean Guruzeta sartu da zelaira Nicoren ordez. Azken horrek min hartu du lehen zatiko azken jokaldietako batean eta Valverdek ez du arriskatu nahi izan.
Etxekoek hegaletik egindako jokaldi batean, Nuñezek hanka luzatu du De la Fuenteren erdiraketa mozteko, eta, zutoinagatik izan ez balitz, bere atean sartuko zukeen gola.
Partida oso irekia jarri da azken ordu erdian, bi taldeak erasora jaurtita. Athleticek tematzen jarraitu du eta azkenean, zorte pixka batekin, gola iritsi da. Euskaldunek ateratako korner batek hainbat errebote eragin ditu; Vivianek boleaz errematatu du, baloia Saenzek desbideratu du eta sarean amaitu du (0-1).
Ia jarraian Leganesek markagailua berdindu du falta batean, baina gola baliogabetu egin dute, aurretik jokoz kanpokoa zegoelako.
75. minutuan Iñaki Williamsek sartu du gola. Gorosabelek ondo gidatu du hegaletik Williams nagusienari pasea emateko, baloia sarera bultzatu besterik ez duena egin behar izan (0-2).
Diego Garcia gola sartzeko zorian izan da, baina jaurtiketak zutoinarekin egin du topo. Nuñezek ere gola bilatu du buruz, baina langak Athleticen hirugarren gola eragotzi du.
Nico Williamsek "kolpea" du ezker orkatilan
Nico Williams atsedenaldian ordezkatu dute, "ezker orkatilan izandako kolpe baten ondorioz", talde zuri-gorriak argitaratutako osasun-partearen arabera. Williams anaietako gazteena Valentin Rosier hegaleko frantziarrak harrapatu du Leganesen areako atzeko lerroaren ondoan, 43. minutuan eta une batez zelai gainean etzanda geratu da.
Fitxa teknikoa:
0 - Leganes: Soriano; Rosier, Jorge Saenz (Tapia, 71. min), Nastasic, Sergio Gonzalez, Franquesa; Brasanac (Juan Cruz, 71. min), Cisse, Roberto Lopez (Munir, 78. min); Haller (Diego Garcia, 78. min) eta Miguel de la Fuente.
2 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel, Nuñez, Vivian, Yuri; Vesga (Prados, 56. min), Ruiz de Galarreta (Ander Herrera, 62. min); Berenguer, Unai Gomez (Sancet, 56. min), Nico Williams (Guruzeta, 46. min); eta Djalo (Iñaki Williams, 56. min).
Golak: 0-1, 66. min: Vivian. 0-2, 76. min: Iñaki Williams.
Epailea: Francisco Jose Hernandez Maeso. Txartel horia atera die Miguel de la Fuente, Rosier eta Tapia Leganeseko jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa