Athletic club
EA SPORTS Liga
I. G. | EITB MEDIA
Euskaldunek aurrea hartu dute Sancetek eta Nicok lehen zatian sartutako golei esker. Jaureguizarren txartel gorriak zaildu egin du lehoien bigarren zatia, Paredesek gola sartu arren sufritu baitute.
Williams anaiak Nicoren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 2-3 irabazi dio Las Palmasi igande honetan Kanaria Handia zelaian jokatu den EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partida. Euskaldunek aurrea hartu dute Sancetek eta Nicok lehen zatian sartutako golei esker. Jaureguizarren txartel gorriak zaildu egin du lehoien bigarren zatia, Paredesek gola sartu arren sufritu baitute.
Partida modurik onenean hasi dute lehoiek. Guruzeta izan da jaurti duen lehena, baina jaurtiketa erdiratuegi atera zaio atezainaren eskuetara. Kanariarrek jokaldi on batekin erantzun dute, Moleiroren tiro gogor batekin, eta Agirrezabala geldiketa bikaina egitera behartu dute.
10 minutu ere ez dira igaro Athleticek markagailua ireki duenean. Iñaki Williams zuzen joan da hegaletik eta ondo eutsi dio taldekideak iritsi arte. Guruzetari pasea eman dio eta baloia pasatzen utzi du, Sancetek gola nahi bezala egin zezan (0-1).
Athleticen 8ak beste aukera bikain bat izan du baloia Nico Williamsen bakarkako jokaldi on batean jasotakoan. Pentsatzeko denbora nahikoa izan du, baina jaurtiketa kanpora joan da, zutoinetik oso gertu. Handik gutxira gola aurkitu du, baina jokaldia baliogabetu dute, jokoz kanpo egin baita.
Ordu erdira, Nicok bigarrena egin du. Cillessenek gaizki urrundu du baloia, Williams anaietako txikiak, presarik gabe, nagusiari eman dio eta bueltatu dio, eskuin zutoinean jarritako jaurtiketa eginda gola sar zezan (0-2).
Las Palmas garaipenari eustear egon da Kirianen jaurtiketak euskal atezaina gainditu duenean, baina Paredes agertu da baloia garaiz ateratzeko gol-lerro beretik.
Bigarren zatia zaildu egin zaio Athletici. Jaureguizarrek txartel horia zuen, baina txartel gorri zuzena jaso du, Sandrori falta egiteagatik. Epaileak defentsako azken jokalaria zela uste izan duelako egotzi du Bermeoko jokalaria.
Hori nahikoa ez balitz, jarraian, Las Palmaseko jokalariak faltaz sartu du gola (1-2).
Agirrezabalak ukabilak atera behar izan ditu Fabio Silvaren errematea kanpora ateratzeko. Okerren pasatzen ari zirenean, korner batean lasaitua iritsi da: aldaratzea Berenguerri iritsi zaio, erdiraketa punteriarekin Iñakirentzat, eta Paredesi heldu zaio baloia eta sarera bota du (1-3).
Pozaldia laburra izan da, minutu gutxira Alex Muñozek Agirrezabalaren irteera txarra aprobetxatu baitu gola sartu eta Athletic berriro urduri jartzeko (2-3).
Athleticek amaierara arte sufritzen jakin du eta hiru puntuak poltsikoratu ditu Las Palmasen.
Fitxa teknikoa:
2 - Las Palmas: Cillessen; Marvin Park, Alex Suarez (Alex Muñoz, 46. min), McKenna (Benito, 77. min), Mika Marmol; Campaña (Fabio, 46. min); Sandro, Javi Muñoz (Fabio Silva, 63. min), Kirian, Moleiro; eta McBurnie (Mata, 77. min).
3 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 77. min), Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 59. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Unai Gomez, 71. min), Nico Williams (Berenguer, 71. min); eta Guruzeta (Vesga, 59. min).
Golak: 0-1, 7. min: Sancet. 0-2, 30. min: Nico Williams. 1-2, 58. min: Sandro. 1-3, 76. min: Paredes. 2-3, 83. min: Alex Muñoz.
Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Txartel gorria atera dio Jauregizarri. Txartel horia atera die Jaureguizar, Ruiz de Galarreta eta Alex Suarez jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa