14:05

Athletic club

EA Sports Liga

Athleticek Txapeldunen Ligan sartzeko lehian jarraitzen du, Las Palmasen 0-2 irabazita

L. E. A. | EITB MEDIA

Gorka Guruzetak eta Saul Cocok (bere atean) egin dituzte bisitarien golak. Albiste txarra Yurik eman du, jokalari gipuzkoarrak zelaia utzi behar izan baitu eskuineko zangoan min hartuta.

  • Guruzeta, bere gola taldekideekin ospatzen

    Guruzeta, bere gola taldekideekin ospatzen. Argazka: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 0 eta 2 irabazi du Las Palmasen aurka, Kanaria Handiko estadioan jokatutako EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partida. Guruzeta eta Saul Coco (bere atean) izan dira bisitarien golegileak.

Lehenengo minutuetan, Las Palmas nagusitu da. Etxeko taldeak ondo presionatu ditu zuri-gorriak, baina jokoaren kontrolak gutxi iraun dio, bisitariek lekua hartu duten arte. Zuri-gorriak baloiak lapurtzen hasi dira eta erasora jo dute.

Sancetek 9. minutuan eman du lehen abisua, Nico Williamsek egindako erdiraketa ona buruarekin errematatuz, baina baloia gora joan zaio. 14. minutuan, Prados urrutitik saiatu da, baina baloia Alvaro Valles atezainak harrapatu du.

Bizkaiko taldearen gola 30. minutuan iritsi da. Nico Williamsek erdiraketa ona egin, eta Gorka Guruzetak baloia etxekoen atean sartu du, buruz errematatuta. Donostiarrak aurten egindako 13. gola izan da (11 Ligan eta 2 Kopan).

Las Palmasek ia ez du arriskurik sortu. Jokaldirik aipagarriena 36. minutuan Mika Marmolek izandako aukera izan da. Korner baten ostean, baloia buruz errematatu du, kanpora.

Aipatzeko askoz gehiagorik ez da egon erritmo bizia eta joko irekia izan duen lehen zatian. Athletic nagusi izan da, baina Las Palmasek ez dio aurrera egiteari uko egin.

Atsedenaldiaren ostean, aukera izan du Las Palmasek. Erasoan ondo landutako jokaldi batean, baloia Kiriani iritsi zaio area barruan, eta horren jaurtiketa Unai Simonen atearen eskuineko aldetik atera da, desbideratuta.

Las Palmas golaren bila joan da, eta denbora gehiago eman du zuri-gorrien zelaian, Simonen inguruan arriskua sortuz.

Gola, baina, Athleticek egin du. Unai Gomez zelairatu berriak kornerra atera du, eta Saul Cocok baloia bere atean sartu du, buruarekin jota, Dani Vivian errematerako prest zegoenean. 0-2, zuri-gorrien alde.

Marvinen gola, baliorik gabe

77.ean, epaileak baliorik gabe utzi du Marvinek sartutako gola, Sandrok baloia eskuarekin ukitu duelako.

91. minutuan, Unai Simonek geldiketa ikusgarria egin dio Cardonak penalti puntu ingurutik egindako jaurtiketari. Azkenean, Athleticek eskuratu du garaipena, eta Txapeldunen Ligan sartzeko lehian jarraitzen du, 53 punturekin.

Fitxa teknikoa

0. Las Palmas: Alvaro Valles; Julian Araujo (Benito, 79. min), Saul Coco, Mika Marmol, Sergi Cardona; Javi Muñoz, Campaña (Loiodice, 56. min), Kirian; Munir (Marc Cardona, 79. min), Sandro (Pejiño, 86. min) eta Moleiro (Marvin Park, 56. min).

2. Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 70. min), Vivian, Paredes, Yuri (Yeray, 74. min); Ruiz de Galarreta, Beñat Prados; Iñaki Williams, Sancet (Unai Gomez, 62. min), Nico Williams (Berenguer, 70. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 74. min).

Golak: 0-1, 31. min: Guruzeta. 0-2, 66. min: Saul Coco, bere atean.

Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias (Madrileko batzordekoa). Txartel horia atera die Saul Coco (64. min), Marc Cardona (81. min) eta Alvaro Valles (81. min) Las Palmaseko jokalariei, eta Vivian (48. min) eta De Marcos (67. min) Athleticeko jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    03 19:00 - 21:00 PILOTA | GRABNI Txapelketa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena