Athletic club
Euskal derbia
I. R. | EITB MEDIA
Berenguerren bi golek eman diote garaipena Bilboko taldeari, eta, horrela, errebantxa hartu dute denboraldiko lehen neurketan porrota jaso ostean.
Berenguerrek sartu ditu Athleticen bi golak. Argazkia: EFE
Athletic nagusitu da larunbat honetan San Mamesen Realaren aurka jokatu den euskal derbian, EA Sports Ligako 20. jardunaldian. Berenguerren bi golei esker, zuri-gorriek errebantxa hartu dute txuri-urdinen kontra, denboraldiko lehen neurketan porrota jaso ostean.
Partidua intentsitate eta erritmo biziarekin hasi da, baina 19. minutura arte ez da gol aukera argirik izan. Ordu laurden jokatuta zeramatenean, Berenguerrek erdiraketa bat egin du, eta lehoiek lehen abagunea izan dute, Vesgak area barruan egindako burukada batekin.
Apur bat lehenago, 18. minutuan, Donostiako taldeak Odriozolak zelaitik atera behar izan du, Nico Williamsen aurkako lasterketa luze batean lesionatu ostean. Aritzek ordezkatu du.
Berenguer izan da lehen zatiko protagonista argia, eta berak ireki du markagailua, 30. minutuan. Area txikian lekua aurkitu ostean, baloia sarera bultzatu du (1-0).
42. minutuan, Nico Williamsen jokaldia heldu da. Guruzeta errematatzen saiatu da, baina Zubeldiak eragotzi egin dio, eta Berenguerrek baloia solte harrapatu eta ate barrura bidali du (2-0).
Markagailua kontra zuela, Reala suspertu egin da, eta atsedenaldira heldu baino minutu batzuk lehenago, aldea murrizten saiatu da, Zubeldiaren jaurtiketa gogor batekin. Hala ere, baloia langatik gertu joan da kanpora.
Bigarren zatia lasaixeagoa izan da, jokoaren abiadura moteldu egin baita. Lehoiek bisitarien area inguratzen jarraitu dute, gol aukera handirik sortu gabe, eta bisitariek ez dituzte etxekoak gehiegi urduritu. Hala ere, 58. minutuan, Barrenetxea area barruan sartu da, erdiraketa egin du, eta Aritzek lehen zutoinean errematatu du, arrakasta handirik gabe.
Bigarren zatiko azken zatia trabatuagoa izan da, baina bi taldeek presioa egiten jarraitu dute bi aldeetan. Reala saiatu da kolpatzen, aldeak murrizteko, ate aurrean behin baino gehiagotan jaurtiketak eginez, baina ez du etxeko taldea estualdian jarri 88. minutura arte. Oyarzabalek egin du gola, baloia bularrarekin sareratuta (2-1).
Sei minutuko luzapenean, bi taldeek setioak areagotu dituzte, batzuek garaipena ziurtatzeko eta besteek berdinketa lortzeko. Hala ere, markagailua ez da mugitu, eta San Mamesek orro egin du bere taldearen garaipenarekin.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Unai Simon, Lekue, Vivian, Paredes, Yuri, Galarreta (Herrera, 70. min), Vesga, Nico Williams (Adu Ares, 84. min), Sancet (Unai Gomez, 70. min), Berenguer (Muniain, 84. min) eta Guruzeta (Villalibre, 74. min).
1 - Real Sociedad: Marrero, Odriozola (Aritz Elustondo, 20. min), Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen Muñoz, 80. min), Brais Mendez (Olasagasti, 80. min), Zubimendi, Merino, Zakharyan (Dadie, 62. min), Oyarzabal eta Barrenetxea (Magunazelaia, 62. min).
Golak: 1-0, 30. min: Berenguer. 2-0, 42. min: Berenguer. 2-1, 88. min: Oyarzabal.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa