Athletic club
EA Sports Liga
I. G. | EITB MEDIA
Lehoiak aurkaria baino askoz gehiago izan dira partida osoan zehar, eta gol aukera ugari izan dituzte, baina Guruzeta eta Nico Williams izan dira saria aurkitu dutenak.
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE.
Athleticek 2-0 irabazi dio Atletico Madrili larunbat honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 17. jardunaldian. Lehoiak aurkaria baino askoz gehiago izan dira partida osoan zehar, eta gol aukera ugari izan dituzte, baina Guruzeta eta Nico Williams izan dira saria aurkitu dutenak.
Laster aurkitu du atea Athleticek, partida presio handia eginez abiatuta. Guruzetaren eskutik egin du, Sanceten pasea jaso ondoren. Aurrelariak jaurtiketa ona egin du, baina Oblak ondo luzatu da gola saihesteko.
Apur bat geroago, Iñaki Williamsek izan du aukera. Jaurtiketa gurutzatua egin du, eta baloiak zutoina jo du. Nico anaiak ere gola sartu ahal izan du atezainaren aurka bakarrik geratu denean, baina esloveniarrak ondo eutsi dio atea estaltzeko.
Ordu erdira, Soyunkuk Nico Williams lurrera bota du area barruan, eta epaileak penalti adierazi du. Sancet arduratu da zigorra jaurtitzeaz, baina gora joan zaio.
Nicok izan du atsedenaldira iritsi aurretik lehoien azken abagunea, baina, beste behin, zutoinak salbatu ditu bisitariak.
Aldageletatik bueltan, Athleticek hainbeste bilatu duen gola aurkitu du. Korner baten ostean, Herrerak baloia jaso du eta erdiraketa kolokatua jarri dio Guruzetari. Honek baloia sarera bultzatu besterik ez du egin behar izan (1-0).
Eta partida ordubetera iritsi denean, Nico Williamsek gol ikusgarria sartu du, pase sakona jaso, bi defentsa engainatu eta baloia eskuadran jarrita. Baloi geldiezina izan da Oblakentzat (2-0).
Ez dira hor amaitu zuri-gorrien aukerak, eta Atleticok ere sustoren bat edo beste eman du, baina Unai Simonek ezerezean utzi ditu guztiak. Markagailua, dena den, ez da gehiago mugitu, eta Athleticek hiru puntuak eskuratu ditu.
Fictxa teknikoa:
2 - Athletic: Unai Simón; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Vesga, 77. min), Herrera; Iñaki Williams (Jauregizar, 85. min), Sancet (Unai Gomez, 85. min), Nico Williams (Berenguer, 90. min); eta Guruzeta.
0 - Atletico Madril: Oblak; Molina (De Paul, 46. min), Sokunyu (Gimenez, 46. min), Witsel, Hermoso, Lino; Llorente, Koke, Saul (Memphis, 59. min); Griezmann (Correa, 59. min) eta Morata (Azpilicueta, 66).
Golak: 1-0, 51. min: Guruzeta. 2-0, 64. min: Nico Williams.
Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia atera dio De Paul jokalariari.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa