Athletic club
EA Sports Liga
A. B. E. | EITB Media
Zuri-gorriek 4 eta 0 irabazi diote Madrilgo taldeari, eta EA Sports Ligako sailkapeneko bosgarren postuari eutsi diote. Guruzeta, Espino bere atean, Iñaki Williams eta Nico Williams izan dira golegileak.
Williams anaien besarkada, golegileak biak Rayoren aurka, Nicoren golaren ostean. Argazkia: EFE
Athleticek 4 eta 0 irabazi dio Rayo Vallecanori larunbat honetan, abenduaren 2an, San Mamesen jokatutako EA Sports Ligako 15. jardunaldiko partida. Ondorioz, zuri-gorriek sendo jarraitzen dute sailkapeneko bosgarren postuan, 28 punturekin.
Erritmo biziarekin ekin diote lehiari bi taldeek. Kosta egin zaie abagune argiak sortzea, baina Athleticek gola sartu du 14. minutuan, epaileak baliogabetu duen arren. Guruzetak zulatu du aurkariaren atea, baina Nico Williams jokoz kanpo zegoen pasea eman aurretik baloia jaso duenean.
Ondoren, zuri-gorriak egin dira baloiaren jabe, eta aurrea hartu dute markagailuan; Guruzeta izan da golegilea (1-0), 23. minutuan. Donostiako aurrelariak ez du barkatu Dimitrievski atezainaren aurrean, Sanceten pasea jaso eta gero.
Lehen golaren ostean, Rayoren erantzuna etorri da Pathe Cissen jaurtiketa batekin (kanpora joan da). Hala ere, Athleticek kontrolpean izan du lehia lehen zatiko azken minutuetan. Hala, Bilboko taldea gol bateko errentarekin heldu da atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, Athleticek huts egin du defentsan, oparia egin dio Rayo Vallecanori, baina Unai Lopezen jaurtiketa kanpora joan da. Ia jarraian, 47. minutuan, zuri-gorriek 2-0ekoa jarri dute markagailuan; Iñaki Williamsen jaurtiketa Espinok desbideratu du, eta bere atean sartu du baloia.
Rayok erasora jo du bigarren gola hartu ostean, baina Athletic sendo egon da defentsako lanean, eta ez dio aukerarik eman. Gainera, 64. minutuan, hirugarren gola erdietsi du Bizkaiko taldeak: Iñaki Williams izan da golegilea (3-0), Guruzetaren erdiraketa arean txikian errematatuta.
Lau minutu geroago, Nico Williamsek markagailuratu du 4-0ekoa, jokaldi bikaina egin eta area kanpotik egindako jaurtiketa onarekin Dimitrievski gaindituta. Horrela, kontratu berritzea ospatu ahal izan du.
Luzapenean, Madrilgo taldeak abagune argia izan du, baina Unai Simonek saihestu du gola. Azkenean, Athleticek hiru puntuak poltsikoratu ditu (4-0).
Fitxa teknikoa:
4 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos (Yuri, 74. min), Vivian (Nolaskoain, 84. min), Paredes, Lekue; Herrera, Galarreta (Prados, 81. min); Iñaki Williams (Berenguer, 81. min), Sancet (Muniain, 74. min), Nico Williams; eta Guruzeta.
0 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Lejeune, Mumin, Espino; Oscar Valentin (Kike, 55. min), Unai Lopez (De Frutos, 55. min); Isi Palazon (Chavarría, 55. min), Trejo, Álvaro Garcia; eta Camello (Falcao, 69. min).
Golak: 1-0, 23. min: Guruzeta. 2-0, 47. min: Espino, bere atean. 3-0, 64. min: Iñaki Williams. 4-0, 68. min: Nico Williams.
Epailea: Francisco Hernandez Maeso. Txartel horia atera dio Vivian (5. min) Athleticeko jokalariari, baita Espino (31. min) eta Falcao (87. min) Rayo Vallecanoko futbolariei ere.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa