20:33

Athletic club

EA Sports Liga

Athleticek sufritu egin du Vila-realen aurkako garaipena ixteko (2-3)

I. G. | EITB Media

Partidako lehen ordu erdirako, lehoiak aurretik jarri dira Williams anaien eta Ruiz de Galarretaren golei esker, baina azken minutuetan etxekoek soken kontra jarri dituzte zuri-gorriak Morenoren eta Sorlothen golekin.

  • Ruiz de Galarreta gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Ruiz de Galarreta gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek garaipena lortu du igande honetan Vila-realen aurka (0-3), Zeramikaren zelaian jokatutako EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partidan. Partidako lehen ordu erdirako, lehoiak aurretik jarri dira Williams anaien eta Ruiz de Galarretaren golei esker, baina azken minutuetan etxekoek soken kontra jarri dituzte zuri-gorriak (gaurkoan, urdinak) Morenoren eta Sorlothen golekin.

Partidak hasierarik onena izan du Bizkaiko taldearentzat. Jokoaren bigarren minutuan, Nico Williamsek ezkerretik gidatu du baloia, bere denbora hartu du erabakitzeko, eta Ruiz de Galarreta atzetik zetorrela ikusita, hari eman dio, eta zuri-gorriak areaz kanpoko kanoikada batekin Athletic aurretik jarri du (0-1).

Vila-realek erreakzionatu egin du, eta Unai Simonen ate ingurura hurbildu da hainbat aldiz. Horietako batean, Capouek berdinketa jarri ahal izan du markagailuan, urruneko jaurtiketa batekin, baina baloia kanpora joan da, zutoinetik oso gertu.

Athleticek jokoan nagusi izaten jarraitu du, eta Vesga izan da zortea probatzen hurrengoa, baina jaurtiketa gora joan zaio. Bilbotarren defentsaren despiste bat garesti kostatu izan ahal izan zaie. Sorloth bakarrik geratu da atezainaren aurka, baina baloia haren gainetik botatakoan desbideratu egin zaio eta kanpora joan da.

22. minutuan, lehoien jokaldi kolektibo on batek 0-2koa jarri du markagailuan. Nico Williamsek aurkariaren akats bat aprobetxatu du baloia lapurtu eta Sancet bilatzeko. Atezaina aurrez aurre zuenean, azken unean, Nicori itzuli dio baloia, atea hutsik zuela gola nahi bezala egin zezan.

Guruzetak ere gola sartu ahal izan du baloi luze bat kontrolatu eta atezainaren gainetik jaurtitzen saiatu ostean, baina Jorgensenek asmoak igarri dizkio, eta jokaldia eragotzi du. Jokaldia ez da hor amaitu; Vesgak baloia jaso du eta Iñakiri eman dio, honek buelta eman du eta zutoinaren ondo-ondotik jaurti du markagailuan aldea handitzeko, atezainarentzat jaurtiketa geldiezina eginez (0-3).

Atsedenaldira joan aurretik, Sorlothek gola sartu du, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako.

Aldageletatik bueltan, Sorlothek arriskua sortu du berriro, eta gola sartzear izan da Vila-realentzat, baina Simon atetik atera da jaurtiketa gelditzeko.

Sancetek azkarregi jardun du partiduak ordubete bete duenean, bisitariak erasoan hiru biren aurkakoa zeudenean. Nafarrak ez ditu taldekideak ikusi, eta jokaldia ezerezean geratu da.

Gerard Moreno aldea murrizteko zorian izan da, eskuinkada bat boleaz jota, baina baloiak zutoina jo du.

Azken minutuetan, Vila-realek soken kontra jarri du Athletic, bi minutuan bi gol sartuta. Morenok baloi bat jarrita aurkitu du partida osoan zehar bilatzen ari zen gola, eta Sorlothek etxekoen bigarren gola egin du buruz (2-3).

Unai Gomezek lasaitasunaren gola sartu ahal izan du Villalibrek emandako pase bat baliatuta, baina jaurtiketa oso ahul atera zaio. Hala ere, Athleticek garaipena eta hiru puntuak lortu ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Vila-real: Jorgensen, Altimira (Kiko Femenia, 63. min), Albiol, Gabbia (Mandi, 46. min), Carlos Romero (Alberto Moreno, 46. min), Capoue, Parejo (Altimira, 63. min), Baena, Ilias Akhomach (Jorge Pascual, 77. min), Gerard Moreno eta Sorloth.

3 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue, Ruiz de Galarreta (Dani Garcia. 76. min), Vesga, Iñaki Williams (Villalibre, 85. min), Sancet (Muniain, 85. min), Nico Williams (Unai Gomez, 76. min) eta Guruzeta (Berenguer, 66. min).

Golak: 0-1, 2. min: Ruiz de Galarreta. 0-2, 22. min: Nico Williams. 0-3, 30. min. Iñaki Williams. 1-3, 86. min: Gerard Moreno. 2-3, 87. min: Sorloth.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Gabbia, Albiol, Mandi eta Kiko Femenia Vila-realeko jokalariei, eta Nico Williams, De Marcos eta Dani Garcia zuri-gorriei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    17 12:50 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamahirugarren etapa
    18 22:10 - 00:45 PILOTA | B Serieko Buruz Buruko Txapelketa (finalerdiak): Larrazabal vs Salaberria / Agirre vs Egiguren V

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena