20:42

Athletic club

EA Sports Liga

Athleticek puntu bat lortu du Valentziaren kontra (2-2), Berenguerrek 97. minutuan sartutako golari esker

A. B. E. | EITB Media

Zuri-gorriek 2-2 egin dute EA Sports Ligako 11. jardunaldiko neurketan, San Mamesen. Norgehiagokako lehen gola Athleticek sartu du, Valentziak emaitza irauli du bigarren zatian, eta luzapenean Bilboko taldearen gola heldu da.

  • Athletic - Valentzia

    Muniain eta Berenguer Athleticeko jokalariak, Valentziako Thierryrekin lehian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 2-2 egin du Valentziaren aurka igande honetan, urriak 29, San Mamesen jokatutako EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Emaitza horrekin, zuri-gorriek 18 puntu pilatu dituzte, eta sailkapeneko seigarren postuari eutsi diote.

Valentziak ondo ekin dio neurketari: laugarren minutuan lehen abisua eman du, baina Hugo Duroren errematea kanpora joan da. Gainera, bederatzi minutu geroago, De Marcosek atepetik atera du baloia, Amallahren jaurtiketaren ostean.

Etxeko taldeak asko sufritu du lehen minutuetan, baina neurketari emandako hasiera kaskarra iraultzea lortu du. Pixkanaka, Athletic aurkarien atera hurbildu da, eta abagune argia izan du 22. minutuan; Mamardashvilik, ordea, zuri-gorrien gola saihestu du, Iñaki Williamsen jaurtiketa desbideratuta. Bost minutu geroago, Iñaki bakarrik geratu da Mamardashviliren aurrean, eta jokaldi horretan ere atezaina izan da nagusi aurrelariarekin izandako buruz burukoan. Ia jarraian, Sanceten jaurtiketak ez du Valentziak babestutako atea topatu.

Ekinean ibili da Athletic, eta, azkenean, saria jaso du; De Marcosek gola sartu du (1-0) 32. minutuan, Nico Williamsen pasea jaso eta jaurtiketa gurutzatuarekin Mamardashvili gaindituta.

Norgehiagokako lehen golaren ostean, Valentzia izan da nagusi. Atsedenaldira iritsi aurretik, Unai Simon izan da protagonista: Athleticeko atezainak Hugo Duroren jaurtiketa desbideratu du 38. minutuan, eta, 39.ean, Valentziaren gola saihestu du, Amallahren erremateari erantzun bikaina emanda.

Bigarren zatiaren hasieran, nagusi izan da Athletic. Zuri-gorriak bigarren gola sartzetik gertu egon dira 60. minutuan, baina Dani Garciaren boleak langa jo du eta ez da Mamardashvilik babestutako atean sartu.

Bilboko taldeak ez du baliatu bigarren zatiko lehen abagunea; Valentziak, ordea, bai. Hala, 62. minutuan, Fran Perezek banakoa (1-1) jarri du markagailuan, Hugo Duroren pasea jaso eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Unai Simon gaindituta.

Golak hauspotu egin ditu bisitariak. Athletic urduri jarri da, eta erraztasunak eman dizkio aurkariari. Partidako 68. minutuan, Unai Simon bikain ibili da Javi Guerrerarekin izandako buruz burukoan nagusituta. Minutu bat geroago, aldiz, ezin izan du Valentziaren gola eragotzi: Fran Perezek jokaldi bikaina egin du hegaletik, area barruan sartu da, pasea eman du eta Hugo Durok gola sartu du (1-2), orpoz errematea eginda.

Kolpe latza jaso du Athleticek Valentziaren bigarren golarekin. Valverdek zuzendutako taldeari kosta egin zaio suspertzea, baina hurbil izan du berdinketa 82. minutuan; Mamardashvilik, ordea, erantzun ona eman dio Iñaki Williamsen erremateari.

Azken txanpan, erasora jo du etxeko taldeak. Valentzia sendo ibili da defentsako lanean, baina luzapeneko azken-aurreko minutuan, 97.ean, Berenguerrek binakoa (2-2) markagailuratu du, Iñaki Williamsen erdiraketa errematatu eta aurkariaren atea zulatuta.

Zuri-gorriek bigarren gola egin eta gero, ez da gehiagorako astirik izan. Horrela, neurketa berdinduta amaitu da (2-2).

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Prados, 65. min), Imanol; Dani Garcia (Vesga, 65. min), Galarreta; Iñaki Williams, Sancet (Muniain, 74. min), Nico Williams (Berenguer, 69. min); Guruzeta (Villalibre, 69. min).

2 - Valentzia: Mamardashvili; Correia, Paulista, Mosquera, Gaya; Pepelu, Javi Guerra; Fran Perez (Foulquier, 74. min), Diego López (Guillamon, 74. min), Selim Amallah (Sergi Canos, 59. min); Hugo Duro (Yaremchuk, 78. min).

Golak: 1-0. 32. min: De Marcos. 1-1, 62. min: Fran Perez. 1-2, 69. min: Hugo Duro. 2-2, 96. min: Berenguer.

Epailea: Jorge Figueroa Vazquez. TXartel horiak atera dizkie Paredes (12. min), Dani Garcia (55. min) eta Berenguer (87. min) Athleticeko jokalariei. Txartel horia ikusi du Amallah (57. min) Valentziako jokalariak ere.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    17 12:50 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamahirugarren etapa
    18 22:10 - 00:45 PILOTA | B Serieko Buruz Buruko Txapelketa (finalerdiak): Larrazabal vs Salaberria / Agirre vs Egiguren V

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena