Athletic club
Athletic utziko du
EITB MEDIA
Zumarragako atzelariak (35 urte) 321 partida jokatu ditu Athleticen orain arte, 2008an Realetik Bilbora iritsi zenetik. Balenziagak ostegun honetan eman du jakitera, San Mamesen, Liga bukatutakoan ez duela talde zuri-gorrian jarraituko.
Albisteak (3)
Mikel Balenziagak ez du Athleticen jarraituko denboraldi amaieran. Zumarragako atzelariak, 35 urtekoa bera, 321 partida jokatu ditu Athleticen orain arte, 2008an Realetik Bilbora iritsi zenetik. Balenziagak ostegun honetan eman du jakitera, San Mamesen, Liga bukatutakoan ez duela jarraituko talde zuri-gorrian, kontratua ez baitu berrituko. Hala ere, beste talde batean futbolari gisa jarraitzeko asmoa du.
Prentsaurreko hunkigarria eman du Balenziagak San Mamesen. Taldekide guztiak izan dira bertan, eta gipuzkoarra Jon Uriarte presidentearekin sartu da prentsa aretora. Balenziagak argi utzi du Athleticen ez jarraitzeko erabakia klubak eta berak adostu dutela, ikusita azken hilabeteotan jokatzeko aukera oso gutxi izan dituela. Athleticeko presidenteak nabarmendu du atzelariak Bilboko klubaren balio guztiak batzen dituela, eta elastiko berezia oparitu dio, Athleticen partez.
Jokalariak zehaztu duenez, "indarra" du datorren denboralditik aurrera beste talde batean jarraitzeko bere kirol ibilbidea. Dena dela, zenbait aldiz azpimarratu du epe laburrean duen motibazioa dela laguntzea, Ligan geratzen diren bederatzi partidetan, Athleticek 2023-24 denboraldian Europako txapelketa batean joka dezan.
Balenziagaren hitzetan, oso harro dago Athleticen egin duen ibilbideaz, eta hainbat une ahaztezin aipatu ditu; tartean, irabazi dituen bi Superkopak, edo 2014an Napoliren aurka jokatutako Txapeldunen Ligako kanporaketa (Athleticek Italiako taldea menderatu zuen, eta multzo fasean sartzea lortu zuen). Hala ere, komunikabideei erantzunez, onartu du asko gustatuko zitzaiola Kopako txapelduna izatea. "Zorionez, urte asko ditut aurretik ikusteko Athleticek nola lortzen duen Kopako txapeldun izan", erantsi du.
Balenziaga, Muniain eta De Marcos, 2021eko Superkoparekin. Argazkia: EFE.
Atzelari gipuzkoarra pozik azaldu da aukera izan duelako, klubean, beste taldekide gazteago batzuei berak beste jokalari eta futbolari ohi batzuengandik jasotako Athleticen balioak; besteak beste, Jose Angel Iribar, Josu Urrutia eta Carlos Gurpegui, nabarmendu ditu. Halaber, eskerrak eman dizkie talde zuri-gorrian izan dituen presidente eta entrenatzaile guztiei, eta egun duen entrenatzailea, alegia, Ernesto Valverde, izan du hizpide; izan ere, Valverdek, Balenziagaren iritziz, entrenatzaile bikaina izateaz gain, ondo baino hobeto daki Athleticeko balioak gainerakoen esku jartzen.
"Eguneroko lana da", horren esanetan, "Lezaman eta San Mamesen izandako ibilbide luzean gehien bete nauena". Balenziagak, gainera, hitz oso politak izan ditu bere taldekideentzat, eta Athletic Europako txapelketaren baterako sailkatuta utzi nahi duela esan du.
Realean 2007-08 denboraldia eman ostean (Sanserekin ibili zen orduan), Athleticek 2008-09 denboraldia hasi eta berehala fitxatu zuen, eta 2008ko irailaren 14an egin zuen debuta, Joaquin Caparros Bilboko taldearen entrenatzaile zebilela; hain zuzen ere, Malagako Rosaleda futbol zelaian irten zen estreinakoz elastiko zuri-gorria jantzita (egun horretan bertan, Ander Iturraspek ere jokatu zuen lehen aldiz Athleticeko lehen taldean; Iturraspek 2019an utzi zuen Athletic, 320 neurketa jokatu ondoren, alegia, Balenziagak egun dituenak baino partida bat gutxiago jokatu zuen bizkaitarrak). Bilboko taldean izan da ordutik zumarragarra; hori bai, 2009-10 denboraldian Numantzian ibili zen, utzita, eta 2011-12 eta 2012-13 denboraldietan, aldiz, Valladoliden, han ere, utzita. 2013an bueltatu zen behin betiko Bilbora, Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaile zegoela.
12 denboralditan izan da Athleticeko jokalaria, eta bi titulu lortu ditu, 2015ean eta 2021ean Superkopa irabazi baitzuen. Horrez gain, 2009an, 2015ean, 2020an eta 2021ean Kopako txapeldunorde izan zen, eta 2002an, Superkopako txapeldunorde. 2014-15 denboraldian, Txapeldunen Ligako zortzi partida jokatu zituen, Athleticekin, eta, guztira, 28 aldiz zelairatu da Europa Ligan.
Egun, Athleticeko historian partida gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, Balenziaga 42. postuan dago, 321 neurketa dituela. Baliteke Bittor Alkiza gainditzea sailkapen horretan, donostiarrak 328 norgehiagoka jokatu baitzituen talde zuri-gorrian, eta Raul Garciarekin berdindu lezake (nafarrak 330 daramatza). 2022-23 denboraldian, baina, oso gutxitan zelairatu da Balenziaga, lau partidatan baino ez baita aritu: Ligako hirutan eta Kopako batean.
Bere ibilbidean, bi gol sartu ditu, biak San Mamesen, 2016-17 denboraldian: bata, Ligan, Sevillaren aurka; eta bestea, Europa Ligan, APOELen kontrako partidan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa