Athletic club
Superkopako finala
EITB MEDIA
Ancelottiren taldea hobea izan da Riaden (Saudi Arabia) jokatutako partidan. Modicek (38. minutuan) eta Benzemak (52.ean, penaltiz) egin dituzte neurketako golak. Raul Garciak penalti bat huts egin du azken minutuetan aukera gutxi izan dituen partidan.
Karim Benzema, bigarren golaren egilea, Athleticeko jokalariz inguratuta. Argazkia:Efe.
Athleticek ezin izan du Riaden (Saudi Arabia) jokatutako Superkopako finala irabazi. Real Madril nagusi izan da, 0 eta 2, Modricek eta Benzemak egindako golei esker. Finalean, gol aukera gutxi izan dira, eta madrildarrak, orokorrean, bilbotarrak baino hobeto aritu dira.
Lehen zatian, zuriek zuri-gorriek baino hobeto jokatu dute, baina Athletic ere erasoan aritu da, arrisku handirik sortu gabe izan bada ere.
18. minutuan, Ancelottiren taldeak lehen aukera argia izan du. Karim Benzemak egindako jaurtiketa bortitza kornerrera bidali du Unai Simon atezainak. Ondoren, 27.ean, Casemiro saiatu da, eta Simon zuhur ibili da berriro baloia kornerrera desbideratzeko.
Bilboko taldeak ere izan ditu aukerak, argiena Oihan Sancetek 45. minutuan, baina ezkerrarekin egindako jaurtiketa kanpora joan zaio, oso gutxigatik.
Atsedenaldiaren ostean, Marcelinok Nico Williams zelairatu du Alex Berenguerren ordez. Baloia jokoan jarri eta minutu gutxira, Real Madrilen bigarren gola iritsi da. Epaileak penaltia adierazi du VAR kontsultatu ondoren, Yerayk baloia eskuarekin aldendu duelako zuri-gorrien arean. Karim Benzemak jaurtu di penaltia, eta Unai Simonen atean sartu du baloia.
Ondoren, Marcelinok hiru aldaketa egin ditu batera: Zarraga, Sancet eta Balenziaga kendu ditu, Vesga, Raul eta, aspaldiko partez, Yuri zelairatzeko.
Raul Garcíak sortu du zuri-gorrien arrisku handiena bigarren zatian, geroago zelairatu den Nico Serrano gaztearekin batera. Serranok Iker Muniainek utzitako lekua bete du.
Huts egindako penaltia
Baina aukerarik onena azken minutuan izan du Marcelinoren taldeak. Epaileak penaltia adierazi du, VAR sistema kontsultatu ondoren, Athleticen alde, Militaok area barruan baloia eskuarekin aldendu ostean. Real Madrileko jokalariari, gainera, txartel gorria atera dio, eta Ancelottiren taldeak 10 jokalarirekin jokatu ditu azken minutuak.
Penaltia Raul Garciak jaurti du, eta Courtoisek geldiketa bikaina egin du, aurrelari zuri-gorriaren jaurtiketa hankarekin aldenduta.
Azkenean, 0 eta 2 nagusitu da Real Madril. Talde zuriak bere historiako 12. Superkopa irabazi du horrela.
Fitxa teknikoa
0 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Iñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Nico Williams, 46. min), Zarraga (Vesga, 58. min), Dani García, Muniain (Serrano, 80. min); Sancet (Raúl García, 58. min) eta Iñaki Williams.
2 - Real Madril: Courtois; Lucas Vázquez (Nacho, 91. min), Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric; Rodrygo (Valverde, 63. min), Vinícius (Marcelo, 86. min) etaBenzema.
Golak: 0-1: Luka Modric, 28 . min; 0-2: Karim Benzema (p), 52. min.
Epailea: César Soto Grado (Errioxako Batzordekoa). Txartel horia atera dio Marcelino Torali (51. min) eta gorria, zuzenean, Éder Militaori (87. min).
Gertaerak: Superkopako finala Riadeko King Fahd International Stadium zelaian jokatu dute Athleticek eta Real Madrilek, 30.000 ikusleren aurrean (edukiaren % 50, koronabirusa dela eta Saudi Arabian ezarritako murrizketen ondorioz).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa