Athletic club
1-1
A. B. E. | EITB Media
Talde zuri-gorriak eta Espaynolek bana amaitu dute RCDE Stadiumen jokatu duten Santander Ligako 11. jardunaldiko partida. Diego Lopez Kataluniako taldeko atezainak gelditu ikusgarriak egin ditu eta Athleticen garaipena eragotzi du.
Albisteak (3)
Athleticek 1-1 amaitu du Espanyolen aurka astearte honetan RCDE Stadiumen jokatu duen Santander Ligako hamaikagarren jardunaldiko partida. Zuri-gorriek hainbat abagune izan dituzte, baina ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean, eta puntu bat eskuratu dute.
Neurketaren hasieran, Espanyol izan da erasora jo duena, eta bi abisu eman ditu Embarba eta Raul de Tomas jokalarien bidez. Ondoren, ordea, Athletic izan da nagusi, eta abagune onenak izan ditu talde zuri-gorriak. Norgehiagokako 13. minutuan, gola sartzeko aukera paregabea izan du Bilboko taldeak, baina Sanceten lehen jaurtiketa Diego Lopez atezainak desbideratu du, eta Munianek aldaratzea jaso ostean egin duen errematea Cabrerak atera du atepetik. Hamar minutu geroago, Sancet izan da protagonista berriro, eta Diego Lopezek gola saihestu du jokalari zuri-gorriak boleaz egin duen erremateari erantzun bikaina emanda. Nagusi izan da Athletic, gola sartzeko aukerak izan ditu, baina 33. minutuan Vesgak eskuarekin jo du baloia area barruan eta epaileak Espanyolen aldeko penaltia adierazi du. Raul de Tomasek egin du jaurtiketa, eta baita gauzatu ere (1-0), Unai Simon atezaina gaindituta.
Espanyolen gola lehen zatiaren amaieran iritsi da, baina atsedenaldira iritsi orduko Bilboko taldeak neurketa berdintzeko aukera izan du: Nico Williams bakarrik geratu da Diego Lopezen aurrean Iñaki Williamsen pase bikaina jaso ostean, baina ezin izan du baloia sare barrura bidali, errematea egin duenean Pedrosa gurutzatu baita.
Bigarren zatian, erasokor zelairatu da Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldea, eta partida berdintzea lortu du 52. minutuan: Lekuek baloia lapurtu dio Aleix Vidali, area barruan sartu da, pase ona eman du, eta Iñaki Williamsek banakoa jarri du markagailuan (1-1).
Ondoren, bi taldeak saiatu dira garaipenaren gola lortzen. 70. minutuan, Diego Lopezek Muniainen gola eragotzi du. Ia jarraian, Dimatak izan du aukera Espanyolentzat, baina ez du jokaldia ondo amaitu Unai Simon atezainaren aurrean.
Athleticek beste abagune argi bat izan du 88. minutuan, baina Berenguerren errematea Diego Lopezek desbideratu du, jokalari zuri-gorriaren erremateari erantzun bikaina emanda. Norgehiagokako azken txanpan, 93. minutuan, Raul de Tomasek txartel gorria ikusi du, Yeray buruarekin kolpatzeagatik. Hala ere, partida luzapenean zegoen, eta Athleticek ezin izan du bigarren golaren bila jo. Amaieran, puntu bat talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
1-RCD Espanyol: Diego Lopez; Aleix Vidal, Sergi Gomez, Cabrera, Pedrosa; Morlanes (Dimata, 68. min), Darder (David Lopez, 90. min); Melendo (Herrera, 58. min), Melamed (Puado, 68. min), Embarba (Vadillo, 90. min) eta Raul de Tomas.
1-Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Vivian (Nuñez, 58. min), Lekue; Vencedor (Dani Garcia, 72. min), Vesga, Nico Williams (Berenguer, 72. min), Muniain (Raul Garcia, 72. min); Sancet (Morcillo, 85. min) eta Iñaki Williams.
Golak: 1-0, 33. min: Raul de Tomas. 1-1, 52. min: Iñaki Williams.
Epailea: Ortiz Arias. Txartel gorria atera dio Raul de Tomasi (93. min). Txartel horiak atera dizkie Yangel Herrerari (73. min) eta Berenguerri (74. min).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa