Athletic club
1-2
A. B. E. | EITB Media
Zuri-gorriek 1-2 galdu dute Madrilgo taldearen aurka San Mamesen jokatu duten partida. Galtzen hasi da Athletic, atsedenaldia baino lehen neurketa berdindu du, eta 97. minutuan sartu du Rayok bigarren gola.
Albisteak (3)
Athleticek porrota jaso du Rayo Vallecanoren aurka (1-2) astearte honetan San Mamesen jokatu duen Santander Ligako seigarren jardunaldiko partidan. Azken minutuan Madrilgo taldeak sartu duen golak ekarri die zuri-gorriei denboraldi honetako lehen porrota.
Norgehiagoka maldan gora jarri zaio talde zuri-gorriari bosgarren minutuan; Vesgak huts egin du baloia pasatzeko orduan, Guardiolak jaso du, pasea eman dio Alvaro Garciari, eta Rayoko aurrelariak gola sartu du (0-1), Unai Simon atezaina maisuki gaindituta.
Galduta eta aurrera ezin eginda ibili da Athletic lehen minutuetan. Baloiaren jabetza Rayo Vallecanok izan du, nahiz eta Andoni Iraolak zuzentzen duen taldeak ez duen abagune argirik sortu. Nico Williamsek izan du Athleticen lehen abagunea, baina Isi gurutzatu da area barruan jaurtiketa mozteko. Partidako 33. minutuan, talde zuri-gorriak markagailua parekatu du Muniainek atera duen falta baten bidez; erdiraketa Pathe Ciss Rayo Vallecanoko jokalariak ukitu du, eta baloia sare barrura sartu da (1-1), Dimitrievski atezaina gaindituta.
Gola sartu ostean, nagusi izan da Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldea, eta beste golen bat sartzeko aukerak izan ditu. Atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Raul Garciak baloia berreskuratu du, pasea eman dio Nico Williams, eta jokalari zuri-gorriaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik.
Bigarren zatia erritmo biziarekin hasi da. Rayo Vallecanok egin du lehen saiakera, baina Alvaro Garciaren jaurtiketa Unai Simon atezainak gelditu du. Athleticen erantzuna azkar etorri da; Muniainek falta atera, eta Villalibrek Dimitrievski atezainaren eskuetara bidali du errematea. Ondoren, Iñaki Williams saiatu da Villalibrek hegaletik eman dion pasea orpoz errematuta, baina ez du ondo jo, eta abagunea ezerezean geratu da.
Bi taldeek garaipenaren bila jo dute azken txanpan, baina abaguneak sortzea kostatu zaie. Athleticek gola sartzeko aukera izan du 93. minutuan, baina Morcillok gora bidali du errematea Williamsen erdiratu ostean. Azken minutuan, Iñigo Martinezek falta bat oparitu dio Rayo Vallecanori, Bebek jaurti du, eta Falcaok sare barrura bultzatu du baloia (1-2) Athleticeko defentsei aurrea hartuta. Amaieran, Madrilgo taldeak eraman ditu hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Nuñez, Iñigo Martinez, Lekue; Nico Williams (Morcillo, 75. min), Vesga (Dani Garcia, 75. min), Zarraga (Vencedor, 69. min), Muniain (Berenguer, 69. min); Raul Garcia (63. min) eta Villalibre.
2 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Catena, Maras, Fran Garcia; Pathe Ciss (Oscar, 59. min), Comesaña; Isi Palazon (Bebe, 79. min), Unai Lopez (Falcao, 76. min), Alvaro (Kevin, 79. min); eta Sergi Guardiola (Nteka, 59. min).
Golak: 0-1, 5. min: Alvaro. 1-1, 34. min: Pathe Ciss. 1-2, 96. min: Falcao.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Nuñez (16. min), Muniain (56. min) eta Iñigo Martinez (95. min) Athleticeko jokalariei, baita Catena (6. min), Sergi Guardiola (42. min) eta Maras (83. min) Rayo Vallecanoko futbolariei ere.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa