09:55

Athletic club

Superkopa

Athleticek finalerako txartela lortu du, Real Madril mendean hartuta

Andoni Beldarrain | EITB Media

Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin irabazi du Superkopako finalerdia, eta Barça izango du aurkari igandeko finalean.

  • Real Madril - Athletic Club

    Athleticeko jokalariak Raul Garciak Real Madrili sartu dion lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek garaipena lortu du Real Madrilen aurka (1-2) Superkopako finalerdian, eta finala jokatuko du Bartzelonaren kontra, igandean. Raul Garciak egin ditu zuri-gorrien bi golak eta Karim Benzemak Real Madrilena.

Erritmo bizia jarri diote bi taldeek neurketari hasieratik, baina kostatu egin zaien abagune argiak sortzea. Talde zuri-gorriak errematatzailerik izan ez duen erdiraketa batekin eman du lehen abisua, eta Real Madrilek Hazarden jokaldi batekin erantzun du, baina Athleticeko defentsek bidea itxi diote belgikarrari. Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak goian egin du presioa, aurkariari baloia erraz ateratzea eragozteko, eta helburua lortu du. Gainera, 18. minutuan, Raul Garciak gola sartu du (0-1); Lucas Vazquezek gaizki aldendu du, Dani Garciak baloia jaso, pasea eman eta Raul Garciak ez du barkatu Courtois atezainaren aurrean.

Gola sartu ostean, Athletic izan da nagusi, eta bigarren gola sartzeko aukera izan du 22. minutuan, baina Raul Garciaren jaurtiketa kanpora joan da. Real Madril ezinean ibili da, eta ez du Athletic estutasunetan jarri. Talde zuri-gorria eroso aritu da, eta epaileak Bizkaiko taldearen aldeko penaltia adierazi du 37. minutuan, Lucas Vazquezek falta egin baitio Iñigo Martinezi area barruan. Raul Garciak jaurti du penaltia, eta 0-2koa jarri du markagailuan.

Bigarren zatiaren hasieran, 54. minutuan, Munianek hirugarren gola sartzeko abagunea izan du, baina kanpora bidali du baloia. Zortzi minutu geroago iritsi da Real Madrilen erantzuna, Asensioren jaurtiketak langa jo duenean. Partidako 69. minutuan, Marco Asensioren beste jaurtiketa bat kanpora joan da, langa jo ostean. Real Madril gero eta abagune gehiago izaten hasi da, eta Benzemak aldea murriztu du 73. minutuan gola sartuta (1-2). Hasieran, epaileak baliorik gabe utzi du frantziarraren gola, baina VAReko epaileak jokaldia aztertu ondoren, ontzat eman du gola.

Real Madrilek gola sartu eta bost minutura, lehia erabakita uzteko aukera izan du Athleticek, baina Courtoisek gola eragotzi du Villalibreren errematea geldituta. Neurketako 82. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Benzemaren gola, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako. Azken minutuetan, sufritzea tokatu zaio Athletici. Real Madril erdiraketen bitartez saiatu da berdinketa lortzen, baina zuri-gorriek ondo eutsi diote markagailuari, defentsan lan ona egin dute, eta garaipenak ez die ihes egin.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Varane (Nacho, 46. min), Sergio Ramos, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric (Valverde, 67. min); Marco Asensio, Hazard (Vinicius, 67. min), Benzema (Mariano, 88. min).

2 - Athletic Club: Unai Simon; Capa (Lekue, 68. min), Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga (Morcillo, 79. min); De Marcos, Dani Garcia, Vencedor (Vesga, 68. min), Muniain (Berenguer, 71. min); Raul Garcia (Villalibre, 79. min), Williams.

Golak: 0-1, 18. min: Raul Garcia. 0-2, 38. min: Raul Garcia, penaltiz. 1-2, 75. min: Benzema.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak atera dizkie Lucas Vazquez (37. min) eta Kroos (83. min) Real Madrileko jokalariei, baita Capa (56. min) eta Dani Garcia (84. min) zuri-gorriei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena