Athletic club
Erretiroa iragarri du
EiTB.EUS
Aurrelari donostiarrak 39 urterekin utzi du futbola; klub bilbotarrarekin, 407 partida jokatu ditu, eta 172 gol sartu. Horietako lau, 2015eko Superkopan lortu zituen.
Honela ospatu zuen Adurizek, 2015ean, Camp Noun sartu zuen gola, Superkopan. Argazkia: EFE.
Albisteak (1)
172 gol Athleticekin 407 partida ofizialetan, eta titulu bat, 2015eko Superkopa. Aritz Adurizek 39 urterekin utzi du futbola, eta haren palmaresak handienen parean kokatzen du: Athleticek XXI. mendean izan duen golegilerik nagusiena da, eta klubaren historiako seigarrena. Azken 60 urteotan, Zarra eta Dani mitikoek soilik sartu dituzte berak baino gol gehiago, elastiko zuri-gorria jantzita.
Aduriz Donostian jaio zen, 1981eko otsailaren 19an, eta bere ibilbidea markaz beteta dago. Inork ez du sartu berak baino gol gehiago (12) Euskal Selekzioaren aro modernoan; 2016an, San Mamesen, Europa Ligako partida batean, Genk taldearen aurka, Athleticeko bost golak erdietsi zituen. Europako txapelketetan, bera da Athleticentzat gol gehien sartu dituen jokalaria. Eta 2016ko azaroan lortutako gol bati esker, Espainiako selekzioarekin golen bat sartu duen jokalaririk beteranoena da; 35 urte eta 275 egunekin egin zuen.
Adurizen ibilbide profesionala luze eta arrakastatsua izan da, baina ez da erraza izan. Aurrelariak 2002ko irailean egin zuen debuta Athleticeko lehen taldearekin, Basarte futbol-zelaian, zuri-gorriek Amurrioren aurka jokatu zuten partida batean. Jupp Heynckesek eman zion estreinatzeko aukera; alemaniarrak, 10 urte lehenago, 1992an, Athleticeko beste ikur bati ere eman zion debuta egiteko aukera, alegia, Julen Guerrerori.
17 urterekin iritsi zen Aduriz Lezamako futbol-eskolara, Antiguokotik. Aurreran (Gasteizen) eta Bilbao Athleticen ibili zen Amurrioko partida hartan estreinatu aurretik.
Baina 2002-03 denboraldia ez zen onegia izan Adurizentzat, Lehen Mailan jokatzeko oso aukera gutxi izan baitzituen. Garai hartako Athleticen Urzaiz, Etxeberria eta Ezquerro zeuden, eta hirurek sartu zituzten gol asko urte hartan. Hortaz, donostiarrak Lezama utzi zuen, eta Burgosera joan zen; han ondo ibili zen Aduriz, Bigarren B mailan, eta garai hartan Bigarren Mailan zegoen Valladolidek fitxatu zuen.
Zorrilan, Burgosen bezala, aurrelariak erakutsi zuen aurrelari trebea zela, gola sartzeko erraztasuna zuela. Athletic estu-estu zebilen 2005eko abenduan, Javier Clementerekin, sailkapeneko azken postuetan, eta klubak berreskuratzea erabaki zuen. Aritz Adurizen itzulera gakoa izan zen, 2005-06 denboraldian, talde bilbotarrak Ligan gora egiteko, eta hurrengo denboraldian, 2006-07an, mailari eusteko. Athleticeko historiako urterik txarrenean, Bigarren Mailara jaisteko arriskua azken partidara arte desagertu ez zen denboraldi hartan, donostiarra taldeko onenetakoa izan zen, eta ezinbesteko golak sartu zituen.
2008an, Mallorcara
Nolanahi ere, handik gutxira, 2008ko udaran, Adurizek berriro utzi behar izan zuen Bilboko taldea. San Mameseko zaleen artean polemika bizia sortu zuen operazio batean, aurrelaria Mallorkak fitxatu zuen; garai hartako Athleticeko presidente Fernando Garcia Macuaren eta Zuzendaritza Batzaren iritziz, donostiarra ez zen "jokalari estrategikoa", hau da, aukera zegoen beste jokalari batzuen aldeko apustua egiteko, eta Mallorcaren eskaintza onartzeko.
Mallorcan, Adurizek ordura arteko bere estatistikak hobetu zituen; ondorioz, Valentziak, punta-puntako taldea bera, fitxatzea erabaki zuen, eta Mestallan bi urte eman zituen, lan ona eginda. 2012an, 31 urte zituela, Athleticek pentsatu zuen eskaintza egitea, eta Adurizek onartu egin zuen; bigarren aldiz, San Mamesera bueltatu zen, etxeko jokalari gisa jokatzeko.
Bere denboraldirik onenak, 2012tik aurrera
2012-13 denboralditik lortu ditu Adurizek bere arrakasta handienak; hain zuzen ere, Athleticeko kondairan sartzea erdietsi egin du. Fernando Llorente Juventusera joan zen, 2013an, eta Aritz Adurizek ordezkatu zuen lehoien erasoko erreferentzia gisa.
2012-13 denboralditik 2016-17 denboraldira arte, Athleticeko golegilerik onena izan zen, Ligan, urtero. 2015-16an, 20 gol sartu zituen Ligan; Danik, 80ko hamarkadako Athleticeko kapitainak, gol-kopuru hori ezarri zuenetik, inork ez du Athleticen hainbeste gol sartu Liga bakar batean.
Ziur aski, aurrelariaren partidarik ahaztezinetako bat 2015eko abuztuan jokatutako bat izan zen; orduan, Superkopako joaneko neurketan, San Mamesen, Bartzelonaren aurka, donostiarrak hiru gol sartu zituen, bigarren zatian. Lehoiak 4-0 gailendu ziren, eta, hiru egunen buruan, titulua eskuratu zuten, Camp Noun bana eginda; Bartzelonan, Athleticeko gola Adurizek sinatu zuen.
Buruz sartu ditu Adurizek hainbat eta hainbat gol; jokalari gutxik egin dute berak baino hobeto erremate horietan, salto egiteko gaitasun ikaragarria izan baitu. Azken gola 2019ko abuztuaren 16an sartu zuen aurtengo Ligako lehen jardunaldian, Bartzelonaren aurka; ‘txilena’ ikusgarri baten bidez, 89. minutuan, hiru puntuak eman zizkion Athletici. Gol harekin, beste marka bat ezarri zuen: hain zuzen ere, Messi eta Sergio Ramos kenduta, soilik donostiarrak sartu du gutxienez gol bat azken hamabost Liga txapelketetan.
Protesi batek Adurizen aldaka ordezkatuko du, eta Athleticeko '20'ak agur esan behar du, Realaren aurkako finala jokatu gabe. Baina bere ondarea betiko egongo da Athleticeko historian eta Katedraleko zaleen artean.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa