Athletic club
1-4
Erredakzioa
Aurreko jardunaldian Vila-realen aurka garaipena eskuratuta, eta ostegunean Kopako finalera sailkatzea lortu ostean, 1-4ko emaitzarekin irabazi du Jose Zorrillan.
Athleticeko jokalariak Unai Lopezek sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek garaipena lortu du Valladoliden aurka (1-4) Jose Zorrillan jokatu duen Ligako 27. jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde zuri-gorriak aste bikaina biribildu du, iragan igandean Vila-reali irabazita, ostegunean Errege Kopako finalerako txartela eskuratuta, eta igande honetan Valladoliden hiru puntuak lortuta.
Neurketaren hasieran, 3. minutuan, Athleticek falta bat izan du bere alde, eta Unai Lopezek gol ikusgarria sartu du (0-1), maisuki jaurti eta Masip atezaina gaindituta. Valladolidek, ordea, azkar erantzun du bi abagune argi sortuz; Nachok gehiegi gurutzatu du jaurtiketa, eta Sandro ere ez da Unai Simonek defendatutako atea zulatzeko gai izan.
Sergio Gonzalez Valladolid taldeko entrenatzaileak hiru erdiko defentsarekin jokatu du Athleticen erasoaldiei eusteko helburuarekin, baina ez dio emaitza onik eman. Etxeko taldea hobeto ibili da zuri-gorrien golaren ostean, baina Athleticek izan duen bigarren abagunean, Cordobak erdiraketa ona egin du ezker hegaletik, eta Raul Garciak sare barrura bidali du errematea (0-2), buruz.
Talde bizkaitarrak bigarren gola sartu ostean, Valladolid nagusi izan da, abaguneak izan ditu, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Unalek izan ditu gola sartzeko aukera argienak, baina ezin asmatuta ibili da Valladolid taldeko aurrelaria.
Bigarren zatiko gidoia Lehenengo zatiaren antzekoa izan da; Valladolid ekinean ibili da golaren bila, baina Athletic sendo egon da defentsako lanean. Unalek beste abagune argi bat alferrik galdu du, argi utzi duelarik igande honetakoa ez zela bere eguna. Athleticek bigarren zatian izan duen lehen abagunean, Williams gola sartzetik gertu egon da, baina Masipek gelditu du haren jaurtiketa. Jarraian, Valladoliden erantzuna etorri da, eta Sandrok 1-2koa sartu du, jaurtiketa on bati esker Unai Simon atezaina gainditzea lortuta.
Pucelako taldearen golaren ostean, Valladolidi gehiago kosta zaio Athleticen defentsako lerroa gainditzea. Zuri-gorriak, aldiz, aurkaria taktikoki desorekatuago egoteaz baliatu dira, eta, 87. minutuan, Salisuk huts egin du baloia aldentzerakoan, Williamsek aurrea hartu dio Masip atezainari, eta 1-3koa sartu du. Gol horrek erabakita utzi du norgehiagoka, baina Cordobak 1-4koa sartu, eta Athleticen garaipena biribildu du.
Fitxa teknikoa:
1 - Valladolid: Masip; Joaquin, Kiko Olivas, Salisu; Pedro Porro, Alcaraz (Toni Villa, 60. min), Míchel (Hervias, 46. min), Nacho; Oscar Plano (Ben Arfa, 77. min), Sandro; Ünal.
4 - Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Dani García, Unai Lopez (Vesga, 53. min); Williams (Aduriz, 88. min), Oihan Sancet (Muniain, 75. min), Cordoba; Raul Garcia.
Golak: 0-1, 3. min; Unai Lopez. 0-2, 24. min: Raul Garcia. 1-2, 77. min: Sandro. 1-3, 87. min: Williams. 1-4, 91. min: Cordoba.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Ben Arfa (89. min) Valladolideko jokalariari, baita Unai Lopez (49. min) eta Raul Garcia (80. min) Athleticeko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa