Athletic club
16. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Babazorroek eta zuri-gorriek tentsio handiko partida jokatu dute, aukera argirik izan ez duen norgehiagokan.
Aleveseko eta Athleticeko jokalariak goitik datorren baloi baten borrokan. Argazkia: EFE
Alavesek eta Athleticek berdindu egin dute astelehen honetan Mendizorrotzan, golik gabe bukatu den euskal derbian. Berdinketa horrekin, Alavesek puntu garrantzitsua lortu du Europako postuei eusteko. Zuri-gorriek, ordea, garaipenik lortu gabe jarraitzen dute San Mamesetik at, eta jaitsiera postuetan daude oraindik, baina Berizzorekin baino sendotasun gehiago erakusten ari dira azkenaldian.
Norgehiagoka oso parekatua izan da. Aurrelariak eta atzelariak etengabe ibili dira elkarren arteko lehian, goitikako baloien bila.
Etxekoek hobeto ekin diote partidari. Hala, Jonathan Calleri argentinarraren eta John Guidetti suediarraren erreferentzia garbiekin hurbildu dira zenbait aldiz Iago Herrerinen inguruetara, baina arrisku handirik sortu gabe.
Gerora, lehen zatiaren erdialdera, Bilboko taldeak aurrera egitea lortu du, eta bere egin du gasteiztarren hasierako ekimena. Horren erakusle da 26. minutuan Raul Garciak izan duen aukera, Pachecok birritan gelditu behar izan duena.
Babazorroek berehala erantzun dute Ibai Gomezen jaurtiketa batekin, baina santutxuarraren ahaleginak ez du bizitasun handiegirik eraman, eta Athleticen atezainak aise gelditu du.
Zuri-gorriek ekinean jarraitu dute, batez ere ezker hegaletik Iñigo Cordobak egindako jokaldi eta erdiraketen bitartez. Hurbilketa horietako batean, atsedenaldira heltzeko lau minutu eskas falta zirela, Athleticek neurketa guztian zehar izan duen abagune garbiena eduki du Adurizek. Hainbat erreboteren ostean, aurrelari donostiarrari heldu zaio baloia area barruan, baina gehiegi gurutzatu du boleaz egin duen jaurtiketa, eta baloia Pachecoren eskuineko zutoinetik oso gertu atera da.
Aldageletatik bueltan, Ruben Sobrinok Guidettiren lekua hartu du, abiadura eta lerro arteko jokoaren bila, eta Abelardoren mutilek norgehiagokaren agintea berreskuratu dute. Dena dela, Athletic egon da berriro ere gaueko lehen gola egiteko zorian, kontraeraso baten bidez. Pachecok, baina, erantzun ona eman dio Cordobaren saiakerari.
Partidak joan-etorri asko izan ditu bi taldeen partetik, baina ez bata ez bestea ez dira jokorik eraikitzeko gai izan, falten bidez eten baitute berehala edozein ahalegin, defentsan akatsik egitea ekiditeko asmoz. Horrenbestez, geldikako baloiak izan dira talde biek aurkariaren ate inguruetara gerturatzeko izan duten baliabiderik eraginkorrena.
Lehiaren azken ordu laurdenean, Alavesek grina gehiago erakutsi du. Hartara, 78. minutuan, Callerik Pachecok bidalitako baloi bat baliatu du area barruan sartzeko, baina bere saiakera desbideratuegi joan da, lehen zatian Adurizi gertatu legez.
Bere aldetik, Athletic defentsa lanetan zebilen buru-belarri sartuta, kontraerasoren bat noiz iritsiko zain, Iñaki Williamsen abiadura aprobetxatzeko xedearekin. Baina ez da halakorik gertatu, eta, azkenerako, markagailuak hasierako emaitza islatu du.
Fitxa teknikoa:
Alaves 0: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Ibai (Borja Baston, 72. min), Tomas Pina, Manu Garcia, Jony (Burgui, 85. min), Guidetti (Sobrino, 46. min) eta Calleri.
Athletic 0: Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Beñat (San Jose, 74. min), Dani Garcia, Susaeta, Raul Garcia, Cordoba (Muniain, 62. min) eta Aduriz (Williams, 67. min).
Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Duarte eta Borja Baston (Alaves); Dani Garcia eta Iñigo Martinez (Athletic).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa