17:31

Alaves

EA Sports Liga

Siverak gol zaparrada saihestu du, Alavesek Getaferen aurka galdutako partidan (2-0)

EITB MEDIA

Mauro Arambarrik, lehen zatian, eta Luis Millak, penaltiz, bigarrenean, egin dituzte partidako golak. Arabarrek denboraldi honetako neurketarik kaskarrena jokatu dute.

  • Getafeko jokalariak, bigarrem gola ospatzen. Argazkia: Efe.

    Getafeko jokalariak, bigarrem gola ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alaves galtzaile atera da Getaferen aurka EA Sports Ligako 8. jardunaldian jokatutako partidan. Madrildarrak 2 eta 0 gailendu dira, eta gol gehiago sartzeko aukera argiak izan dituzte, baina Antonnio Sivera babazorroen atezaina ikusgarri aritu da eta bere taldeak gol zaparrada jasotzea saihestu du.

Neurketa gogorra jokatu dute bi taldeek; 37 falta izan dira guztira, denboraldi honetan partida batean izandako kopururik handiena.

Luis Garciak aldaketa ugari egin ditu hasierako hamaikakoan, aurreko jardunaldian Real Madrilen aurka zelairatu zuen taldearekin alderatuta. Babazorroak posizio erosoan daude Ligako sailkapenean, eta entrenatzaileak aldaketak egiteko aukera baliatu du. Lau jokalari bakarrik errepikatu ditu, aurreko norgehiagokako hamaikakoari begiratuta: Antonio Sivera, Moussa Diarra, Abdel Abqar eta Carlos Benavidez Protesoni.

Gaurkoan, baina, aldaketek ez diote taldearei mesede handirik egin. Getafe lehenengo minutuetatik hasi da jokoaren kontrola hartzen, faltaz eta etenaldiz josita izan den partidan. Lehen zatian, guztira 22 falta izan dira, horietako 14 bisitariek egindakoak.

Aukerak gutxi izan diren arren, Getaferentzat nahikoa izan dira, eta atsedenaldira aurretik joan dira Bordalasen jokalariak. Arambarrik sartu du madrildarren lehen gola 42. minutuan egindako falta jaurtiketa baten bidez. Baloiak Alaveseko jokalariek osatutako hesian jo du, Protesoniren buruan, eta horrek Sivera despistatu du (1-0).

Babazorroen lehen zatiko aurkerarik argiena Uche Getafeko jokalariak sortu du, nahi gabe, atsedenaldiaren atarian. David Soriak Joan Jordanen jaurtiketa arriskutsu bat aldaratu du, eta baloiak Ucheren eskua ukitu du area barruan, Aranbarri jo ostean. Epaileak ez du zalantzarik izan, eta penalti adierazi du, baina VARetik jokaldia berriz aztertzeko esan diote, eta hasiera batean hartutako erabakia zuzendu du ondoren.

Bigarren zatian, bisitarien arean ustez eskuz jotako baloi bat berriro ikuskatzeko deitu diote Isidro Díaz de Mera epaileari, eta jokaldia berrikusitakoan, penalti adierazi du. Irudien arabera, Carlos Vicentek eskuarekin ukitu du Omar Alderetek egindako errematea.

Penaltia Luis Millak jaurti du, eta baita sartu ere, partida amaitzeko ordu erdiren faltan (2-0).

Partidaren azken txanpan, Siverak jardunaldiko geldiketa egin du, ikusgarria, Diego Ricoren erremate bikain bat eskuarekin urruntzeko. Beste bi geldiketa bikain ere egin ditu ondoren, Carles Perezek eta Alvaro Rodriguezek egindako jaurtiketei erantzunez.

Azkenean, 2 eta 0 nagusitu da Getafe.

Fitxa teknikoa:

2.- Getafe: Soria; Djene, Berrocal, Alderete, Diego Rico; Carles Pérez, Milla, Arambarri (Nabil, 89. min), Sola (Juan Iglesias, 69. min); Uche (Alvaro Rodríguez, 89. min) eta Bertug (Mayoral, 74. min).

0.- Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar (Manu Sánchez, 55. min), Sedlar (Mouriño, 55. min), Diarra; Jordán, Protesoni (Antonio Blanco, 55. min); Carlos Vicente, Stoichkov, Carlos Martín (Kike García, 46. min); eta Toni Martínez (Villalibre, 69. min).

Golak: 1-0, 42. min: Arambarri; 2-0, 58. min: Milla, penaltiz.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena