Alaves
EA Sports Liga
EITB MEDIA
Luis Garcia Plazaren taldea Getaferi gailendu zaio Mendizorrotzan, Carlos Vicentek neurketako 12. minutuan egindako golari esker.
Alaveseko jokalariak, Carlos Vicenteren gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Alaves Getaferi gailendu zaio Mendizorrotzan, EA Sports Ligako 37. jardunaldia abiatu duen partidan (1-0).
Lehen zatia gorabeheratsua izan da, zakarra zenbait tartean. Lehen Mailan jarraitzea ziurtatuta, babazorroek helburu argia zuten buruan: denboraldiari agur gozoa ematea Mendizorrotzan, 10. garaipena lortuta.
Neurketako gol bakarra partidako 12. minutuan iritsi da. Carlos Vicentek egin du, eta Figueroa Vazquez epaileak hasiera batean baliorik gabe utzi duen arren, markagailura igo da azkenean, VARetik jokalariaren posizioa arauzkoa zela baieztatu ostean.
18. minutuan, epaileak neurketa eten du, harmailetan pankarta arrazista bat agertu baita Greenwood Getafeko jokalariaren aurka.
27.ean, Alaves bigarren gola sartzear izan da, baina Kike Garciaren erremateak langa jo du, jokalaria ate aurrean bakar-bakarrik zegoenean.
Atsedenalditik bueltan, Nabilek falta egin dio area barruan Samu Omorodioni, kamisetatik eutsita, baina epaileak ez du penaltirik adierazi.
68. minutuan, gola egiteko beste aukera bat izan du etxeko taldeak. Carlos Vicentek kornerra atera du, eta gol olinpikoa sartzeko zorian egon da, baina Soria atezainak eskua sartu du azken momentuan, eta baloia desbideratu du.
Greenwooden aukera
Greenwoodek aukera izan du 84. minutuan Getaferen gola egiteko, jokaldi pertsonala eginda, baina errematea gora joan zaio. Partidak ez du gehiago eman, eta Alavesek garaipen batekin esan dio agur denboraldiari etxean. Alaves hamargarren postuan dao Ligako sailkapenean.
Fitxa teknikoa
1- Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Duarte, Javi López; Benavidez (Guevara, 62. min), Antonio Blanco, Guridi; Carlos Vicente, Simeone eta Kike Garcia (Omorodion, 41. min).
0 - Getafe: David Soria; Carmona (Djene, 41. min), Aberdin, Alvarez, Alderete, Diego Rico (Alberto Risco, 56. min); Luis Milla (Latasa, 41. min), Yellu Santiago (Aleña, 69. min), Maksimovic; Greenwood eta Jaime Mata (Ilaix Moriba, 69. min).
Gola: 1-0, 12. min: Carlos Vicente.
Epailea: Figueroa Vazquez (Andaluziako Batzordekoa). Txartel horia atera die Alaveseko Benavidez, Simeone, Tenaglia eta Antonio Blanco jokalariei, eta Getafeko Carmona, Maksimovic, Diego Rico, Latasa, Aleña eta Ilaix Moriba jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
19 | 22:20 - 00:45 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Erkiaga-Ibarluzea vs Olharan-Zabala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa