15:56

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek garaipena bereganatu du, Almeria mendean hartuta (1-0)

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak hiru puntuak poltsikoratu ditu, Andaluziako taldeari 1-0eko emaitzarekin irabazita Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partida. Hagik penaltia huts egin du, eta Sedlarren golak eman dio garaipena Alavesi.

  • Alaves - Almeria

    Aleksandar Sedlar Alaveseko jokalaria, Almeriari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alavesek garaipena bereganatu du Almeriaren aurka (1-0) igande honetan, azaroak 5, Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partidan. Horrenbestez, Arabako taldeak hiru puntuak eskuratu ditu salbazioa lortzeko aurkari zuzen baten kontra, eta handitu egin du jaitsiera postuekiko errenta.

Azkar egin da baloiaren jabe Arabako taldea, eta 3. minutuan eman du lehen abisua Kike Garciak kanpora botatako errematearen bidez. Almeria, berriz, atzean sartuta egon da, aurkariak noiz huts egingo zain, kontraerasora irteteko prest.

Gero, abagunerik gabeko minutu batzuk egon dira, baina Alavesek gola sartzeko aukera izan du 19. minutuan; hala ere, Antonio Blancok area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan da. Sei minutu geroago iritsi da Almeriaren erantzuna, baina Ramazanik ez du Siverak babestutako atea zulatzea lortu. Ia jarraian, Kike Garciaren saiakerak ez du saririk eduki.

Etxeko taldeak lehen zatiaren amaieran eduki du markagailuan abantaila hartzeko aukera, epaileak penaltia adierazi baitu Alavesen alde Chumik Kike Garciari area barruan falta egin ondoren. Arbitroak VAR sistema erabilita adierazi du penaltia. Ianis Hagik, ordea, ez du asmatu hamaika metroetatik, baloia langa gainetik gora bidali baitu.

Bigarren zatiaren hasieran, bi taldeek izan dituzte abaguneak. Lehenengoan, Sedlarrek ezin izan du gol egin, eta, ia jarraian, Sivera atezainak gelditu egin du Embarbaren jaurtiketa. 58. minutuan, Emabrabaren falta jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik. Zazpi minutu geroago, Guridik barkatu egin du Almeriak babestutako atearen aurrean.

Hala, neurketa golik gabe berdinduta heldu da azken ordu-laurdenera, eta 79. minutuan, Alavesek gola sartu du. Sedlarrek jokaldi nahasi bat baliatu du, area barrutik jaurtiketa egin eta Maximiano atezaina gainditzeko (1-0).

Golak lasaitasuna eman die Luis Garcia Plazak zuzentzen dituen mutilei. Alavesek kontrolpean izan du aurkaria partidaren azken minutuetan. Luzapenean, Sedlarrek zelaia utzi behar izan du, min hartuta. Beste golen bat sartzeko aukerak ere izan dituzte babazorroek, baina neurketa 1-0eko emaitzarekin bukatu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 83. min), Abqar, Sedlar (Rafa Marin, 93. min), Javi Lopez; Guevara, Antonio Blanco, Guridi; Luis Rioja (Sola, 83. min), Hagi (Abde, 68. min) eta Kike Garcia (Samu, 68. min).

0 - Almeria: Maximiano; Mendez, Edgar, Chumi, Akieme; Puigmal (Arribas, 46. min), Dion Lopy, Lucas Robertone (Baba, 71. min), Ramazani (Marciano, 88. min), Melero (Embarba, 46. min) eta Leo Baptistao (Milovanovic, 71. min).

Gola: 1-0, 79. min: Sedlar.

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Gorosabel (25. min) eta Rioja (81. min) Alaveseko jokalariei, baita Melero (14. min), Maximiano (52. min) eta Robertone (60. min) Almeriako futbolariei ere.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena