Alaves
Santander Liga
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak garaipena lortu du Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan, eta mailari eusteko aukerak ditu oraindik.
Albisteak (3)
Alavesek irabazi egin du Espanyolen aurka (2-1) asteazken honetan (maiatzak 11) Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida, eta mailari eusteko aukerekin jarraitzen du.
Jaitsieratik kanpo dagoen Cadizek Arabako taldeak baino 4 puntu gehiago ditu, eta Andaluziako taldeak ostegunean jokatuko du Realaren aurka. Cadizek garaipena lortuz gero, Alavesek maila galduko du.
Erasokor ekin dio neurketari Alavesek, eta gola sartu du zazpigarren minutuan; Escalantek baloia berreskuratu du, Joseluri eman dio, eta Alemanian jaiotako aurrelariaren pasea Miguel De la Fuentek baliatu du gola sartzeko (1-0).
Pozak ez dio asko iraun Arabako taldeari, gola sartu eta zazpi minutura epaileak Espanyolen aldeko penaltia adierazi baitu Tenagliak Raul de Tomasi falta egin diolako area barruan. Raul De Tomasek berak jarri du markagailuan banakoa (1-1), penaltia jaurti eta Pacheco atezaina gaindituta.
Espanyolek partida berdindu eta minutu batera, Luis Riojak gola sartu du Alavesentzat, baina epaileak baliogabetu egin du, lehenago Escalantek Diego Lopez atezainari falta egin diola argudiatuta. Ondoren, abagune gabeko minutu batzuen ostean, Gasteizko taldeak gola sartzeko aukerak izan ditu: Calerok atepetik atera du baloia De La Fuente errematea prest zegoenean, Diego Lopezek Escalanteren errematea desbideratu du, eta Escalantek berak egin duen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Espanyoleko atezainak. Atsedenaldira iritsi arte, ekinean jarraitu du Alavesek, baina ezin izan du aurkariaren atea zulatu, aldageletara joan aurretik.
Bigarren zatia hasi eta jarraian, Espanyol jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Yangel Herrerak bigarren txartel horia ikusi baitu Luis Riojaren aurrean hanka gehiegi altxatzeagatik. Ondoren, erasokor jokatzen jarraitu du Alavesek, eta bigarren gola sartu du 59. minutuan; Jasonek falta atera du, eta Escalantek ate barrura errematatu du (2-1).
Bigarren golak lasaitasuna eman dio etxeko taldeari. Alaves jaun eta jabe izan da, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Espanyol ezinean ibili da, baina Bartzelonako taldea gola sartzetik gertu egon da 87. minutuan; David Lopezen jaurtiketa, ordea, Pachecok gelditu du. Luzapenean, gola sartzeko aukerak izan ditu Arabako taldeak, baina Joselu eta Martin Aguirregabiria ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Hala ere, garaipenak ez dio ihes egin Alavesi, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Tenaglia, Laguardia, Lejeune, Duarte; Loum, Escalante (Pina, 83. min), Jason (Martín, 83. min), Miguel (Tenas, 76. min), Rioja (Pons, 97. min); eta Joselu.
1 - Espanyol: Diego Lopez; Aleix Vidal (David Lopez, 49. min), Calero (Merida, 75. min), Sergi Gomez, Cabrera, Puado; Herrera, Melendo (Ruben Sanchez, 49. min), Sergi Darder; Nico (Vilhena, 75. min) eta Raul de Tomás (Lei, 76. min).
Golak: 1-0, 7. min: Miguel. 1-1, 14. min: Raul de Tomas, penaltiz. 2-1, 59. min: Escalante.
Epailea: Pizarro Gomez. Espanyoleko Yangel Herrera egotzi du 46. minutuan, bigarren txartel horia aterata. Txartel horia atera die Loum (41. min), Laguardia (89. min) eta Tenas (94. min) Alaveseko jokalariei, baita Vidal (40. min) Espanyoleko jokalariari.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa