Alaves
0-1
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak 0-1eko emaitzarekin galdu du Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 9. jardunaldiko partida eta jaitsiera postuetan jarraitzen du, 3 punturekin.
Albisteak (3)
Alavesek galdu egin du Betisen aurka (0-1) astelehen honetan Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako bederatzigarren jardunaldiko partidan. Arabako taldeak jaitsiera postuetan jarraitzen du, 3 punturekin.
Betis izan da baloiaren jabe hasieratik, eta Sevillako taldeak Canalesek egin duen erremate batekin eman du lehen sustoa, baina epaileak baliogabetu egin du jokaldia, kantabriarra jokoz kanpo zegoelako pasea jaso duenean. Partidako lehen abagunea Alavesek izan du, 16. minutuan: Toni Moyak kornerra atera, eta baloiak langa jo du Rui Silva atezainak ukitu ostean. Hamar minutu geroago, Pacheco atezainak eragotzi du Betisen gola Fekirren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Lehen zatiko abagune onena izan du Pellistrik 39. minutuan, baina Alaveseko jokalariaren errematea kanpora joan da.
Bigarren zatia parekatua izan da. Neurketako 60. minutuan, markagailuan aurretik jartzeko aukera izan du Alavesek, baina Miguelen erremateak langa jo du, eta ez da sare barrura sartu. Hiru minutu geroago iritsi da Betisen erantzuna; Canales area barrua sartu da, eta Pachecoren aurrean gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Partidako 67. minutuan, Fekirrek jokaldi bikaina egin du, baina errematea kanpora bidali du.
Neurketa golik gabe berdinduta iritsi da azken hamar minutuetara. Miazga Arabako taldearentzat gola sartzetik gertu egon da; Alaveseko atzelariaren errematea, baina, Rui Silva atezainaren eskuetara joan da zuzenean. Norgehiagoka berdinduta amaituko zela zirudienean, 89. minutuan, Betisek jokaldi ona egin du, eta Borja Iglesiasek 0-1ekoa jarri du markagailuan, Joaquinen pasea sare barrura errematatuta.
Gola jaso ostean, Alaves ez da gai izan Betis atzean sartzeko, ez du abagunerik sortu, eta puntuek ihes egin dute Mendizorrotzatik.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Miazga, Duarte; Pina (Loum, 76. min), Luis Rioja, Toni Moya (Manu Garcia, 91. min), Pellistri (Edgar Mendez, 76. min); Joselu eta Miguel (Sylla, 68. min)
1 - Betis: Rui Silva; Bellerin, Bartra, Edgar, Alex Moreno; Guardado, William Carvalho; Rodri (Tello, 64. min), Fekir (Rodriguez, 91. min), Canales (Joaquin, 64. min) eta Willian Jose (Borja Iglesias, 76. min).
Golak: 0-1, 89. min: Borja Iglesias.
Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Txartel horiak atera dizkie Rioja Alaveseko jokalariari (60. min) eta Edgar Betiseko futbolariari (15. min).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa