Alaves
2-1
A. B. | EITB Media
Babazorroek 2-1 menderatu dituzte horiak, Santander Ligako 31. jardunaldiko partidan.
Albisteak (3)
Alavesek garaipena lortu du Vila-realen aurka (2-1) jokatu duen Santander Ligako 31. jardunaldiko partidan eta bigarren neurketa jarraian irabazi du. Arabako taldeak jatsiera postuetatik at amaituko du jardunaldia.
Norgehiagokaren hasieran Vila-real izan da baloiaren jabe eta erasora jotzeko ideiarekin zelairatu da Unai Emeryk zuzentzen duen taldea, baina Alavesek ondo eutsi dio. Partidako 17. minutuan Joselu Matok gola sartu du (1-0) etxeko taldearentzat Jota Peleteiroren pasea jasota.
Golaren ostean, berriro Vila-real izan da erasora jo duena, eta abagune argi bat izan du 29. minutuan; Fernando Pacheco atezainak, ordea, gola saihestu du Paco Alcacerren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Castelloko taldea hegaletik arriskua sortzen saiatu da Alfonso Pedrazaren bidez, baina talde gasteiztarrak lan ona egin de defentsan.
Bigarren zatiaren hasieran, 50. minutuan, Paco Alcacerrek banakoa (1-1) jarri du markagailuan Gerard Morenoren pasea jaso eta errematea sare barrura bidalita. Golak konfiantza eman dio Vila-reali eta Alaves atzean sartu du. Asko kosta zaio abaguneak sortzea Javi Callejak zuzentzen duen taldeari. Etxeko taldeak penaltia eskatu du 68. minutuan, baina epaileak ez du ezer adierazi.
Azken txanparako Pere Pons zelairatu du Callejak, eta erdilariaren sarrerak mesede egin dio Alavesi, baloia gehiago izan eta neurketaren erritmoa moteldu egin baita. Amaierarako hamar minutu falta zirenean, Joselu hegaletik erdiratu, eta Edgar Mendezek 2-1ekoa sartu du.
Norgehiagokako amaierako minutuetan Vila-real saiatu da berdinketa lortzen, ez du lortu, eta hiru puntuak Alavesek eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Martín Aguirregabiria; Rioja (Pere Pons, 58. min), Battaglia, Pina, Jota Peleteiro (Pellistri, 79. min); Lucas Perez (Edgar Mendez, 58. min) eta Joselu (Deyverson, 90. min).
1 - Vila-real: Rulli; Mario (Peña, 84. min), Albiol, Funes Mori, Pedraza; Chukwueze, Capoue (Fer Niño, 84. min), Parejo, Trigueros; Gerard Moreno eta Alcacer (Yeremy, 84. min).
Golak: 1-0, 17. min: Joselu. 1-1, 50. min: Alcacer. 2-1, 80. min: Edgar.
Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Manu Garcia (68. min) eta Edgar Mendez (74. min) Alaveseko jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa