Alaves
1-2
A. B. | EITB Media
Arabako taldeak 1-2ko emaitzarekin galdu du Ligako 19. jardunaldiko partida, eta Abelardoren zuzendaritzapean garaipenik lortu gabe jarraitzen du.
Albisteak (3)
Alavesek porrota jaso du Sevillaren aurka (1-2) jokatu duen Santander Ligako 19. jardunaldiko partidan. Ondorioz, Arabako taldeak hirugarren porrota jarraian jaso du Ligan. Abelardo entrenatzaileak Errege Kopan egin zuen debuta Alavesekin denboraldi honetan, kanporatuta gelditu zen Almeriaren aurka (5-0), eta Ligan ere porrotarekin estreinatu da entrenatzaile asturiarra.
Sevillak eman du lehen abisua, bigarren minutuan; En-Nesyrik arean jaso du baloia, eta errematea Pacheco atezainak gelditu du. Hurrengo jokaldian, laugarren minutuan, Navasek hegaletik erdiraketa egin, eta En-Nesyrik 0-1ekoa sartu du, Laguardiari aurrea hartu eta area txikitik Pacheco gaindituta. Talde bisitariaren gola jaso ostean, 12. minutuan Ximo Navarrok ateratako hegaleko sake luze baten bidez, Arabako taldeak neurketa berdindu du; Sevillako jokalariek ez dute baloia aldentzea lortu, eta Edgar Mendezek banakoa jarri du markagailuan (1-1) buruz Bono atezaina gaindituta.
Lehia berdintzeak lasaitasuna eman dio talde gasteiztarrari, eta Sevilla baino hobea izan da, abaguneak sortzea kosta zaion arren. Bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukera argirik sortu, baina 30. minutuan Susok urrunetik jaurtiketa bikaina egin eta 1-2koa sartu du. Pacheco atezainak ezin izan du ezer egin talde andaluziarreko jokalariaren jaurtiketa bikainaren ostean.
Bigarren zatiaren hasieran izan du Alavesek neurketa berriz berdintzeko aukera, baina korner baten ostean Battagliak egin duen errematea atepetik atera du Fernandok, gola eragotziz. Gasteizko taldea erasokor zelairatu da atsedenaldiaren ostean, nahiz eta abaguneak ezin sortuta ibili den, eta Sevilla egin da baloiaren jabe. Bi taldeei kosta egin zaie gola sartzeko aukera argiak sortzea, baina Alavesek 75. minutuan izan du abagunea; Ruben Duartek kornerra atera, eta Joseluren errematea Bonok gelditu du. Bi minutu beranduago, Ruben Duartek urrunetik erdiraketa egin du, eta Joseluren burukada kanpora joan da oso gutxigatik. Ondoren, 83.minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Sevillaren gola, En-Nesyrik baloia area barruan eskuarekin jo duelako.
Neurketako azken minutuetan hegaletatik egindako erdiraketen bidez saiatu da Alaves berdinketa lortzen, eta, 88. minutuan epaileak talde gasteiztarraren aldeko penaltia adierazi du; kornerra Ruben Duartek atera, Battagliak errematea egin, eta Koundek eskuarekin jo du baloia area barruan. Joseluk jaurti du penaltia eta Bono atezainak Alaveseko aurrelariaren gola eragotzi du, geldiketa ona eginda. Ez da gehiagorako denborarik egon eta Sevillak eraman ditu hiru puntuak Mendizorrotzatik.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte; Martin Aguirregabiria (Sainz, 62. min), Battaglia, Tomas Pina (Manu Garcia, 86. min), Rioja (Jota, 68. min), Edgar Mendez (Deyverson, 68. min); eta Joselu.
2- Sevilla: Bono; Navas, Sergi Gomez, Kounde, Acuña; Fernando, Rakitic, Jordan (Gudelj, 78. min); Suso (Oliver, 91. min), Ocampos (De Jong, 62. min), En-Nesyri (Vazquez, 91. min).
Golak: 0-1, 3. min: En-Nesyri. 1-1, 12. min: Edgar Mendez. 1-2, 30. min: Suso.
Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos. Txartel horiak atera dizkie Lejeune (48. min), Edgar (56. min) eta Pons (72. min) Alaveseko jokalariei, baita En-Nesyri (80. min), Bono (90. min) eta Navas (90. min) Sevillako futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa