Alaves
6-0
Erredakzioa
Arabako taldeak 6-0eko emaitzarekin galdu du Balaidosen, itxura oso kaskarra emanda. Martin Aguirregabiriak txartel gorria ikusi du 27. minutuan.
Roberto Jimenez Alaveseko atezaina, Celtak sartutako sei goletako bat jaso ostean. Argazkia: EFE
Bideoak (1)
Alavesek jipoia jaso du Celtaren aurka, Balaidosen jokatu duen partida 6-0eko emaitzarekin galduta. Ligako 30. jardunaldiko porrotaren ostean, Arabako taldea 35 punturekin geratzen da sailkapeneko 13. postuan, jaitsierarekiko 9 puntuko abantailarekin. Celta, aldiz, 16. postuan da 30 punturekin, jaitsieran dagoen Mallorcak baino lau gehiagorekin.
Hasieratik Celta egin da baloiaren jabe. Erasokor zelairatu da Vigoko taldea, nahiz eta ez duen abagune argirik sortu lehen minutuetan. Galiziako taldearen ekinak saria jaso du 14. minutuan; Denis Suarezek eskuin hegaletik erdiratu eta Murillok 1-0ekoa sartu du, erremate bikaina eginda.
Golaren ostean, Alaves ez zen erreakzionatzeko gai izan, eta Celtak jaun eta jabe izaten jarraitu zuen. Vigoko taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da, eta 19. minutuan epaileak Celtaren aldeko penaltia adierazi du, Fejsak baloia eskuarekin moztu duelako area barruan. Iago Aspasek 2-0ekoa sartu du, hamaika metrietatik Roberto atezaina gaindituta.
Hogei minututan maldan gora jarri zaio norgehiagoka Alavesi eta ez da aurkariari erantzuteko gai izan. Gainera, 27. minutuan Martin Aguirregabiriak txartel gorria ikusi du Rafinhari egin dion sarrera gogor batengatik. Asier Garitano entrenatzaileak Borja Sainz kendu du Ximo Navarro zelaira sartzeko. Jokalari bat gehiagorekin, etxeko taldearen nagusitasuna are handiagoa izan da. Roberto atezainak erantzun bikaina eman dio Okayren jaurtiketari 29. minutuan, eta geroago beste gol bat eragotzi du, Smoloven errematea desbideratuta. Celtaren nagusitasuna erabatekoa izan da, eta 40. minutuan Rafinhak 3-0ekoa sartu du, area ertzetik egindako jaurtiketa bikain batekin. Minutu bat beranduago, Rafinhak berak egin du 4-0ekoa, area barruan boleaz errematatuta. Atsedenaldira iritsi aurretik, Robertok galiziarren beste gol bat eragotzi du Denis Suarezen jaurtiketa geldituta.
Bigarren zatiari ekiteko, Asier Garitanok Laguardia eta Lucas Perez kendu ditu Ely eta Paulino zelairatzeko. Ondoren, Burke sartu da Joseluren ordez. Celtak kontrolpean izan du neurketa, eta Alaves ez da aurkaria estutasunetan jartzeko gai izan. Abagune gutxikoa izan da bigarren zatia.
Partidako 68. Minutuan Alavesek abagunea izan du, baina Burkeren jaurtiketa Ruben Blanco atezainak desbideratu du. Ondoren, 75. minutuan, Javi Lopezek penaltia egin dio Kevini, eta Nolitok egin du 5-0ekoa, penalti puntutik Roberto gaindituta. Azken minutuetan, Santi Minak (6-0) talde galiziarraren garaipena biribildu du.
Fitxa teknikoa:
6. RC Celta: Ruben; Kevin, Araujo, Murillo (Aidoo, 71. min), Olaza; Okay (Bradaric, 45. min), Beltran (Brais, 64. min); Aspas (Santi Mina, 64. min), Rafinha (Nolito, 45. min), Denis Suarez eta Smolov.
0. Alaves: Roberto; Martin, Laguardia (Ely, 45. min), Lisandro, Javi Lopez; Borja Sainz (Ximo Navarro, 32. min), Fejsa, Pepe Pons, Edgar (Luis Rioja, 83. min); Joselu (Burke, 58. min) eta Lucas Perez (Paulino, 45. min).
Golak: 1-0, 13. min: Murillo. 2-0, 20. min: Aspas, penaltiz. 3-0, 40. min: Rafinha. 4-0, 41. min: Rafinha. 5-0, 78. min: Nolito, penaltiz. 6-0, 86. min: Santi Mina.
Epailea: Cordero Vega. Txartel gorria atera dio Martin Alaveseko jokalariari 27. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Okay Celtako jokalariari eta Lucas Perez Alaveseko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa