Alaves
23. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Babazorroek lehen zatian hartu dute aurrea Laguardiak buruz sartu duen gol bati esker, eta Jony arduratu da bigarrena egiteaz partidaren luzapenean.
Maripan eta Roger Marti, borroka bizian. Argazkia: EFE
Alavesek hiru partida zeramatzan bata bestearen atzetik galduta, baina astelehen honetan, Santander Ligako 23. jardunaldian, bolada txar hori atzean utzi ahal izan du, Levanteri 2 eta 0 irabazi ostean. Victor Laguardiak (lehen zatian) eta Jony Rodriguezek (partidaren luzapenean) sartutako golei esker hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira.
Garaipen horrekin, bigarren itzuliko lehendabizikoa, babazorroak sailkapeneko seigarren postura egin dute jauzi, hau da, Europan aritzeko eskubidea ematen duen azken tokira. Levante, aldiz, hamazazpigarren tokian dago, 27 punturekin, jaitsieratik lau puntura.
Bi taldeek apenas sortu dute aukerarik lehen hamar minutuetan. Jonathan Calleri argentinarra ahalegindu da, baina buruz egindako bere saiakera Aitor Fernandez gipuzkoarraren atetik urruti joan da.
Alaves baloia pazientzia gehiagorekin ukitzen saiatu da; aurkariek, ordea, jokamolde zuzenagoa erabili dute, Jose Luis Moralesen eta Roger Martiren azkartasuna aprobetxatzeko asmoz.
Gaueko lehen abisu serioa Callerik eman du, buruz egindako bere bigarren saiakeran baloiak langaren aurka jo baitu, Jonyk eskuineko hegaletik egindako erdiraketa baten ostean. Aldaratzea Takashi Inuiri iritsi zaio, baina gasteiztarren elastikoarekin debuta egin duen erasoko jokalari japoniarrak kaskar errematatu du buruarekin, baloia sare barrura eramatea errazagoa zela ematen zuen arren.
Alaves arriskua sortzen hasita zegoen Levanteren ate inguruan, eta, halako batean, Jonyk bikain erdiratutako korner baten ondoren, Laguardia bigarren zutoinean agertu da, eta bere burukadak, horrako horretan bai, ate barruan amaitu du.
Etxekoen defentsak kontrolpean izan du Moralesen, bisitarien jokalari arriskutsuenaren, jarduna. Gainera, bigarren gola lortzeko zorian ere izan dira babazorroak lehen zatia amaitu baino lehen. Izan ere, arrisku gutxi eragin zezakeela zirudien falta batean, Aitor Fernandezek huts egin du baloia harrapatzeko garaian, baina Callerik ez du asmatu hura behar bezala jotzen.
Horrela iritsi da lehen zatiaren amaiera: Alavesek norgehiagoka mendean zuela eta Paco Lopezen taldea ezinean zebilela.
Atsedenalditik bueltan, Levante gogotsuago atera da, eta arrisku gehiagoren urreratu da Fernando Pachecok defendatzen zuen atera. Horren aurrean, Abelardoren mutilek atzeko lana sendotu dute, eta kontraerasoan jarduteari ekin diote. Horietako batean, Inuik oso gertu izan du bigarrena; alabaina, Levanteren atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoenean, ez da hura gainditzeko gai izan (62. minutua).
Paco Lopezek, bere aldetik, Denis Bardhi zelairatu du, eta mazedoniarrak geldikako jokaldietarako duen abilezia berezia aprobetxatzen saiatu dira valentziarrak, baina haren erdiraketek ez dute errematatzaile finik topatu.
Aitzitik, Alaves izan da neurketaren luzapenean erabateko lasaitasunaren gola erdietsi duena. Jonyk baloia lapurtu dio Doukoureri Levanteren atetik oso gertu, eta ez du barkatu area barrutik egin duen jaurtiketarekin.
Fitxa teknikoa:
Alaves 2: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte, Brasanac (Manu Garcia, 74. min), Pina, Wakaso, Jony, Calleri (Borja Baston, 90. min) eta Inui (Rolan, 87. min).
Levante 0: Aitor, Coke, Cabaco, Ruben Vezo, Luna (Dwamena, 85. min), Jason, Doukoure, Vukcevic (Bardhi, 60. min), Moses Simon (Mayoral, 67. min), Morales eta Roger.
Golak: 1-0, 35. min: Laguardia. 2-0, 93. min: Jony.
Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak: Pina, Brasanac eta Laguardia (Alavés); Cabaco eta Luna (Levante).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa