Alaves
3-0
Erredakzioa
Arabako taldeak 3-0eko emaitzarekin galdu du Santiago Bernabeun. Sailkapeneko zazpigarren postuan da, bosgarren den Getaferekin eta seigarren den Betisekin berdinduta.
Benzema, Alavesi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-0) Santiago Bernabeun. Arabako taldeak 17 jardunaldi jarraian (5. jardunalditik) eman ditu Europako postuetan sartuta, baina posizio horietatik at da, Getaferekin (bosgarren) eta Betisekin (seigarren) 32 punturekin berdinduta. Hirugarren porrota jarraian jaso du Abelardok zuzentzen duen taldeak.
Real Madril indartsu zelairatu da Bernabeun eta hasieratik eraman du arriskua Pacheco atezainak defendatzen zuen ate ingurura. Viniciusen oinetatik pasa dira talde merengearen jokaldi arriskutsuenak. Alaves aurkariaren erasoaldiak gelditzen saiatu da, eta gogotik sufrituta izan bada ere, helburua lortu du lehen ordu erdian. Neurketako 30. minutuan, ordea, Viniciusek pase bikaina eman dio Reguiloni, hau area barruan sartu da, pasea eman, eta Benzemak 1-0ekoa sartu du.
Real Madril jaun eta jabe izan da lehen zatian. Alaves saiatu da kontraerasoan min egiten, baina ez du abagunerik sortu. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, Odriozolak pase kaskarra eman dio Courtois atezainari, eta larri desbideratu du baloia atezain belgikarrak.
Bigarren zatiaren hasieran, 49. minutuan, Pachecok bikain harrapatu du Gareth Baleren jaurtiketa. Ondoren, Asensio sartu da galestarraren ordez, eta aukera on baten, zeruetara bidali du jaurtiketa. Alavesek izan duen abagune bakarra Jonyren bitartez etorri da, baina Courtois atezainak desbideratu egin du Alaveseko jokalariaren jaurtiketa. Real Madril nagusi izan da, abagune onenak eduki ditu, baina gol bateko aldea besterik ez du izan 80. minutura arte. Orduan, Alavesek kale egin du jokaldi bat lotzerakoan, Real Madrilek kontraerasoa antolatu du, eta Viniciusek 2-0ekoa sartu du. Brasildarraren golak erabakita utzi du norgehiagoka.
Bigarren gola hartu ostean, Arabako taldea behera etorri da. Real Madrilek hirugarren golaren bila jo du, eta lortu ere egin du; Marianok sartu du 3-0ekoa, Odriozolaren erdiraketa sare barrura errematatuta. Amaieran, beraz, porrota jaso du Alavesek. Abelardok zuzentzen duen taldeak lau partida jarraian daramatza garaipenik lortu gabe, baina Europako postuetan sartzeko lehian mantentzen da.
Fitxa teknikoa:
3 - Real Madril: Courtois; Odriozola, Nacho, Sergio Ramos, Reguilon; Casemiro, Modric, Ceballos; Bale (Marco Asensio, 63. min), Vinicius (Isco, 87. min) eta Benzema (Mariano, 74. min).
0 - Alaves: Pacheco; Vigaray, Laguardia, Maripan, Duarte; Pina, Manu Garcia (Guidetti, 81. min), Wakaso; Jony, Burgui (Diego Rolan, 68. min) eta Calleri (Alex Blanco, 81. min).
Golak: 1-0, 30. min: Benzema. 2-0, 80. min: Vinicius. 3-0, 91. min: Mariano.
Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak atera dizkie Alaveseko Laguardia (32'), Burgui (54') eta Wakaso (74') jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
01 | 12:00 - 14:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak Finalak |
01 | 16:00 - 19:30 | CROSSFIT | Basque Crossfit Txapelketa |
01 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | Final-laurdenetako ligaxka: Peña II vs P. Etxeberria |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa