Alaves
EA Sports Liga
I. G. | EITB
Denis Suarezek eta Lucas Boyek sartu dituzte babazorroei garaipena eman dieten golak.
Alaveseko jokalariak Boyeren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek 2-1 garaitu du Espanyol igande honetan Mendizorrotzan jokatu den EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partidan. Denis Suarezek eta Lucas Boyek sartu dituzte babazorroei garaipena eman dieten golak.
Etxeko taldeak gutxi behar izan du markagailua mugitzeko; izan ere, 5. minuturako sartu du Denis Suarezek gola bere taldea aurretik jartzeko. Yusik ezker hegaletik erdiratu du, eta Suarezek sarera bidali du baloia (1-0).
Arabako taldeak indartsu jarraitu du beste gol baten bila. Gertu izan dute Boyek, Yusik eta Calebek, baina Dmitrovic ondo ibili da aukera guztiak ezerezean uzteko.
Pixkanaka, Espanyolek aurrera egin du, eta gehiago hurbildu da Alavesen areara. Tenagliak ia gol marratik atera du Pere Millak errematatutako kornerra.
Dena den, Alavesek egin du berriro gola. Boyek baloia lapurtu du hegalean, eta ateraino eraman du Dmitrovic gaindituta sare barrura bidaltzeko (2-0).
Bigarren zatia euskal taldearen nagusitasun berarekin hasi da, baina Espanyolek hegaleko sake bat erabili du erdiraketa egin eta Roberto Fernandezek buruz sarera bidaltzeko (2-1).
Espanyolek gogor sakatzen jarraitu du, eta babazorroei defendatzea egokitu zaie. Ondo egin dute, eta kontraerasoak aprobetxatzen saiatu dira. Carlos Vicente aldea handitzeko zorian egon da, baina zentimetro batzuengatik ez da baloira iritsi.
Beste abagune eder bat ere izan du azken minutuetan, baina horren jaurtiketak zutoina jo du. Gainera, Boyeri bigarren txartel horia atera diote.
Hala ere, Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du azkenean.
Hurrengo zuzenekoak
| 06 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Elordi-Zabaleta vs P. Etxeberria-Rezusta |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa


Aukera ezazu nabigatzeko nahiago duzun hizkuntza.
Elige el idioma en el que prefieras navegar