Alaves
Errege Kopa
EITB Media
Aurrelari babazorroak hiru gol egin ditu, eta Aragoiko hegalekoak beste bi. Gainera, biek elkarri asistentziak eman dizkiete golak sartzeko orduan.
Mariano eta Carlos Vicente taldekideekin goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Alaves Errege Kopako bigarren txandarako sailkatu da, Getxo (0-7) jipoitu ondoren. Gau lasaia izan da Gasteizko taldearentzat, Gobelako zelaian, eta Mariano Diaz eta Carlos Vicente izan dira protagonista nagusiak.
Marianok Alaves aurretik jarri du zazpigarren minutuan, Ballesteroren erdiraketa neurtua aprobetxatuz. Gutxi geroago, Carlos Vicentek abagune ona izan du bigarren gola egiteko, Marianok egindako jokaldi baten ostean, baina bere jaurtiketa gora joan da.
Babazorroek Getxoren defentsa gainditzen eta arriskua sortzen jarraitu dute, batere ere hegaletatik. Horrela, Pablo Ibañezek barnekaldia egin du, baina haren erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu.
Getxok nolabaiteko arriskuarekin lehen errematea 24. minutuan egin du, baina burukada Raul Fernandezen atearen gainetik joan da. Talde bizkaitarra erasoan pixka bat saiatzen ari zenean, arabarrek bigarren kolpea eman dute. Carlos Vicentek Marianori sekulako pasea eman dio, eta aurrelariak bakar-bakarrik bere bigarren gola sartu du (28. min).
Jarraian (32.min) Carlos Vicentek gasteiztarren hirugarren gola egin du, Getxoko atzelariek baloia jokatuta ateratzeko saiakeran huts egin ondoren. Atsedenaldia baino lehen, Alavesek 0-4koa egiteko denbora izan du. Oraingoan Marianok erdiratu eta Carlos Vicentek errematatu du area barruan, baloia gurutzatuz.
Atsedenaldiaren ostean, partidaren erritmoa jaitsi egin da, baina Carlos Vicentek beste barnekaldi bat egin du bere hegaletik, eta bere erdiraketa ez du Marianok alferrik galdu bosgarren gola egiteko egiteko orduan, hirugarrena bere kontu partikularrean (58. min).
Azken txanpan Coudetek aldaketak egin ditu, eta 74. minutuan Morcillok Lander Pinillos harrobiko jokalariaren pasea baliatu du seigarrena egiteko, eta 81.ean Toni Martinezek garaipena borobildu du jokaldi on bat egin eta zazpigarren gola sartuta.
Fitxa tenikoa:
0.- CD Getxo: Argoitia (Unai Josu, 46.m); Guti, Javi Berenguer, Azpiazu (Garrido, 53.m), Ansotegi; Santos (Plaza, 80.m), Canales; Markel Pradera, Torralvo (Davila, 59.m), Iker alvarez (Marcos Martinez, 80.m); eta Ander Pradera.
7.- Alaves: Raul Fernandez; Ballestero (Pinillos, 61.m), Protesoni, Parada (Egoitz Muñoz, 46.m), Diarra; Guevara, Pablo Ibañez (Morcillo, 61.m); Carlos Vicente (Toni Martinez, 75.m), Guridi, Rebbach; eta Mariano (Yusi, 75.m).
Golak: 0-1, 8.m: Mariano. 0-2, 28.m: Mariano. 0-3, 32.m: Carlos Vicente. 0-4, 40.m: Carlos Vicente. 0-5, 58.m: Mariano. 0-6, 74.m: Morcillo. 0-7, 81.m: Toni Martinez.
Epailea: Miguel Sesma errioxarra. Getxoko Santos (57.m) jokalariari txartel horia erakutsi dio.
Belar artifizialeko Gobela futbol-zelaian jokatutako partida, ia 1.500 ikusleren aurrean.
Hurrengo zuzenekoak
| 06 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Elordi-Zabaleta vs P. Etxeberria-Rezusta |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa


Aukera ezazu nabigatzeko nahiago duzun hizkuntza.
Elige el idioma en el que prefieras navegar