Herriak eta Hiriak
Irailaren 23an eta 24an
eitb.eus
Argitu hemen zalantza guztiak: Zenbat eraikin bisita daitezke? Zeintzuk dira ordutegiak? Aldez aurretik izena eman beharra al dago? Nolakoak izango dira bisitak?
Euskalduna Jauregia. Argazkia: EiTB
Albisteak (2)
Informazio gehiago (2)
Zer da Open House Bilbao 2017?
Arkitektura jaialdi bat da, eta, horren baitan, Bilboko eraikin ospetsuenak irekiko dituzte asteburu honetan (larunbata, hilak 23, eta igandea, hilak 24), herritarrek doan bisita ditzaten. Eraikin horietako gehienak itxita egon ohi dira herritarrentzat; beraz, aukera paregabea da horiek barrutik ezagutzeko.
Jaialdia Open House Worldwide sarearen barruan dago. Sare horretan, 39 hiri daude: Londres, New York, Bartzelona, Madril, Tel Aviv, Milan, Lisboa… eta Bilbo!
Zenbait eraikin bisita daitezke?
Orotara 47 eraikin zabalduko dituzte, hala nola San Mames, Arriaga Antzokia, Iberdrola Dorrea, Ibaigane, Arte Eder Museoa eta Azkuna Zentroa. Kontsultatu hemen eraikin guztien zerrenda.
Eta Guggenheim?
Guggenheim Museoa kasu berezia da, zozketa bidez dagoeneko aukeratuta dauden 60 pertsonek bisitatu ahalko baitute. Puppy barrutik erakutsiko diete.
Zeintzuk dira ordutegiak?
Oro har, jaialdiaren ordutegia hauxe izango da: 10:00etatik 20:00etatik, larunbatean, eta 10:00etatik 19:00etara, igandean. Hori bai, eraikin bakoitzak ordutegi propioa izango du. Kontsultatu hemen ordutegi guztiak.
Aldez aurretik izena eman beharra dago?
Guggenheimen izan ezik, gainerako eraikin guztietan ez da izena eman behar bisita egin ahal izateko. Ordutegi barruan bertaratzea nahikoa da. Leku batzuetan, baina, baliteke nortasun agiria erakutsi behar izatea.
Nolakoak izango dira bisitak?
Eraikinetarako bisitak boluntarioen bidez egingo dira, hau da, profesionalak ez diren gidarien bitartez. Eraikinak erakutsi eta sarbideak kontrolatuko dituzte. Ez da izenik eman behar aurrez; eraikina aukeratu, bertaratu eta barrura sartu besterik ez da egin behar.
Bisitek 25-30 minutuko iraupena izango dute, eta gehienez 25 laguneko taldeetan egingo dira. Azken bisitariak eraikin bakoitza itxi baino 30 minutu lehenago sartu ahalko dira. Jaialdiari esker, herritarren bizimoduaren edo ametsen parte diren eraikinak bisitatu ahalko ditugu. Arkitekturaz eta hirigintzaz ikasi ez eze, Bilboren historia ere ulertuko dugu.
Ibilbideak
Open Housek 6 ibilbide proposatu ditu eraikin jakin batzuk bisitatzeko norbere kontura. Hauek dira:
- Arkitektura garaikidea: Bost ordu inguruko iraupena duen ibilbidean, Bilboko hiri paisaia eraldatzen joan diren proiektu ezagunek izango dituzte ateak zabalik, arkitektura garaikidea erabili baina hiriaren izaerari eta nortasunari eutsi dioten proiektuek. Arkitektura hori auzo guztietan zehar zabaldu da eraikinak berrituz eta birgaituz.
Eraikin hauek bisitatzea proposatu da: Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen egoitza, Bilbao Arena Kirol Jauregia, Miribillako eliza, Iberdrola dorrea, Euskalduna jauregia eta Euskadiko Artxibo Historikoa. Iraupena: 5 ordu inguru.
- Bilboko etxebizitzak: Bilbok tipologia sorta handia du, eta eredu paregabeak aurkitu ahal ditugu denetan garai bakoitzean etxebizitzen inguruan eman zen berrikuntza eta ikerketa lanari esker.
Horregatik, 5 ordu inguruko ibilbide honetan, Etxe Amerikarrak, Etxargi, Montero etxea eta Solokoetxeko etxebizitzak bisitatzeko gomendioa egin dute.
- Bilboko hiru garai: Bilbo bere kokapen geografikoari eta barnealdeko portu izaerari esker garatu zen; XIX. mendean, gainbehera egin zuen, eta, ondoren, ibaia igaro eta zabalgunea eraikitzen hasi zen. Industrializazio garaia zen. Industriaren gainbeherarekin batera, zerbitzu eta kultur hiri bilakatzen hasi zen Bilbo. Arkitekturari esker, Bilboren eta bilbotarren izaera eta nortasuna markatu duten 3 garai ezagutzeko eta haietan barneratzeko aukera izango dugu.
Lau ordu inguruko ibilbidea da, eta hiru garaiok ikusteko aukera izango dugu eraikin hauek bisitatuta: Eliz Museoa, Esperientzia gelak, Burtsa eraikina, Miribillako eliza eta Bilbao Arena.
- Eraldaketa lau eraikinetan zehar: 25 urtetan zehar Bilbok bere izaera industriala eraldatu eta hiriko gune esanguratsuak eraberritu ditu. Izaera eta jatorrizko aberastasun arkitektonikoa mantenduz Bilboko gizartearen erabilera eta behar berrietara egokitzeko gaitasuna izan duten eraikinak dira, eta Bilbo hirigintzan erreferente bilakatu dute.
Lau ordu eta erdiko bisitaldian, ibilbide hau proposatu dugu: Azkuna Zentroa, Arte Ederren Museoa, Castaños kaleko azoka eta IDOMen eraikina.
- Modernismoa Bilbon: Bilboko arkitekturan, XX. mendearen hasieran, modernismoa eklektikotasunaren barruko alternatiba besterik ez zen izan, ez baitzen estilo espezifiko eta finkatu bilakatu.
Honako honetan proposatzen dugun ibilbidean, hiru ordu eta erdikoa, gutxi gorabehera, eraikin hauetara hurreratuko gara: Castaños kaleko azoka, Montero etxea, Azkuna Zentroa eta Zankoetako Udaltegia.
- Bilboko jauregiak: Bilbon dauden jauregi bikainek industrializazioaren garaian sortutako aberastasuna erakusten digute. Industrializazioaren eta zabalgunearen goreneko unean enpresaburuek eta industria arloko pertsonek euren arrakasta soziala eta enpresariala arkitekturan islatu nahi izan zuten.
Horixe erakutsiko digute jauregiok. Honako honetan proposatzen dugun ibilbidea bi ordu eta erdikoa da, gutxi gorabehera, eta eraikin hauek bisitatuko ditugu: Olabarri jauregia, Ibaigane jauregia eta Chavarri jauregia.
360º esperientzia
Garcia de la Torre arkitektoek, leku estrategiko eta hiriko begiraleku naturaletatik, Bilboren arkitektura eta eraldaketa azalduko dizkigute. Aukeratu diren lekuek hiriaren garapenean ehunduta daude, barruko portu zeneko garaietatik, XIV. mendean, Abandoibarrako XXI. mendeko esku-hartzeetaraino. Esperientzia hauei esker, herritarrek Bilboren ezagupenetan eta bertan gertatu diren aldaketetan sakontzeko aukera izango dute.
Lau elkargune jarriko dira:
- Jesusen Zerbitzarien kaia - Naxako begiralekua: Hiri historikotik merkataritza-hirirako aldaketa azalduko dugu, lehenengo zabalguneak eta itsasadarraz bestalderako jauzia, Bilbo modernoa eratuz.
- Albiako lorategiak. Puntu estrategiko eta lehenengo zabalgunearen birika den leku honetatik, XX. mendeko hiriari hasiera emateko Bilbora atxikitako Abandoko elizatearen berri emango dugu.
- Moyua plaza. Zabalguneko kale nagusiaren erdian, eraikin bikainez inguraturik, hiri historikoaren eta Olabeagako portu-gunearen erdibidean dago.
- Guggenheim Museoaren sarrera, Puppyren ondoan. Abandoibarrako esku-hartze urbanistikoak zabalgunearen handitzea eta horren amaiera dakar. Itsasadarra oztopo izatetik hiriaren ardatz egituratzaile izatera pasatu da, eta ibaira begira dagoen hiri berri bat sortu da.
Open House pasaportea
Herritarrek ahal denik eta partaidetzarik handiena izatea nahi dugu, eraikinik ez uzteko bisitatu gabe. Horregatik, Open House Bilbao pasaportea proposatu dugu; pasaportea eraikin guztietan banatuko da, eta bisitaldi bakoitzean puntuak batuko dira; ondoren, puntu horiekin deskontuak eta kontsumizioak emango dizkigute ekimenera batu diren Zazpikaleetako establezimenduetan.
#Opengram
Jaialdia matxan den bitartean, argazki-lehiaketa egingo da, eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, Instagram sarera argazkiak igoz. Argazkiek #OpenGramBilbao17 eta #OpenHouseBilbao2017 traolak erabili eta @openhousebilbao kontua etiketatu behar dute. Irabazleak 150 euroko saria izango du. Gainera, finalista geratu diren argazkiekin eta interesgarriak diren beste batzuekin, nahiz eta aukeratuak ez izan, erakusketa bat antolatuko da Bilboko udaltegietan.
Bilboko jaietako azken albisteak, eitb.eus atarian.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa