Herriak eta Hiriak
Donostia
Agentziak | Erredakzioa
Auzotarren bizi-kalitatea bermatuko lukeen plan berezia eta osoa garatzea eskatu dio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Donostiako Udalari.
Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek osatutako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak manifestu bat aurkeztu du asteazken honetan, turismoak eragindako “gehiegizko ustiaketa” salatzeko. Etxe turistikoak legeztatzeko beharra ikusi dute, eta “egoera jasanezina” dela azpimarratu dute. Ildo horretatik, 29 biztanleko ostatu bat dagoela adierazi dute, eta auzotarrak 6.000 diren arren turismora 1.600 ohe bideratuta daudela esan dute.
“Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen alde” izeneko txostenean, ingurua “parke tematiko gastronomiko bat” bihurtzen ari dela kritikatu du auzo elkarteak. Ildo horretatik, “auzokoentzat bideratutako etxebizitzak murriztu” dituztela salatu dute, eta turismoak “aurrean harrapatzen duen guztiarekin” amaitzen duela ziurtatu dute.
Auzo elkarteak azaldu duenez, Donostiako Parte Zaharrean 62 pentsio eta 280 apartamentu turistiko daude gaur egun; hau da, Gipuzkoako hiriburuan turismora bideratutako ostatu gehienak bertan daude. Halaber, inguruan bi hotel eraikitzen ari direla esan dute. Guztira, beraz, turistei 1.600 ohe eskaintzen dizkietela nabarmendu dute.
“Zenbat denboraz jasan ahal izango du auzo honek atsedenik hartzen ez duen erabilera hori, gizarte-kohesioa, nortasun historikoa eta kulturala, osasuna eta auzotarren bizi-kalitatea arriskuan jarri gabe?”, galdetu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Hala, Donostiako Alde Zaharreko bizilagunen arabera, “ez badira eraberritze neurriak lehenbailehen hartzen, laster ezinezkoa izango da auzo honetan bizitzea”.
“Gune publikoak pribatizatzeko joera duen politikak eta etxebizitzen merkantilizazioak atzera itzultzerik ez duen egoera batera garamatzate, eta Parte Zaharrean Bizi elkarteak urteak daramatza hori salatzen”, azpimarratu dute auzotarrek.
Bilboko jaietako azken albisteak, eitb.eus atarian.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa