Udal eta foru hauteskundeak 2023, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak

Udalen osaketa

12:40

Udalen osaketa

Nafarroa

Geroa Baik koalizio gobernua osatu nahiko luke, Barkosen esanetan

Agentziak | erredakzioa

Bestalde, Maria Chivitek jakinarazi du Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerreko buruzagiekin harremanetan jarri dela eta bilerak datorren astean abiaraziko dituela.

  • Barkos, prentsaurrekoan.

    Barkos, prentsaurrekoan. Argazkia: @geroabai

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidente eta Geroa Baiko buruzagiak maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du gaur, eta, itun posibleen inguruan galdetuta, esan du Geroa Bai koalizio gobernu bat osatzearen aldekoa dela, exekutibo hori nola egituratu beharko litzatekeen zehaztu ez badu ere.

"Lau urteotako eskarmentuak eta lanak agerian utzi dute gobernu aurrerakoi, anitz eta egonkor baten alde jarduteko dugun ahalmena", adierazi du Iruñean egindako agerraldian.

Iragarri duenez, PSNrekin bilera egiteko hitzordua egin dute jada, baina sozialistek zehaztu behar diete noiz eta non egin behar duten. Nafarroako Gobernurako ez ezik, udaletarako itunak ere izango dituzte eztabaidagai, argitu du Barkosek.

Barkosek ohartarazi du bilera sorta horretan ez da EH Bildu izango. Elkarrizketen lidergoa Geroa Bairi balegokio, ordea, ez litzateke hori gertatuko, erantsi du.

Otegik egin dion eskakizunari buruz galdetuta (hautagaitza aurkezteko eskatu dio), honakoa erantzun du: "Uxue Barkosen eta Geroa Bairen erabakiak Geroa Baik hartzen ditu, bistan da".

Jarduneko presidentearen iritzian, "helburua akordio errealak, egonkorrak hartzea bada, koherentzia ezinbestekoa da".

Gainera, Geroa Baiko hautagaiak esan du PSNri dagokiola negoziazioak zuzentzea, Geroa Bairi duela lau urte egokitu zitzaion moduan. Oraingoan, koalizioa hirugarren indarra da, eta "ez litzateke arrazoizkoa buruzagitza hartzea".

Horren iritzian, lehendakari izan denez, bera ez da koalizio gobernu horren partaide izango.

Chivitek datorren astean hasiko du bilera-sorta

Bestalde, Maria Chivite PNSko presidentegaiak jakinarazi du gaur goizean jarri dela harremanetan Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako buruzagiekin, eta datorren astean hasiko dituztela elkarrizketak.

Bilera-sorta horren helburua Nafarroan gobernu progresista bat eratzea dela berretsi du PSNk, "herritarren kezka nagusi diren enplegua, zerbitzu publikoak edo berdintasuna bultzatzeko".

Ildo horretan, eskuineko alderdiek Nafarroan agintzea saihestu nahi duela azpimarratu du Chivitek. "Eskuineko gobernurik nahi ez duen gehiengo sozialarekiko konpromisoari eusten diogu", erantsi du.



Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena