Udal eta Foru Hauteskundeak
Nafarroa
eitb.eus
Uxue Barkosek iragarri duenez, akordio programatiko “zabala” itxi dute. Akordioa lau indar politikoen militanteek berretsi beharko dute orain.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak desadostasun nagusiak gainditu dituzte, eta datozen lau urteetan Nafarroa gobernatzeko aurreakordioa itxi dute gaur, ETBk aurreratu duenez. Ondorioz, aldaketaren exekutiboa errealitate bat da.
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdietako ordezkariek akordio programatiko “zabala” itxi dute Uxue Barkosek Nafarroa zuzenduko duen Gobernua osatzeko.
Lau indar politikoak Nafarroako Parlamentuan bildu dira, 08:30ean, eta akordioa adostu dute azkenean.
Akordio programatikoa lau indar politikoen militanteek berretsi beharko dute orain. Exekutiboaren osaketa negoziatzen hasiko dira asteazkenean, Geroa Baiko bozeramaileak zehaztu duenez.
Jarraipen batzordea
Desadostasunak jarraipen batzordean aztertuko dituztela azaldu dute lau indarrek. “Eztabaidatzen eta neurriak hartzen jarraitzeko markoa” da jarraipen batzordea, erantsi dutenez.
Barkosek adierazi duenez, “lanean eman dugun denbora guztia Nafarroan aldaketa gertatzeko inbertitu dugu, nahiz eta Gobernuaren osaketa atzeratu”. Geroa Baiko presidentegaiaren ahotan, aldaketa “zimendu sendoekin egin behar dugu”.
“Sanferminen ondoren”
Barkosek azaldu duenez, akordio programatikoa “aurrera eramango duen gobernuari forma emateko aprobetxatuko dute negoziazioen azken txanpa”. Gobernu berriaren inbestidura “sanferminen ondoren” izango dela gaineratu du Gero Baiko presidentegaiak.
Gaur adostutakoa ikusita, “aurrekontuetan akordioa lortzea posible da”, adierazi du Barkosek.
Lau alderdiak, programa ezberdinekin, akordio programatikoa lortzeko “kapaz izan dira”, goraipatu du Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak. Araizen ahotan, Gobernu “egonkorra eta iraunkorra” izateko oinarriak finkatu dituzte.
Egindako lana “oso positiboa” izan dela esan du Laura Perez Ahal Duguren bozeramaileak. Lan “handia” egin dutela uste du Perezek. Ahal Duguko ordezkariaren hitzetan, “neurrien inguruko adostasun zabalak” lortu dituzte.
Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramailearen esanetan, “ez da baten programa, akordio programatiko bat baizik”.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa