Udal eta Foru Hauteskundeak
Osoko bilkura
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cintruenigori soilik eutsi dio. EH Bilduk eskuratu ditu UPNk galdutako alkatetza asko, tartean, Iruñea, Lizarra, Barañain eta Tafalla.
Albisteak (1)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Gaur udal berriak osatu dituzte Nafarroan eta UPNren eta PSNren gainbehera gauzatu da; izan ere, bi alderdiek Nafarroako herri nagusietako alkatetzak galdu dituzte eta EH Bilduk, berriz, herri handi askotan aginduko du.
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu izan zen garaile Nafarroan; zehazki, 297 zinegotzi lortu zituen (113 gehiago), UPNk 281 zinegotzi (41 gutxiago) eta PSNk 208 (31 gutxiago).
Gaurtik aurrera EH Bilduk izango du aginte-makila Iruñan; izan ere, Geroa Baiko, Aranzadi hautagaitzako eta I-Eko zinegotzien babesari esker EH Bilduko Joseba Asiron izango da alkate berria.
Halaber, koalizio abertzaleak beste alderdi batzuekin egindako itunei esker Lizarran eta Iruñerriko herri nagusienetan -Barañain kasu- aginduko du. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan bai Lizarran eta baita Barañainen ere UPNren zerrenda izan zen bozkatuena. Lizarran EH Bilduko Koldo Leoz aukeratu dute alkate, EH Bilduren, Ahora plataformaren eta Geroa Bairen botoei esker. Horrenbestez, agintea kendu dio azken bi legegintzaldietan herria gobernatu duen UPNri.
Tradizionalki sozialisten gotorleku izan den Antsoaingo udalean ere EH Bilduko alkatea izango da eta gauza bera gertatu da orain arte UPNren eskuetan zegoen Tafallarekin ere. EH Bilduko Arturo Goldazarena aukeratu dute Tafallako alkate koalizioko zinegotzien babesarekin soilik. Bestalde, Atarrabia, Berriozar eta Baztan herrietako alkatetzei eutsi die koalizio abertzaleak.
Izquierda-Ezkerrak (I-E) orain arte zuen ordezkaritza hobetzea lortu du eta aurrerantzean Eneko Larrarte izango da Tuterako alkatea sozialisten eta independenteen babesari esker.
UPNk Erriberako alkatetza gehienak galdu ditu, tartean, herri handienak. Are gehiago, Cintruenigori soilik eutsi dio. Bestalde, PSNk San Adrian, Azagra eta Carcar herrietako aginteari eutsi dio.
Bestalde, Geroa Baik Iruñerriko Egues eta Zizur herrietako alkatetzak eskuratu ditu beste alderdiekin egindako itunei esker. Gainera, Altsasun eta Lesakan Geroa Baiko alkatea izango dute zerrenda bozkatuena izan ostean eta baita Auritzen ere, aurkeztutako zerrenda bakarra izaki.
Ahal Dugu alderdiak ere ordezkaritza izango du Nafarroako udaletan eta, esaterako, Burlatako alkatea Ahal Duguk babestutako plataformakoa izango da.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa