EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak
EAE-ko Hauteskundeak 2020
KANPAINA
EITB.EUS
EAJ hezkuntza-itun berri baten alde agertu da; PSE-EE nazionalistek bat egingo duten beldur agertu da; PPk, EAJk "Espainia ahul" bat nahi duela adierazi du, eta Podemosek uste du "Euskadi nazioa" dela
Arnaldo Otegi, gaur, Gernikan. EFE
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
EAJ hezkuntza-itun berri baten alde agertu da; PSE-EE nazionalistek bat egingo duten beldur agertu da; PPk, berriz, EAJk Espainia ahul bat nahi duela adierazi du.
Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetako bigarren kanpaina eguneko goizean jarduneko lehendakaria eta berriz hautatua izateko EAJren hautagaia den Iñigo Urkulluk hezkuntza-bekak 55 milioi eurorekin sendotu nahi ditu, 130.000 ikaslerengana hel daitezen. Era berean, Euskadiren etorkizunari begira, hezkuntza-itun berri bat egitea proposatu du, hiru ardatz izango dituena: "teknologia berriak, hizkuntza aniztasuna eta prestakuntza-enplegua".
Urkulluk hauteskunde-ekitaldi batean parte hartu du larunbat goizean Errenterian, eta, bertan, hezkuntzari eta euskarari dagokionez EAJk dituen proposamenak azaldu ditu.
Gogoratu duenez, Euskadik dagoeneko betetzen ditu 2020 urterako Europak ezarritako xedeak, nahiz eta akordio horren bidez "hobetzen jarraitu behar dugun", gaineratu du. Beharrezkotzat jo du bultzada berri bat, eta "etengabeko hobekuntza, etengabeko garapena" akordioa hezkuntza-komunitatearekin batera ezartzearen alde agertu da.
Geroago, arratsaldean, EAJk Bilbon, Casilda parkean, antolatutako festan, Urkulluk Espainiaren gobernagarritasun-arazoak izan ditu hizpide, eta PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanos alderdiei leporatu die "Espainia zuzentzeko gai izan ez", baina euskal autonomia erkidegoko hauteskunde kanpainara "lezioak ematera" etortzea.
"Herri akordio handia"
Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak EAJ, Elkarrekin Podemos eta bere alderdiaren arteko "herri akordio handia" eratzea proposatu du, euskal "subiranotasun nazionala" eta ongizatearen estatua erdiesteko xedearekin.
Gernikako arbolaren aurrean egindako ekitaldian, zeina euskal "erresistentziaren ikurra" dela esan duen, Otegik adierazi du "herrialdearen gehiengo sozial, politiko eta sindikalak" adostutako aipatu akordioak "bide orri" bat mahaigaineratu behar duela subiranotasun nazionala berreskuratzeko, eta hura abian jartzeko "konpromiso argia", Estatuak blokeatzen baldin badu.
Ezker abertzalearen buruak azaldu duenez, akordio horrek euskal gizartearen "injerentziarik gabeko erabakitzeko eskubidea" jaso behar du, baita preso eta deportatuak etxera itzultzea ere; izan ere, ezinbesteko aldarrikapentzat jo du "erabateko bakea" lortzeko.
Arratsaldean Usurbilen egon da Otegi gazteriarekin egin duen topaketa batean. Bertan, gazteek egiten duten ahaleginari ezin zaiola "prekaritatearekin, langabeziarekin eta migrazioarekin". Ildo beretik, euskal gazteriak bere "bizi proiektua gauzatu ahal izateko aukera guztiak" merezi dituela gaineratu du.
Mendia: "Nazionalistek bat egiten dutenean, Euskadik bere unerik txarrenak igarotzen ditu"
Lehendakari izateko PSE-EE alderdiaren hautagai Idoia Mendiak Arabako Unibertsitate Ospitalearen aurrean, Gasteizen, aritu da kanpainako gaurko ekitaldi nagusian. Ekitaldian zehar "guztiok batera" sozialki aurreratua den Euskadi eraikitzea defendatu du; izan ere, bere iritziz, "nazionalistak eraikuntza nazionalaren inguruan bildu direnean, Euskadik bereizketako eta gatazkako unerik txarrenak igaro ditu".
"Edo etorkizunari guztiok batera anbizioz begiratzen diogu edota gizartea banatzen eta frustrazioa besterik eragiten ez duten eztabaida zaharretara itzultzen gara", ohartarazi du Mendiak.
Sozialistek beste ekitaldi bat egin dute arratsaldean, Bilboko Arriaga plazan, alderdiko kide gazteekin. Bertan, gazteak lan bila kanpora joatera behartu dituen "sarraskiari" amaiera ematearen alde azaldu da. Horrez gain, "enplegua" sozialisten politika guztiak oinarritzen diren "lehentasuna" direla baieztatu du.
Alonso: "EAJk Espainia ahul bat nahi du"
Bere aldetik, Alfonso Alonso Alderdi Popularreko lehendakarigaiak gaur nabarmendu duenez, irailaren 25eko hauteskundeen ondoren "EAJ boterez horditzen bada, erradikaltasunaren eta hausturaren bidetik joango da".
Alonso Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldian egon da, eta, bertan esan duenaren arabera, "EAJk Espainia ahul bat nahi du", berriz ere autodeterminazio eskubidea proposatzeko; izan ere, Juan Jose Ibarretxerekin egin zuenean, bi alderdi nagusiek (PP eta PSOE) bat egin zuten bidea ixteko.
"Podemosek ez du inolako trabarik Euskadi nazio bat dela esateko"
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, bere alderdiak "ez du inolako trabarik Euskadi nazio bat dela esateko". Bere aburuz, hauteskundeen ostean, edozein akordioren oinarrian "eskubide sozialen defentsa, bizikidetzarekiko eta bakearekiko konpromisoa eta erabakitzeko eskubidea" egongo dira; dena dela, hori "Euskadiko oinarriek erabakiko duten kontua" izango da.
Iglesias Elkarrekin Podemos alderdiak Barakaldon egin duen mitinean egon da Pili Zabala lehendakarigaiarekin eta Nagua Alba Euskadiko idazkari nagusiarekin batera.
Ciudadanosen iritziz, EAJ Bilduren beldur da
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak "Espainiaren gobernagarritasunari jaramonik ez egitea" leporatu dio gaur EAJri, "Bilduren beldur delako"; alabaina, euskal gizarteari eragiten dioten gai ekonomiko nagusienak "Kongresuan borrokatu behar dira". Riveran Bilbon egon da gaur goizean, Nicolas de Miguel lehendakarigairekin batera Etxetxua plazan egindako ekitaldian esku hartu du.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa