12:16

gaztea

LGTBIfobia

LGTBIfobiaren Kontrako Eguna: gorroto diskurtsoak eta erasoen jario etengabea

B. F. | EITB Media

Azken egunetan Euskal Herrian salatutako erasoek frogatu dute: maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Kontrako Egunean, badago zer aldarrikatu, seinalatu eta kondenatu.

  • LGTBI Harrotasunaren Eguneko manifestazioa, Bilbon

    LGTBI Harrotasunaren Eguneko manifestazioa, Bilbon

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

LGTBIfobiaren Kontrako Eguna da maiatzaren 17an. Azken 48 orduetan, bi eraso homofobo salatu dituzte Ortuella eta Getxoko jaietan.

Bi emakumek salatu zuten Getxoko Andra Mari jaietako erasoa. Adierazpen judizialean jaso dutenez, gizon batek emakume horietako bat jipoitu zuen, "puta lesbiana" oihukatzen zuen bitartean. Anbulantziak emakumea artatu behar izan zuen, eta Ertzaintza erasotzailea identifikatzeko lanetan ari da.

Aipatutako biak ez dira azkenaldian Euskal Herrian jazotako kasu bakarrak. Bada, Ikusgune behatokiak urteroko txostenean publikatu duenez, oldarraldiek ez dute behera egin azken urtean.

Araba azpimarratu dute txostenean, 2023an 28 eraso homofobo izan baitziren bertan. Erasoek etenik ez duten arren, biktimek gero eta gehiago salatzen dutela diote Ikusguneko adituek.

Instituzioen gorroto diskurtsoak

Homofobia eta LGTBI kolektiboko kideen kontrako indarkeria gizartearen esparru guztietan hedatuta dagoen arren, Ikusguneko ikerlariak bereziki kezkatuta daude instituzioetan gertatzen ari denarekin.

Izan ere, bertan entzuten diren gorroto diskurtsoek eragin zuzena dute jendearen egunerokoan. Adituen hitzetan, politikarien ahoetatik ateratzen diren mezu homofoboek kalean ikusten ditugun jarrera biolentoak bultzatzen dituzte.

Honela azaldu Amets Martinez de Heredia Ikusguneko ordezkariak: "Jendeak pentsatzen du: Parlamentu batean holako astakeriak esan ahal badituzte, zergatik nik ez ditut esango nik kalean, lantokian edo familian".

Lankideak, aitak edo lagunak dituen jarrera homofoboen aurrean ekintza zuzenaren aldekoak dira Ikusgunen: "Dugun WhatsApp talde horretan dagoen LGTBIfobo hori agian taldetik bota behar dugu".

Manifestazioak

Kalera irteteko eguna da gaur Euskal Herriko hiri eta herrietan. Hona manifestazio eta elkarretaratzeen lekua eta ordutegiak.

Bilbo: Arriaga Antzokian, 18:30ean (E28 Koordinadorak deituta)

Durango: Andra Marin, 19:00etan (Kuir Eztandak deituta)

Gasteiz: Andre Mari Zuriaren Plazan, 18:15ean (Miaukatuzek deituta)

Hernani: Plaza Berrian, 19:30ean (Buruntzaldeko TRansmaribibolloek deituta)

Leioa: Pirulian, 19:00etan (Ukatuk deituta)

Iruñea: Errekoleten Plaza (Los Ajos), 19:00etan (E28 Plataformak deituta)

Oiartzun: Plazan, 19:00etan (Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta)

Orereta: Herriko plazan, 19:00etan (Orasoaldeko LGTBI+ Kuirdonadorak deituta)

Orio: Herriko plaza, 19:00etan (Urola Kostako Transmaribolloek deituta)

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena