13:04

EiTB TALDEA

Denboraldi berria

Agortu dira "Go!azen" telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldirako sarrerak Belodromoan

EITB MEDIA

Irailaren 27an izango da hitzordua, 18:30ean, eta telesail arrakastatsuaren 11. denboraldiko lehen atala ikusi ahal izango da. Denboraldi berria udazkenean iritsiko da.

  • ''Go!azen'' telesail musikalaren 11. denboraldiko aktoreak

    "Go!azen" telesail musikalaren 11. denboraldiko aktoreak

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Irailaren 27an, ostirala, "Go!azen" telesailaren jarraitzaileek hitzordua dute Donostiako Belodromoan; izan ere, gazteentzako telesail arrakastatsuaren denboraldi berriko lehen atalaren aurrestreinaldia eskainiko du EITBk egun horretan, 2024ko Zinemaldiaren baitan. Hain zuzen ere, 18:30ean izango da, eta, aurrekoetan bezala, proiekzioaren aurretik protagonistak oholtza gainera igoko dira, bertaratutakoei zuzeneko ikuskizuna eskaintzeko. Sarrerak astearte honetan jarri dituzte salgai eta hiru ordu baino gutxiagoan agortu dira.

Abentura eta istorio berriekin, aurten ere aurreko denboraldietako pertsonaia ezagunak ikusiko ditugu: Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) edo Maitane (Nerea Arriola); baina beste berri batzuk ere izango dira: Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia, (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar). Maitasuna, adiskidetasuna, desadostasunak eta umorea bilduko dira, besteak beste, Basakabin. Hori guztia, gainera, euskal abesti onenekin batera.

Urtero bezala, denboraldi berria udazkenean iritsiko da; baina, aurretik, hainbat aurrestreinaldi jendetsu eskainiko dira, lehena Zinemaldian.

EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial

EITB Donostia Zinemaldiaren kolaboratzailea da duela bi hamarkada baino gehiagotik; baina edizio honetatik aurrera, nabarmen handituko du presentzia, Babesle Ofizial gisa. EITBk Zinemaldiarekin duen lotura berriro ere agerian geratuko da Zinemira euskal zinemari eskainitako sailaren babesaren eta Euskal Zinemaren Galaren bitartez. Gala horretan, ohiko proiekzioaren ordez, euskal kulturaren erakusgarri diren musika-emanaldiz eta artistaz osatutako ikuskizun bat izango da aurten. Nola ez, Victoria Eugenia Antzokiak EITB Gala hartuko du aurten ere.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena