22:35

EiTB TALDEA

Balantzea

EiTBren "Koronabuloak" zerbitzuak 1.500 abisu jaso ditu lehen hilabetean

EiTB

Herritarren parte-hartzeak gezurrezko 60 eduki ezeztatzea ahalbidetu du. 600.000 erabiltzaile bakar baino gehiago sartu dira zalantzak argitzeko egin diren albisteetan.

  • Fake news.

    Fake news. Argazkia: Pixabay (memyselfaneye)

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Koronabirusari buruz zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egiteko Euskal Irrati Telebistak martxan jarritako "Koronabuloak" zerbitzuak 1.500 abisu jaso ditu lehen hilabetean.

Herritarren parte-hartzea behar duen zerbitzu hau martxoaren 16an jarri zen martxan, eta, abisu horiei esker, 60 albiste faltsu ezeztatzeko aukera izan du EiTBko egiaztatzaile taldeak.

Eduki horietan, 600.000 erabiltzaile bakar baino gehiago sartu dira, eta horietako % 10ak koronabirusi buruzko buloak biltzen dituen atariaren bidez ikusi dituzte edukiak; gainontzekoek, berriz, zuzenean jo dute albisteetara.

Honako hauek izan dira orain arteko eduki ikusienak:

VOST Euskadi, Maldito Bulo eta La Mecánica del Caracol, bidelagun

Hain zuzen ere, hor agertzen diren bost eduki horiek, eta gainerako guztiak, egiaztatzaile taldearen lanaren emaitza izateaz gain, hilabete honetan aurkitutako bidelagunen laguntzaren emaitza ere badira.

Izan ere, buloei aurre egiteko xede horretan, EiTB VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin (Maldito Bulo atalaren bidez) ari da lankidetzan egun hauetan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badu.

koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoan eta 600 900 454 WhatsApp zenbakian koronabirusari buruzko argazki, bideo edo albiste susmagarrien inguruan abisua emateko aukera dute herritarrek.

Bertan jasotako abisuekin, eta gaiak egiaztatu ostean, fake news edota albiste faltsu horiek ezetatzen ditu egiaztatze talde batek, eta gai zehatz horren inguruan webgunean, irratietan zein telebistan sortzen diren egiazko albisteak eitb.eus/koronabuloak webgunean argitaratuko ditu.

Ez helbide elektronikoak ez WhatsApp zenbakiak ez dute inolako erantzunik emango. Datuak baieztatzeko erabilgarriak izan daitezkeen xehetasunak behar izanez gero bakarrik jarriko da EiTB bidaltzailearekin harremanetan.

eitb.eus atarian argitaratzeaz gain, EiTB Taldeak Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan dituen profiletan ere emango du horien berri.

Zerbitzu publikoa

EiTBk urrats hau ematea erabaki du euskal gizarteari ematen dion zerbitzu publiko gisa, besteak beste, herritarrek jasotzen duten informazioa fidagarria, egiaztatua eta kalitatezkoa dela bermatzeko. Are gehiago, azken egunotan, nahita edo nahi gabe, informazio faltsuak sare sozialak eta senideen eta lagunen WhatsApp taldeak betetzen ari direnean.

Horrela, nahi duen oro Euskal Irrati Telebista Taldearekin harremanetan jar daiteke koronabirusari buruzko edozein albiste susmagarriren berri emateko.

Bestetik, EiTBk albiste faltsuak identifikatzeko dekalogoa aireratu zuen albiste faltsuen kontra egin zuen "inFormazioa" kanpainaren baitan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena