Bake prozesua
Bakegintza
Maider Beistegi | eitb.com
Memoriaren Institutua, ETAko presoei bideratutako 'Hitzeman' programa, torturaren gaineko ikerketa eta 'sufrimenduaren mapa' dira, besteak beste, planaren berrikuntza nagusiak.
Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
1960tik 2013ra bitartean izandako Giza Eskubideen Urraketak Egiaztatzeko Txostena, Gernikan, Memoriaren eta Bizkidetzaren Institutua egitea, torturaren inguruko ikerketa, Gasteizko Legebiltzarrean, Bake Lantaldean, alberdi guztien arteko akordio txikiak bultzatzea, eta ETAko presoei bideratutako 'Hitzeman' programa dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak datozen lau urteetarako martxan jarriko duen Bake eta Bizikidetza Planaren ezaugarri nagusiak.
2013-2016 legegintzaldirako bakea behin betiko ezartzea eta bizikidetza normalizatu baterako oinarriak ezartzea dira Urkulluren Planaren helburuak. Horretarako, bi bide nagusi proposatzen ditu: bide politikoa; Legebiltzarreko Bake Lantaldean, bizikidetzaren alde, urrats txikiak emateko hiru testu proposatuta, eta bide soziala; prozesuan zer esana duten eragileen parte hartzea bultzatuta. Azken bide hau gauzatzeko 18 ekimen zehatz proposatu ditu datozen lau urteei begira.
Ia 80 orrialdeko proposamena hiru zatitan hezurmamitzen da; proiektua ("Ondoezetik ongizatera"), prozesua ("Mesfidantzatik konfiantzara"), eta programa ("Desadostasunetik adostasunera"). Lehen zatian, iraganari begiratzen dio planak, egoeraren diagnostikoa egiteko: "errealitatea aldatu egin da eta ez du bideragarria den atzerako bueltarik". Bigarren zatia, ostera, normalizazioaz ari da. Legebiltzarraren esku uzten du lan hori, eta hiru testu proposatzen ditu iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hiru konpromiso, hain justu.
'Sufrimenduaren mapa'
Hitzetik ekintzetara jotzeko 18 ekimen zehatz bultzatuko ditu Jaurlaritzak. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak 1960tik 2013ra bitartean euskal gatazkan jazotako Giza Eskubideen urraketak egiaztatzen dituen txosten bat egin du. Izen oneko lau aditu independentek egin dute txostena: azken 50 urteetako giza eskubideen urraketak sailkatu eta zenbatu dituzte, interpretazio eta baloraziorik egin gabe. Ez da kasuen ikerketa bat, baizik eta hurbilketa bat, lehendik dauden datuak bilduta.
Amaieran, 5.000 tortura salaketa izan direla jasotzen du lan horrek, eta torturok ikertzea gomendatzen dute lau adituek. Txostenaren helburua, "giza eskubideen urraketekin loturiko gertaera objektiboen kontakizunaren lehen zirriborroa egitea da, orain arte sakabanatuta dagoen dana biltzeko". Datozen egunetan aurkeztuko du lan hori Jaurlaritzak, prentsaurrekoan.
Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua
Eusko Jaurlaritzak Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua sortuko du Gernikan. Erakunde horretan memoari buruzko politika publikoak eta zentroen, espazioen edo ekitaldien sarearen sinergiak koordinatu eta dinamizatuko dira. Euskal gizarteak azken 80 urteotan pairatu dituen indarkeriazko eta biktimazioko lau testuinguru nagusien aurrean (gerra zibila, diktadura, ETA eta legez kontrako kontraterrorismoak) "memoria dekokratikoen ainiztasuna irudikatzen duen ondare kolektiboa kudeatuko du ".
Halaber, Euskal Herrian Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzen lagunduko du Jaurlaritzak. Zentro hori sortzea Espainiako Gobernuaren erantzunkizuna bada ere, Gasteizko Gobernuak "modu aktiboan" hartu nahi du parte, Batzorde Mistoan duen ordezkaritzaren bidez.
Torturari buruzko ikerketak eta ekintzak
Torturaren inguruko ikerketa zorrotza eta presoei zuzendutako 'Hitzeman' programa dira lehendakariak aurkeztutako planaren berrikuntza nagusiak. Planaren lehen zirriborroak jasotzen duenez, "salaketa asko, zalantza zentzudunak eta egia zantzuak gertatzen direnez, torturaren fenomenoak egiaz duen eraginari buruzko ikerketa zorrotz eta independente bat egiteko" aginduko du Jaurlaritzak, "dagozkion errekonozimenduko eta prebentzio neurriak hartzeko".
2014ko lehen hiruhilekoan aginduko da azterketa eta bi aldi bereiziko dira: 1960tik 1978ra bitarte; eta bigarrena, 1978tik 2013ra bitarte.
Espetxe politikari buruzko Hitzeman programa garatzea
Presoak bergizarteratzeko prozesua ahalbidetu nahi duen programan parte hartzeko bakearen eta bizkidetzaren aldeko behin betiko konpromisoari atxiki beharko zaio.
Izena eman ostean, Jaurlaritzak abian jarriko du programa, eta egoeraren arabera hainbat ibilbideren artetik hautatzeko aukera ematen du programa horrek. Txostenaren arabera, "terrorismo delituengatik kondenatutako presoek ibilbide horiek bere gain hartzea ahalbidetuko du, edo, hala badagokio, arinduko du bergizarteratze prozesuen aldeko txostena gauzatzea".
Ekainaren erdialdean aukeztuko zaie programa presoen elkarteei.
Ertzaintza
Ertzaintzak ertzainen partaidetza-prozesu bat sustatuko du Ertzaintzako Konpromiso Sozialaren inguruko proposamen bat egiteko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen alde.
Prozesu horrek hiru ardatz izango ditu: bizikidetza demokratiko lortzeko poliziaren giza eskubideetan eta oinarri etikoetan oinarrituriko prestakuntzako programa integrala, parte hartzeko eta gogoeta egiteko programa bat eta hartutako konpromisoen aldizkako ebaluaketa.
Planaren helburua testuinguru soziopolitiko berrian bakean, bizikidetzan eta giza eskubideen errespetuan oinarrituriko kultura finkantzen laguntzea da.
Biktimen testigantzak eskoletan
Patxi Lopezen Gobernuak abiatutako hainbat ekimeni eusten die Urkulluren Planak. Hezkuntza eremuan bizikidetza bultatzeko, berbarako, Gobernu sozialistak martxan jarritako biktimen testigantza programak jarraipena izango du. Testigantza horiek ikastetxe bakoitzaren arabera, presentzialak, idatzizkoak edota ikus-entzunezkoak izango dira.
Duela lau urte Lopezen Jaurlaritza gauzatzen hasi zen terrorismoaren biktimei laguntza, errekonozimendua eta ordaina ematen jarraituko du Urkulluren Gobernuak, Lehendakaritzari atxikitako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusitik bideratuta. Gainera, egungo legerian babesik ez duten biktimei ere laguntza emango zaie, 1960tik 1978ra motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak ere babestuta.
Bake eta Elkarbizitza Planaren lehen zirriborroa Eusko Legebiltzarraren esku dago dagoeneko. Orain, hiru hilabeteko epea zabalduko da, irailaren 20ra arte, Legebiltzarreko taldeen, elkarteen eta gizartearen ekarpenak jasotzeko. Txostena behin betiko 2013ko urrian onartuko da; ondoren, Europako erakundeen aurrean aurkeztuko dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa