14:52

albisteak

Sinadura

Belengo izarra Buenos Airesen urdina dena, gurean

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Zein ederra zinema etorkizunaz beteriko eta etorkizuna aldatzeko arma eta tresna dela ikustea!

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zinemaldi guztien artean, Berlingoa da sen politiko handiena duena. Dudarik gabe. Egia, zine festa edo batzar ia guztiek badute lotura politikarekin. Ez ahaztu pasa den mendeko buruzagi orok segituan ikusi zuela zinema arma eta tresna ikaragarria zela. Herria doktrinatzeko, herria kontrolatzeko, herriak, garaipenaren edo mendekuaren grinak jota, armak har zitzan, herria alegeratzeko, herria inguruko egoera edo errealitate latzarekin ahaztu zedin.

Buruzagi, lider den-denek sentitu zuten hori. Horrexegatik Leninek sostengatu eta bultzatu zituen Eisensteinen edo Pudovkin lan guztiak. Horrexegatik sortu zuen Mussolinik Veneziako Mostra. Horrexegatik idatzi zuen Francisco Francok Raza izenburuko pelikularen  gidoia, Jaime de Andrade izengoitia erabiliz.

Zinema arma, zinema tresna. Eskubideen alde, beren libertatearen alde, borrokatzen diren herrientzat ere bai. Horrexegatik Federico Garcia Lorcak Espainiako Errepublika garaian sortutako La Barraca ekimenean, pelikulak eramaten zituzten herriz herri. Kotxez zein gurdiz, plaza nagusiko pareta batean proiektatzen zituzten.

Zinema… Egun, bestelako hitzak maneiatu beharko genituzke, akaso. Irudia, esaterako. Mugitzen diren (eta mugiarazten gaituzten) irudiak. Edozein kamerak jasoak, edozein pantailatan (eskumuturreko erloju adimentsuetakoetan ere) ikus daitezkeenak. Irudi mugikorrak, gizakion (barne, buru, kanpoko) mugimendua areagotzen dutenak…

Politika da Zinema. Zinema da Politika, Eta hori askoz nabarmenagoa da Berlinalen. Izan ere, bitan banandua zen hiri batean jaio zen, sortu zuten. Helburu, intentzio zehatz batekin. Gerra Hotzak izozturiko munduaren bi zatien artean zubi izatea nahi izan zuten eratzaile horiek.

Artean (urte pila joan eta etorri behar, eraitsi arte…) Berlingo Hesiak zutik irauten zuen, baina Berlinalek izozte hura epeltzeko balioko zuen esperantzaz (maltzurkeria puntu batez ere) abian jarri zuten Internationale Filmspiele hura.

Politikoak izan dira beti zinemaldiak. Politikak bizi izan ditu. Zapuztu izan ditu. Kolokan, kinka larrian jarri izan ditu. Euskal Herriko eta Espainiako garai beltz eta  belztuetan, manifestazioek,  hilketek, protesta ekintzek isla  ikaragarria izan zuten Donostiakoan. Ez ahaztu Berlinekin, Cannesekin, Veneziarekin partekaturiko kategoria goi mailakoa galtzeko zorian izan zela. Ez ahaztu Medemen La pelota vasca edo Evoleren No me llame Ternera lanek sortu zituzten gatazka eta ika-mikak eta….eskandalu mami eta ziorik gabeak.

Aurtengo Berlinalek inoiz baino sen, joera, jarrera, bide politikoagoa hartu ditu. Hasi zenean, Ukrainako gerraren lehen bi urteak bete ziren. Hasi zenerako, urriaren 7ko triskantzaren ondorengo sarraskiak dar-dar bizian jarri eta jartzen zuen mundua.

Hasi baino astebete lehenago, AfD eskuin muturreko alderdiaren proposamen arrazista eta libertatearen aurkakoen kontra atera ziren kaleetara milaka lagun. Berlinaleko zuzendaritza taldeak erabaki gogorra baina askoa hartu zuen une hartan: ez zituen  Alternativa für Detschland partiduko kideak, ordezkariak, gonbidatuko. Ez emanaldietara ez bestelako zinema ekintzetara.

Harrotu ziren haizeak eta bazterrak asaldatu, baina irmo eutsi zioten erabakiari.

Latzak dira gaurko egunak munduan. Eta zinemak islatu egin ditu. Berlinale aurtengoaren saridunen artean badira  film braboak, kamera lepoan harturik edo poltsikoan ezkutaturik,  filmatuak, hala nola No Other Land. Bertan, kontatzen da gaurko gerra (edo) lehertu aurretik zein maneratan birrintzen zituen Israelgo armadak Gazako kokaleku palestinarrak.

Azken gauean, Carlo Chatrain eta Mariëtte Rissenbeek Berlinaleko zuzendariek zera aitortu zuten penaz itxiera zeremonian: 'Mundu hobea eraikiko genuela uste genuen denok, baina ez, ez dugu asmatu'.

Klausura hartan  saridun ugarik mundua hobetzen lagatzen ez duten gobernuen kontra agertu ziren biziki, sutsu, ozen. Molestatu ziren agintari eta hedabide saldo bat. Olaf Scholz lehen ministroak ere azalpenak exijitu zizkion zuzendaritza taldeari…

Gaizki pasa dituzte, bai, gau eta egun hauek Berlinaleko kudeatzaileek, baina ai zein ederra zinema, mugitzen den, mugiarazten gaituzten irudi mugikor horiek etorkizunaz beteriko eta etorkizuna aldatzeko (bederen, aldatzen saiatzeko…) arma eta tresna dela ikustea!

Eta irudi horietako bi aipatzearren,  ez ahaztu Berlingo zeru gurea, non aingeruek deskubritu izan zuten gizatiarrak zirela. Zeru horren pean bazen  pelikula majo-majoa, gazte eta misteriotsua. Los tonos mayores du izenburu, Ingrid Prokopek zuzendua da eta bertan, Hegoko Gurutzea konstelazioari begiratzen dion neskatoak hitzordu estrainoa du Belengo Izarra izeneko kafetegi batean. Egunen batean iritsiko da gure aretoetara. Bitartean, egiozue bisita Donostiako Zinemaldian Epaimahai Gaztearen ikurra eskuratu zuen La estrella azul horri. Ez zarete damutuko. Zinema, jo ta ke, guapo demonio.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena